
EHUk egiten duen itsas-gaindiko lehenengo akordioa da eta ikerketa taldeen arteko aliantzak sustatzea, hezkuntza eleanitza sustatzeko irakasleen praktika aldiak erraztea, berrikuntza pedagogikoa eta unibertsitate bien artean ikasleen mugikortasuna sustatzea bilatzen du akordioak, besteak beste.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore Joxerramon Bengoetxeak eta Boise State Universityko jarduneko errektore Jeremiah Shinnek sinatu dute Elkar Ulertze Memoranduma (MOU), bost urtean behin ospatzen den Jaialdiren testuinguruan. Modu horretan, unibertsitate biek adierazi dute elkarrekin lan egiteko asmoa Itsas-Gaindiko Campusaren baitan. Marko dinamiko eta berritzaile bat eskainiko du nazioarteko lankidetzarako hezkuntzaren, ikerketaren, ikasleen mugikortasunaren eta ezagutzaren transferentziaren inguruko erronka partekatuetan. Memorandumak finkatutako interes komunen inguruan garatuko dira, hain justu, datozen hilabeteetan martxan jarriko diren proiektuak. Sinatze ekitaldian, unibertsitate bietako kideekin batera Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusi Ander Caballero ere izan da.
Bengoetxearen esanetan, “akordioak aukera ematen die bi unibertsitateei euren nazioarteko dimentsio eta proiekzioa zabaltzeko berrikuntzaren eta teknologiaren garapenean biek ala biek eskatzen baitituzte estrategia partekatuak, sinergia globalak eta aliantza sendoak”. Era berean, azpimarratu du lankidetza honek ahalbidetuko dituela, batetik, kultura arteko proiektuetan sakontzeko interesa duten ikasleen mugikortasun programak, eta bestetik, ikertzaileen arteko ikerketa-lerro berriak abiatzea elkarlanean, memorandumak abiapuntu hartzen dituen ingeniaritzan, biomekanikan, nano materialetan edo konputazio kuantikoan.
Izan ere, lehenengo hitzordu hori baliatu dute unibertsitate bietako ingeniaritza eskoletako ikertzaileek lan saio bat egiteko eta etorkizunean elkarrekin lanean hasi daitezkeen ikerketa lerroak identifikatzen eta definitzen hasteko.
Joxerramon Bengoetxea errektoreak, Gotzone Bengoetxea Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak eta Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazio errektoreordeak osatutako EHUko ordezkaritzak bat egin du Imanol Pradales lehendakariarekin eta Boisen egiten den Jaialdian parte hartu duten gainerako euskal ordezkaritza instituzionalarekin. Horiekin batera, Iñaki Goirizelaia errektore ohia eta EHUko ingeniaritza alorreko sei ikerlari ere izan dira.
Nazioarteko aliantzak
EHUk aspaldi hasitako nazioartekotzeko bidea finkatu eta aliantza estrategikoa indartzeko helburuarekin sortu da Itsas-Gaindiko Campusa. Hala, EHUk ezarri eta birdimentsionatzen jarraitu nahi duen nazioartekotze-estrategiaren parte da. Izan ere, EHUk, besteak beste, hamarkada bat darama Mugaz Gaindiko Campusaren baitan lankidetzan Bordeleko Unibertsitatearekin, Enlight osatzen duten Europako unibertsitateekin aliantza sendotzen eta Latinoamerikako unibertsitateekin proiektu amankomunak garatzen, Graduondoko Sare Latinoamerikarraren bitartez.