MIR plaza esleitzeko tasa %87,4koa izanik – batez bestekoa %65,7koa da-, estatuko unibertsitateen rankingeko podiumean kokatu da EHU 2024-2025 deialdian, Osasun Ministerioak argitaratutako datuen arabera. EHUren Osasun Komisionatu eta Medikuntza eta Erizaintza fakultateko dekano ohi Joseba Pinedaren esanetan, “Medikuntzako graduan egiten ari den irakaskuntza-kudeaketa onaren eta irakasle bikainak eta praktika egokiak izatearen ondorio dira emaitza horiek». Izan ere, ikasleen maila oso altua dela nabarmendu du, Pinedak.
Honela, azken 10 urteetan gutxienez, EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultatea estatu mailako ranking batean lehen hiru postuen artean kokatu da lehen aldiz.
EHUko bost graduatu, BAME probetako 100 nota onenen artean
EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko bost graduatu kokatu dira aurten Barneko Mediku Egoiliarrentzako (BAME) azterketako 100 kalifikazio onenen artean. Azterketa urtarrilaren 25ean egin zen eta datuok otsailean egin ziren publiko. BAMEko TOP100eko %5 Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek hartu dute, nahiz eta aurkeztutako hautagaien %2 inguru baino ez izan.