Euskadik osasun-asistentzia emango die Gazatik iritsitako 6 adingaberi

0

Gazako Zerrendatik datozen beste 6 adingaberi osasun-laguntza emango die Euskadik. Atzo, uztailak 31, osteguna, sei adingabeak iritsi ziren Euskadira, senitartekoekin batera, Osakidetzan osasun-laguntza jasotzeko. Euskal Osasun Zerbitzuak adingabe horietako 3 Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean tratatuko ditu, eta beste 3 Donostia Unibertsitate Ospitalean.

13 adingabe Espainiara etorri dira hegazkin medikalizatuan Jordaniatik, eta horietatik 5 Euskadin artatuko dira, gainera adingabeetako baten ahizpari ere emango zaio osasun-asistentzia. 6 hilabete eta 14 urte bitarteko adingabeek era askotako patologiak dituzte: erredurak, bihotzeko eta onkologiako arazoak edo giltzurrunetako gaixotasunak, besteak beste. Asteburuan zehar, paziente bakoitzari balorazio klinikoa eta analitikoa egingo zaio, bai eta behar izango duten tratamendua zehazteko beharrezko probak ere.

Aurrekoetan bezala, haurrek eta haien senideek errefuxiatuentzako irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatutako baliabideetan hartuko dute ostatu. Baliabide horiek hainbat zerbitzu eta jarduera eskainiko dituzte harreraren barruan, hala nola ostatua, mantenua eta oinarrizko premien estaldura; baita arreta integrala ere, hau da, informazioa eta orientazioa, laguntza, laguntza psikologikoa eta juridikoa, eta itzulpen- eta interpretazio-zerbitzua.

ELKARTASUNA ETA LANKIDETZA

Europako Batzordearen Larrialdiei Erantzuteko Koordinazio Zentroak eta OMEk babestutako Ebakuazio Medikoaren (MEDEVAC) prozeduraren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak hilabeteak daramatzate elkarlanean eta lanean Gazako haur palestinar horiek ebakuatzen laguntzeko.

Sei adingabe horien etorrerarekin, dagoeneko 21 dira Euskadin artatutako pertsona gazatarrak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak parte hartzen duten hirugarren ebakuazioa da, OMErekin eta Ministerioarekin batera. Iazko uztailaren 25ean, Euskadik osasun-arazo larriak zituen 9 adingabe eta ama bat hartu eta artatu zituen; eta apirilaren 4an, Osakidetzak beste 5 adingabe artatu zituen.

Euskadiren elkartasunaren keinu bat da, bai harrerarako, bai osasun-laguntzarako, eta baita erakunde guztien lankidetza ere, pertsona horiei arreta eman ahal izateko.