- Gaubean, Amurrion, Argantzonen, Santikurutze Kanpezun, Zalduondon eta Bastidan emango dira kontzertuak, abuztuaren 7tik 24ra bitartean
Arabako Musika Klasikoaren 2025eko Zikloak berriz beteko du musikaz abuztua, eta sei kontzertu egingo dira Arabako beste hainbeste herritan: Uribarri Gaubea, Amurrio, Argantzon, Santikurutze Kanpezu, Zalduondo eta Bastida.
Zikloa sortu zenetik, Donostiako Musika Hamabostaldiaren laguntza izan du, eta horregatik aurkeztu dute prentsaurreko batean Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Patrick Alfaya Donostiako jaialdiko zuzendari artistikoak.
«Ziklo honek aukera ematen du kalitate handiko musikaz gozatzeko lurraldeko ingurune berezietan. Udaro jendea proposamen horren oso zain egoten da, eta kultura eskaintza deszentralizatzea eta musika klasikoaren eta gure ondarearen arteko lotura indartzea ahalbidetzen du», adierazi du Del Valek.
Sei kontzertuek aniztasun estetiko eta geografiko handiko programak eskainiko dituzte, euskal konpositoreen eta nazioartekoen eta egungo musika panoraman erreferentzia diren interpreteen lanekin.