- Gobernu Kontseiluak uztailaren 22an onartu zuen sari hori ematea, Lehendakariak berak proposatuta, Urzak euskal kultura kanpoan zabaltzeko egindako lanagatik
- Imanol Pradales Etxepare Euskal Institutuaren eta NABOren (North American Basque Organizations) arteko lankidetza-hitzarmenaren sinaduraren buru izan da, Estatu Batuetako Euskal Etxeetan euskararen irakaskuntza bultzatu eta sendotzeko
Lehendakariak ‘Lan Onari’ saria eman dio Carmelo Urza Larrauriri, Renoko Unibertsitateko Filologia Hispanikoko doktoreari, esparru akademikoan egindako lanagatik eta kanpoan euskal kultura zabaltzen egindako ekarpenagatik. Sari hori ez zen 2012tik ematen, eta Gobernu Kontseiluak uztailaren 22an onartu zuen, Imanol Pradalesek berak proposatuta.
Carmelo Urza Larrauri (Sestao, 1948) Filologia Hispanikoan doktorea da Renoko Unibertsitatean eta, oso gazterik Estatu Batuetara bizitzera joan bazen ere, bere euskal sustraiak mantentzeagatik eta Euskadiren eta Estatu Batuen arteko harremanak estutzeko lan egiteagatik nabarmendu da beti. Lan horren adierazle nagusia 1982an USAC (University Studies Abroad Consortium) sortzeko bultzada izan zen. Partzuergo unibertsitario horren helburua Amerikako mendebaldeko ikasleen eta Euskal Herrikoen artean zubiak eraikitzea da eta, EHUrekin egindako hitzarmen baten bidez, egonaldiak antolatzen ditu Euskadira hizkuntza eta kultura, artea, ekonomia edo enpresen administrazioa ikastera hurbiltzen diren ikasle-talde iparramerikarrentzat.
Sortu zenetik, Estatu Batuetako eta hogei herrialde baino gehiagoko milaka ikaslek egonaldiak egin dituzte Euskadin, eta horietan, ezagutza akademikoak eskuratzeaz gain, euskal kultura ezagutzeko aukera izan dute. Era berean, ehun irakasle iparramerikarrek baino gehiagok beren irakasgaiak eman dituzte partzuergo horrek antolatutako euskal programetan.
“Espero dut sari honek esker oneko keinu gisa balio izatea, Carmelo; izan ere, benetan uste dut euskaldunok asko eskertu behar dizugula Euskal Herriaren alde munduko txoko honetan egin duzun guztiagatik”, esan du Lehendakariak.
Imanol Pradalesek azaldu duenez, Carmelo Urzaren izena entzun zuen lehen aldia berarekin batera metroan zihoazen bi ikasle estatubatuar gazteren ahotik izan zen. “Egia esan, urte haietan ez zen ohikoa ezaugarri horiek zituzten gazteak Bilboko erdigunean ikustea… Nire lankideak esan zidan: “Ziur USACen programakoak direla. Carmelo Urza izeneko batek zuzentzen du”. Eta programa —aitortu du— interes handiko ekimena iruditu zitzaidan. Eskertzen eta txalotzen dut zure ikuspegia, Carmelo”.
Era berean, bere hitzaldian, Lehendakaria euskal diasporako ordezkariei zuzendu zaie Eusko Jaurlaritzak kanpoan duen komunitateari egindako harreran. Bertan izan dira, besteak beste, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako idazkari nagusia, Conchi Aranguren Euskadik Estatu Batuetan eta Kanadan duen ordezkaria, Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako kideak, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea, Etxepare Euskal Institutua eta Oñatiko Udala.
“Euskal diasporaren ezaugarri bereizgarri bat dago: gure identitate kolektiboari eusteko dugun borondate irmoa eta komunitatea eraikitzeko dugun gaitasun izugarria”, azpimarratu du Imanol Pradalesek, Eusko Jaurlaritzaren ‘Euskadi Globala’ estrategian funtsezko eragile direla aitortu ondoren.
Lankidetza-hitzarmena
Etxepare Euskal Institutuak eta NABOk (North American Basque Organizations) lankidetza-hitzarmena sinatu dute aurretik, Estatu Batuetako Euskal Etxeetan euskararen irakaskuntza bultzatu eta sendotzeko. Akordio estrategiko honek Eusko Jaurlaritzak euskal diasporarekin duen konpromisoa indartzen du eta euskara komunitatearen kohesio-elementu gisa finkatzen laguntzen du.
Ekitaldia NABOk urtero Boisen egiten duen biltzarraren baitan egin da, eta bertan izan dira Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendaria.
Etxeparek 2018tik kudeatzen duen Euskara Munduan programaren barruan kokatzen da akordioa. Programaren helburua da mundu osoko euskal komunitateen artean euskararen ezagutza zabaltzea eta belaunaldi berriei transmititzea. Aurrerapauso handia da, lehen aldiz hartzen baitu NABOk konpromiso formala euskararen irakaskuntzarekin eta sustapenarekin.
Lehendakariak pertsonalki eskertu du euskararen defentsa eta sustapena: “eskerrik asko benetan gure herriaren sua hain urrun bizirik mantentzeagatik”. “Berrogei Euskal Etxe, gure kultura, hizkuntza eta tradizioak bizirik mantentzen dituztenak gure Aberritik 8.000 kilometrora. Euskal herritar guztientzat erreferentzia izan ziren eta oraindik ere diren enbaxadorerik onenak dira”, nabarmendu du Lehendakariak.
Kanpoan bizi diren euskal gizataldeek, Imanol Pradalesentzat, zeregin erabakigarria betetzen dute ‘Euskadi Globala’ estrategian. “Diasporaren potentzial berriak zuekin guztiekin aztertu nahi ditugu. Eta baita ‘affinity diaspora’ garatu ere. Hau da, euskal gizartearen lagunak bilatzea, talentua indartzea eta, diasporaren alderdi kulturalaz gain, arlo soziala, pertsonala edo ekonomikoa jorratzea. Izan ere, bizkor mugitzen ari den mundu globalizatu honetan, ausardiaz baliatu behar dugu gure komunitatearen indarra. Ziur nago lortuko dugula”, esanez amaitu du.