Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketaren 3´garren edizioa

0
  • Lehiatuko diren lanez gain, Zinemaldiak euskal esparruko zinemagile prestigiotsuei eskatutako film laburrak bilduko ditu Eusko Label sailak lehiaketaz kanpo
  • Gehienez hiru minutuko iraupena duten lanak, telefono mugikorrarekin egindakoak
  • Filmen gaiak landa- eta itsasertz-inguruneak eta lehen sektoreak hiri-gizarteari egiten dioten ekarpena zabaltzea sustatzen du

Donostia Zinemaldiak eta  Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketaren hirugarren edizioa deitu dute. Ekimenaren helburua da Euskadiko gertuko produktua zinemaren bitartez zabaltzea, bai eta gure nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-munduko jasangarritasunarekin lotutako guztia bultzatzea eta ezagutaraztea ere.

Aurten ere, Eusko Label sailak lehiazko film laburrak ez ezik –6.000 eta 4.000 euroko sari bana izango dira–, Zinemaldiak euskal esparruko ospe handiko zinemagileei agindu dizkien hainbat film labur ere bilduko ditu lehiaketaz kanpo. Iaz Mikel Gurreak, Andrea Jaurrietak, Borja Crespok, Iratxe Fresnedak eta Jaiona Cambordak hartu zuten parte.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua den Amaia Barredo´k lankidetza honen garrantzia azpimarratu du, nabarmenduz kultura eta zinema tresna oso baliotsuak direla gizartea sentsibilizatzeko landa eremuaren eta lehen sektorearen garrantziaz, bai eta hauek gure ongizate kolektiboari egiten dizkioten ekarpen guztiez ere.

Lehiaketa

Film laburren izen-ematea egiteko, Zinemaldiaren webgunera jo beharko da gaurtik hasita abuztuaren 17ra arte. Lanek gehienez hiru minutu iraungo dute, eta telefono mugikorraz eginda egongo dira. Filmen gaia Eusko Label sailaren xedeekin lotuta egon beharko da; izan ere, Euskadiko landa-inguruneak, kostaldeak eta lehen sektoreak hiri-gizarteari egiten dion ekarpenari buruzko mezu positiboak zabaltzeko asmoa du.

Zinemaldiaren Hautespen Batzordeak sei film labur aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean, eta adituz osatutako epaimahai batek erabakiko ditu Eusko Label bi sarien irabazleak. Lehenak 6.000 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak, 4.000 euro. Bi film garaileak Zinemaldian emango dira, eta sariak amaierako galan banatuko zaizkie.

Lehiaketaz kanpo

Lehiazko sei lanez gain, aurten ere Eusko Label sailak Donostia Zinemaldiak ekoitzitako film laburrak izango ditu, Eusko Jaurlaritzak HAZIren bitartez transmititu nahi dituen balioak sustatzeko euskal esparruko hainbat zinemagileri aginduko dizkienak. Zinemaldia film labur horien eskubideen jabe izango da, eta Estatuan eta nazioartean zabalduko ditu, Eusko Label ekimena Euskaditik kanpo ere jakinarazteko.

Donostia Zinemaldiak Euskadiko lehen sektorearekin eta jasangarritasunarekin daukan konpromisoaren parte da Eusko Label. Horren bidez, karbono-aztarna txikitzeko askotariko neurriak hartu dira, baita ingurumenaz dibulgatzeko eta kontzientziatzeko ere, esaterako, Agenda 2030 Euskadi Basque Country Saria ekimenekin batera.