Barneko zuzendaritzak kanpaina bat zabaldu du landa-eremuan suteak prebenitzeko

0

Sutea prebenitzea da itzaltzeko sistemarik eraginkorrena. Premisa horretatik abiatuta, Barneko Zuzendaritza Nagusiak kanpaina bat zabaldu du landa-eremuan suari aurrea hartzeko: herriak, baserriak, kanpaldiak eta abar, «Izan konponbidearen parte» lelopean. Hala, argitaratutako aholkuek etxebizitzaren inguruan material erregairik ez pilatzera animatzen dute, bai eta suak, barbakoak edo txinpartak sortzen dituzten tresnak sahiestea ere, arrisku-indizea oso handia edo muturrekoa denean.

Etxebizitzaren inguruan 10 metroko perimetroan landaredi lehorra, egurra eta bestelako elementu sukoiak garbitzea ere neurri eraginkorra da. Horrez gain, etxearen inguruko landaredia 30 metroko erradioan garbitzea gomendatzen da.

Kanpoaldean ur-puntu bat edo gehiago instalatzea ere oso erabilgarria izango da sutea gertatuz gero. Era berean, komeni da barbakoak sukoia ez den gainazal baten gainean jartzea eta horiek “txinpartak ezabatzeko” gailuarekin hornitzea.

Beste prebentzio-neurri orokor bat, herrian baso-suteetarako udalak duen jarduketa-plana, zer neurri aurreikusten dituen, bilgunea eta aurreikusitako ebakuazio-bideak ezagutzea da.

Publizitate-kanpaina osatzeko, sutea gertatuz gero nola jokatu aholkatzen duten ikus-entzunezko materialak erabiltzen dira: 112 telefonora deitu eta gertatzen ari denari buruzko informazio argia ematea, objektuak salbatzeko arrisku pertsonalak saihestea eta agintarien zein larrialdi-zerbitzuen jarraibideak betetzea. Ebakuazio-agindua jaso ezean, komeni da etxean konfinatzea, ateak eta leihoak ixtea, baita gasa, gasolioa edo beste erregai batzuen pasabidea ere. Egoera horretan, 112ari jakinarazi behar zaio konfinamendua eta etxebizitzaren kokapena, larrialdi-taldeek ebakuazio-ibilbide seguruena adieraz dezaten.

Publizitate-kanpaina datozen egunetan zabalduko da Nafarroako prentsa digitalean, tokiko irratietan eta sare sozialetan.

Nafarroako Gobernuaren webgune honek prebentzio-ekintza guztiak, suaren erabilerari buruzko araudia eta arrisku-indize eguneratua biltzen ditu.