Lore Bilbao Osakidetzako Zuzendari Nagusiak Bidasoa Eskualdeko asistentzia-kalitatearekiko eta zerbitzuen modernizazioarekiko konpromisoa berretsi du

0

Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari berriak Bidasoa Eskualdeko Ospitalea bisitatu du gaur goizean, Pedro Morrondo Bidasoako ESIko gerente berriaren aurkezpena dela eta. Pedro Morrondok Marisa Merino ordezkatuko du, abuztutik aurrera ez baitu karguan jarraituko.

Lore Bilbao zuzendari berria joan den lehen ESIa da, Osakidetzak Bidasoako ESIan Osasun Zerbitzu Publikoa indartzearen alde egiten duen apustu garbia berresteko. Erakunde horrek osasun-zerbitzua ematen die Irungo, Hondarribiko eta Nafarroako Bortzirietako 100.000 biztanle ingururi.

Pedro Morrondo gerente berriak bere gain hartu du Bidasoarako Osasun Plan Integralaren bultzada bizkortzeko zeregina eta konpromisoa. Plan hori Alberto Martinez Osasun sailburuak duela hilabete batzuk hitzemandakoa da, eta Eusko Jaurlaritzak ez du minutu bat gehiago ere galdu nahi.

Asistentzi-zerbitzuak lehenbailehen berrekiteko eta sendotzeko konpromisoa

Bidasoa ESIko zuzendaritza-taldearekin batera egin duten bileran, Lore Bilbaok eta Pedro Morrondok iragarri dute abuztuan zehar, eta garai horretako zailtasunak zailtasun, Irun eta Hondarribiko biztanleek urologia-zerbitzua berreskuratzeari dagokionean, haur eta gazteen psikiatria-zerbitzuan eta pediatria-eredua sendotzean -lehen mailako arreta indartuz – aurreikusten diren aurrerapenen berri izango dutela.

Osakidetzako zuzendari nagusiak azaldu duenez, «astebete da Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia nire gain hartu nuela, eta gure lehentasunetako bat, hain zuzen ere, Bidasoa izan da. Gaurdanik, gerentzia berri bat daukagu, Donostialdeko ESIko gerente berriarekin lankidetzan aritzeko dinamika berri bat, eta datozen asteetan urrats sendoak emango ditugu herritarrek gehien eskatzen dituzten zerbitzuak berrezarri eta finkatzeko «.

50 milioiko Bidasoarako Plan Integrala, Eusko Jaurlaritzak konprometitua

Bidasoa Eskualdea osasun-asistentziaren arloan inoiz aurreikusitako bultzadarik handiena bizitzen ari da, 50 milioi euro inguruko inbertsioarekin datozen urteetan, Alberto Martínez Osasuneko sailburuak agindutako Plan Integralean islatuta. Plan Integral honek aurreikusten du anbulatorio berri bat eraikitzea Oinaurre auzo berrian, eta beste anbulatorio bat, Elitxu kaleko LHko egungo zentroaren partzelan, etorkizunean Gipuzkoa Etorbideko Irun Zentroko anbulatorioa ordezkatuko duena. Horrez gain, Hondarribian dagoen Eskualdeko Ospitalea modernizatzea aurreikusten du, kanpoko blokeak jarri dira dagoeneko eta, hartara, administrazio-zerbitzu osoa lekuz aldatuko da, eta horri esker, ebakuntza-gela berriak eta suspertze-unitate bat eraiki ahalko dira Ospitalearen barruan.

Zuzendari gerente berriak profesionalei entzutea

Pedro Morrondo zuzendari gerente berriak bere kudeaketa ESIko profesional guztiei entzunez hasteko konpromisoa adierazi du. “Lehen egun honetan, ESIaren jardueraren eta espazioaren dimentsioa hartu behar dut, baina bihartik aurrera profesionalei entzutean oinarritutako lan-metodologia bat zabalduko dut. Modu ordenatuan izango da, eta behar adina denbora emango du hitz egin behar duen orok egin ahal izan dezan. Kalitatezko informazio asko biltzea espero dut, ondoren erakundeen eta herritarren entzute prozesuari ekiteko, Bidasoako ESIa asistentzia-kalitate goreneko espazio bihurtzeko».

Pedro Morrondo, Bidasoako ESIko zuzendari kudeatzaile berriaren PROFILA

Pedro Morrondo Valdeolmillos izendatu dute Bidasoako ESIko gerente, Marisa Merinoren ordez.

Morrondo mediku intentsibista da, Medikuntzan lizentziatua Valladolideko Unibertsitatean eta Medikuntza Intentsiboan espezialista. 1999. urteaz geroztik, Osakidetzari lotuta dago. Lehenengo, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean mediku espezialista laguntzaile gisa aritu zen, eta, 2022tik 2023ra, Kudeaketa Sanitarioko Unitateko mediku gisa ere aritu zen. 2023ko ekainetik gaur arte Debagoiena ESIko zuzendari mediko izan da.

Bere ibilbidean zehar, proiektu estrategikoetan izan duen inplikazioagatik nabarmendu da, hala nola, Osakidetzan informazio klinikoko sistemen garapena (ICCA), Medikuntza Intentsiboko Espainiako Sozietatearen (SEMICYUC) Ebaluazio Teknologikoko eta Ikerketa Metodologiako Taldearen (GETMIN) koordinazioa, eta hamarkada batez Bihotzez Sarean – Infartu Kodea proeiktuan- parte hartu izana. Argitalpen zientifikoak ditu eta liburu-kapituluak koordinatu ditu Medikuntza Intentsiboaren arloan. Horrez gain, SEMICYUCek Ekokardiografian egiaztatutako gainbegiralea da.