Leandro Azkue: “Abuztuaren 4ra arte, euskal flotak 7.100 tona hegaluze arrantzatu ditu, estatuko arrantza guztien % 60”

0
  • Euskal lonjetan lehenengo salmentako batez besteko prezioa 3,90 €/kilora iritsi da
  • Hegaluzearen arrantzaren 2025erako estatuko kuota 26.000 tonakoa da

Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura sailburuordeak adierazi duenez, 2025erako hegaluzearen arrantzarako Estatuko kuotaren barruan (26.000 tona), “abuztuaren 4ra arte 12.150 tona harrapatu dira, kuotaren % 47. Kopuru horretatik, euskal flotak 7.100 tona arrain harrapatu ditu, estatuko arrantza guztien % 60 inguru. Euskal lonjetan lehenengo salmentako batez besteko prezioa 3,90 €/kilora iritsi da”.

Lehorreratzeei dagokienez —zehaztu du Leandro Azkuek—, kontuan hartu behar da gure flotak beste erkidego batzuetako portuetan lehorreratzen dituela harrapaketetako batzuk, eta gure portuetan ere deskargatzen direla beste batzuk».  Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan 6.000 tona lehorreratu dira guztira, honela banatuta:

Lehorreratze-lekua Kgk Batez besteko prezioa
BERMEO 550.000 3,75 €/kilo
ONDARROA 1.800.000 3,10 €/kilo
GETARIA 2.000.000 3,96 €/kilo
PASAIA 115.000 3,40 €/kilo
HONDARRIBIA 1.500.000 3,81 €/kilo

 

Antxoaren arrantza-aldiari dagokionez, Estatuko 28.600 tonako kuotatik, Euskadiri 8.000 tona esleitu zitzaizkion: 7.200 tona urteko lehen seihilekorako eta 800 tona urteko bigarren seihilekorako. Bada, ekainaren 10erako euskal flotak lehen seihilekoari zegokion zatia arrantzatu zuen, eta, ordutik aurrera, gure itsasontzi gehienak hegaluzea arrantzatzen hasi ziren. Urteko bigarren seihilekoari dagokion kopurua udan eta udazkenean zehar arrantzatzea espero da” gehitu du Azkuek.

Berdelari dagokionez, euskal flotari esleitutako 7.500 tonetatik 5.800 tona harrapatu dira. Azkue sailburuordeak zehaztu duenez, “nahiz eta arraste-ontziek eta inguraketa-ontziek kuota osoa kontsumitzea lortu zuten, “arrantza-aparailu txiki” edo tretzaontzi eta sare txikiak deiturikoekin arrantzatzen duten tamaina txikiko ontziek % 35 baino ez zuten lortu. Laguntza batzuk jarri ditugu martxan (800,00 euro tripulatzaile bakoitzarentzat) berdelaren arrantza-aldi txar hau neurri batean konpentsatzeko, eta irailean zehar jasoko dituzte”.

Akuikultura

Hegalaburra gizentzeko Getariako “itsas haztegi” esperimentalari dagokionez, AZTIren ikuskapen zientifikoarekin, uztailaren erdialdera, gutxi gorabehera 70-80 kiloko 50 atunak harrapatzea lortu zen, Bruselak baimenduta.

“Atun horiek, urriaren amaierara arte, sardina eta berdel izoztuekin elikatuko dira, eta urriaren amaieran hilko dira. Orduan jasoko ditugu esperientzia honen behin betiko emaitzak. Hori guztia, jatorrizko pisuarekiko koipeztatze-portzentajeari, gantz horren kalitateari, merkatuan duen errendimendu ekonomikoari eta jarduera horren bideragarritasun ekonomikoari dagokienez, hala badagokio, datorren urtean aurreeskalatze komertziala egiteko baimena eskatzeko, 50 atunetik 500 eta 1000 atun arteko esperientziara igarotzeko”.

Azkueren arabera, “alturako flotari dagokionez, batez ere Ondarroan kokatuta, harrapaketak ez dira baxurako flotarekin gertatzen den bezain urtarokoak. Bi denboraldiak oso bereziak dira: berdela eta antxoa udaberrian, eta hegaluzea udan eta udazkenean. Alde horretatik, flota horrek harrapatzen dituen espezieak, legatza, zapoa eta oilarra, urte osoan harrapatzen dira, eta emaitza ona izan dute urteko lehen seihilekoan. Ez da alde handirik ikusten aurreko urteetako harrapaketekin alderatuta”.

Uraren tenperatura igotzearen ondorioz, eta gure flotako arrantza-espezieetan izandako aldaketak direla da, zaila da esatea aldaketa adierazgarriak gertatzen ari direla gure espezieen portaeran, ez eta haien migrazio-bideetan ere. Denbora-serie zabalagoa behar dugu halako ondorioetara heltzeko. Tenperaturaren igoera errealitate bat da, baina oraingoz eta gure flotaren helburu diren espezieei dagokienez, ez da eragin nabarmenik hauteman”, adierazi du Azkuek.

“Itsas mailaren igoerarako prestatzen ari gara, eta hori egiaztagarria da. Horretarako, azken urteotan gure portuetako babes-dikeak indartu egin dira. Ekintza horiek datorren urtean amaituko ditugu, Mutrikuko babes-dikea finkatzeko. Aldi berean, gure portuetan ere hasi gara lanak egiten, itsas mailaren igoerari aurrea hartu eta horretarako prestatzeko, hala nola, Ondarroako kaia goratu eta zolatzeko lanak, udazken honetan lizitatuko ditugunak, datorren urtean egiteko” gehitu du Leandro Azkuek.

Euskal flotari buruzko datuei dagokienez, askotarikoa da: Atun-flota izoztailea, 3 ozeanotan, gutxi gorabehera 30 atun-ontzi; Alturako arraste-flota, Bizkaiko Golkoko Frantziako uretan arrantzatzen duena, 14 unitate eta 150 pertsona; Inguraketa-flota eta beita bizia, 40 unitate (550 pertsona); Kazako flota, 25 unitate (125 pertsona); Baxurako flota, arrantza-aparailu txikienetakoa, 50 unitate (100 pertsona).