Ollo lehendakariordeak Argentinako nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizle talde bat hartu du Nafarroako Jauregian

0

Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok harrera egin dio gaur eguerdian Argentinako Errepublikatik etorritako nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpenean diharduten ia 30 laguneko taldeari. Topaketa Foru Gobernuak Nafarroa kanpoan proiektatzeko dituen harremanetan kokatzen da.

Harrera instituzionalean eta pertsona talde honi Nafarroari ongietorria eman ondoren, Ollo lehedakariordeak atzerrian dauden nafar komunitateen eta Foru Komunitatearen arteko loturak azpimarratu nahi izan ditu, Argentinako zentroen kasuan atzerrian dauden nafar gehienak batzen dituztenak hain zuzen ere. «Bereziki, gure tradizioak eta nortasun-ezaugarriak zabaltzeko egin duzuen lan garrantzitsuagatik, Ameriketara bizimodu hobe baten bila iritsi ziren nafar haien ondorengo gisa», adierazi du Ollok.

Halaber, egonaldi oparoa opa die Nafarroako hainbat herri eta leku zeharkatzen ari diren egun hauetan, bai eta beren jarduera nagusiki lehen sektorean ardazten duten entitateak zein enpresak ezagutzen ere.

Azkenik, Ollo presidenteordeak gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Nafarroako herritarrekin atzerrian egiten duen lana, NEXT Estrategiaren bidez. Estrategia horrek Foru Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonekiko lotura sustatzen du, haien itzulera errazteko, lan-sareak sortzeko, talentu-ihesa saihesteko eta Nafarroa munduan sustatzeko. Ildo horretan, gogora ekarri behar da Bolivar, Buenos Aires, Mendoza eta Rosarioko nafar zentroetako gazte talde batek berriki parte hartu duela Nafarroako Gobernuak antolatutako Udako Eskolen programan.

Harrera instituzionala egin aurretik, argentinar herritar talde honetako kideek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte Nafarroako Gobernuaren egoitza instituzionala den Nafarroako Jauregiko gela nagusiak. Horien artean azpimarratzekoa da Tronuaren Aretoa, bertan egin baita harrera, Nafarroako Jauregiko gela nagusia. Bertan, Nafarroako Erresumaren historiako pasarte eta pertsonaia nagusiak irudikatzen dira, 1861 eta 1865 bitartean garaiko areto frantsesen antzera apaindua izan zena, dekorazio oparo batekin, hormez, sabaiaz eta zoruaz gain.
Era berean, Tronu Aretoaren ondoan dagoen kaperaren eta Isabeldar Aretoaren azalpen zehatza jaso dute. Gela horrek Jauregiaren jatorrizko dekorazio-giroa hobekien gordetzen du.