Gurutzetako eta Donostiako unibertsitate-ospitaleetako Osakidetzako pediatria-taldeetako arduradunek, egindako lehen balorazioen ondoren, adierazi dute Osakidetzan osasun-laguntza jasotzen ari diren Gazako 6 pazienteak egoera kliniko egonkorrean daudela. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Javier Ayala eta Miguel Ángel Vázquez pediatrek azaldu dutenez, hasiera batean adingabeak ez dira ospitaleratuta egongo, «hemen izango dituzten etxeetan egongo dira eta astero kontsultetan ikusiko ditugu», gaixotasun onkologikoa duen eta Donostia Unibertsitate Ospitalean ospitaleratuta dagoen neskato bat izan ezik. «Printzipioz, ez dute plantan ingresatuta egon beharrik. Ematen dizkiegun jarraibideekin etxean errekuperatuko dira eta astero kontsultetara joango dira», adierazi dute.
Halaber, pediatrek adierazi dutenez, Gurutzetako Ospitalean artatzen den neskatoetako batek eta haren senideek nutrizio-egoera eskasa dute, «baina berreskuragarria da, eta, kasu horretan, lehenik eta behin nutrizio-egoera berreskuratu behar da, beste ekintza batzuk ebaluatu aurretik», gaineratu dute.
Atzo, uztailak 31, osteguna, iritsi ziren Euskadira adingabeak senideekin batera, Osakidetzan osasun-laguntza jasotzeko. Euskal Osasun Zerbitzuak adingabe horietako 3 Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean tratatuko ditu, eta beste 3 Donostia Unibertsitate Ospitalean.
13 adingabe Espainiara etorri dira hegazkin medikalizatuan Jordaniatik, eta horietatik 5 Euskadin artatuko dira, gainera adingabeetako baten ahizpari ere emango zaio osasun-asistentzia. 6 hilabete eta 14 urte bitarteko adingabeek era askotako patologiak dituzte: erredurak, bihotzeko eta onkologiako arazoak edo giltzurrunetako gaixotasunak, besteak beste. Datozen egunetan, paziente bakoitzari balorazio klinikoa eta analitikoa egingo zaio, bai eta behar izango duten tratamendua zehazteko beharrezko probak ere.
Aurrekoetan bezala, haurrek eta haien senideek errefuxiatuentzako irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatutako baliabideetan hartuko dute ostatu. Baliabide horiek hainbat zerbitzu eta jarduera eskainiko dituzte harreraren barruan, hala nola ostatua, mantenua eta oinarrizko premien estaldura; baita arreta integrala ere, hau da, informazioa eta orientazioa, laguntza, laguntza psikologikoa eta juridikoa, eta itzulpen- eta interpretazio-zerbitzua.
ELKARTASUNA ETA LANKIDETZA
Europako Batzordearen Larrialdiei Erantzuteko Koordinazio Zentroak eta OMEk babestutako Ebakuazio Medikoaren (MEDEVAC) prozeduraren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak hilabeteak daramatzate elkarlanean eta lanean Gazako haur palestinar horiek ebakuatzen laguntzeko.
Sei adingabe horien etorrerarekin, dagoeneko 21 dira Euskadin artatutako pertsona gazatarrak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak parte hartzen duten hirugarren ebakuazioa da, OMErekin eta Ministerioarekin batera. Iazko uztailaren 25ean, Euskadik osasun-arazo larriak zituen 9 adingabe eta ama bat hartu eta artatu zituen; eta apirilaren 4an, Osakidetzak beste 5 adingabe artatu zituen.
Euskadiren elkartasunaren keinu bat da, bai harrerarako, bai osasun-laguntzarako, eta baita erakunde guztien lankidetza ere, pertsona horiei arreta eman ahal izateko.