Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarriko du bihar, igandea, eta etzi, astelehena, Arabako iragaite-zonan eta Ebro ondoko eskualdean muturreko tenperatura altu eta iraunkorragatik

0

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarriko du 13:00etatik 20:00etara, Euskadiko iragaite zonan eta Ebro ondoko eskualdean muturreko tenperatura altuengatik. Era berean, datorren astelehenean, abuztuaren 11n, alerta laranja aktibatuko da 13:00etatik 20:00etara, muturreko tenperatura altuengatik, bai iragaite-zonarako, bai Ebro ondoko eskualderako, eta alerta laranja Ebro ondoko eskualdean 00:00etatik 24:00etara, tenperatura altu iraunkorragatik.

Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bihar, igandea, bero handia egingo du, batez ere barnealdean. Ipar-ekialdeko haizearen sarrerak termometroak geldiaraziko ditu kostaldean, eta tenperatura maximoak 28-30 ºC ingurukoak izan daitezke. Barnealdean norabide aldakorreko haizea ibiliko da, eta goizeko lehen orduetan hego-ekialdekoa nagusituko da; horrek eguneko tenperaturak nabarmen igotzea ekarriko du. Goizean, haizea ipar-ekialdetik finkatuz joango da, eta, beraz, maximoak 32-35 ºC-ra irits daitezke Kantauri isurialdearen barnealdean. Ipar-ekialdeko haizea lehenago iristen den lekuetan zertxobait baxuagoak izan daitezke, batez ere Gipuzkoan, eta apur bat altuagoak gainerakoetan, batez ere Bizkaian.

Iragaite zonan eta Ebro ondoko eskualdean, haizea ez litzateke ekialdetik finkatuko arratsaldera arte; beraz, termometroek gora egiten jarraituko dute eta 37 ºC-ra eta 38 ºC-ra irits litezke, hurrenez hurren, eta alerta laranja aktibatuta egongo da muturreko tenperatura altuengatik. Tenperatura minimoak, berriz ere, ez dira 19 ºC-tik jaitsiko Ebro ondoko eskualdean, eta abisu horia ere egongo da indarrean tenperatura altu iraunkorragatik.

Astelehenean, egunaren hasieran, hego-osagaiko haizea izango da nagusi, eta horren ondorioz, goizaldea eta eguneko lehen orduak nahiko epelak izango dira EAE osoan: 19 ºC inguruko tenperatura kostaldean eta Arabako Errioxan, eta 17-18 ºC ingurukoa gainerakoan. Eguerdira arte ipar-mendebaldeko haizea ez da kostaldean sartuko, Bizkaiko kostaldetik hasi eta barnealdera hedatuz joango da arratsaldean. Tenperatura maximoak 32-36 ºC-ra irits daitezke Kantauri isurialdearen barnealdean, eta apur bat baxuagoak izan daitezke ipar-mendebaldeko haizea lehenago iristen den zonetan, batez ere Bizkaian, eta apur bat altuagoak Gipuzkoako barnealdean.

Arabako iragaite-zonan eta Ebro ondoko eskualdean, 37 ºC-ra eta 38 ºC-ra irits litezke, hurrenez hurren. Hori dela eta, abisu horia egongo da indarrean EAE osoan tenperatura altu iraunkorragatik, Ebro bailaran laranja izango da, eta muturreko tenperatura altuengatik abisu horia Kantauri isurialdearen barnealdean eta laranja iragaite-zonan eta Ebro ondoko eskualdean.

Ziurgabetasuna areagotu egiten da astearteari begira, baina oraindik bero handiarekin eta tenperatura altuekin jarrai dezakegu, bai minimoekin bai maximoekin, batez ere barnealdean. Asteazkenean, termometroak pixkanaka jaisten hasiko dira.

Gomendioak

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Osasun Sailaren autobabeserako gomendio hauek jarraitzea gomendatzen du.

  1. BEROTIK BABESTU

Aire zabalean

  • Saihestu eguzki-esposizioa eguneko orduetan. Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Eguzkitik babesteko, erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babesa.
  • Arropa arina, zabala eta izerditzen uzten duena erabili.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea bero handiko boladetan, batez ere berorik handieneko orduetan.
  • Zeharkaldiak edo mendi-ibilaldiak eginez gero, eguraldiaren iragarpena kontsultatu eta ziurtatu ur-hornidura nahikoa dela.
  • Tenperatura altuekin zerikusia duten eta ordubete baino gehiago luzatzen diren sintomen aurrean (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabialdia…), kontsultatu osasun-langileei.

Etxean eta barrualdean

  • Leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperatura altuak direnean.
  • Gaueko airea aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko.
  • Eguneko ordurik beroenetan, ez erabili beroa sortzen duen etxetresna elektrikorik eta aparaturik.
  • Haizagailu elektrikoak erabiltzeak arindu egin dezake, baina tenperatura 35 ºC-tik gorakoa denean ez dira erabilgarriak beroarekin lotutako gaixotasunak prebenitzeko, ez baitute gorputzaren tenperatura murrizten.
  • Bero handia nabaritzen bada, hartu dutxak edo ur hotzeko bainuak. Beste aukera bat gorputza freskatzea da, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin eta oihal edo belaki bustiekin pasatu.
  • Ezin bada etxea freskatu, eguneko 2 ordutik 3 ordura leku freskoan pasatu (aire girotua duen eraikin publiko batean, esaterako).
  1. DESHIDRATAZIOA SAIHESTU
  • Maiz edan ura eta likidoak, egarria izan arte itxaron gabe.
  • Ez hartu kafeina, alkohola edo azukre asko duen edaririk. Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.
  • Entsalada, barazki eta fruituen kontsumoa handitu, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak berreskuratzeko.
  • Janari koipetsuak eta ugariegiak saihestu, berora egokitzea zailtzen baitute.
  1. PERTSONA ZAURGARRIENAK ZAINDU
  • Edozein pertsonak beroagatik arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia jarri behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, bai eta adinekoei eta gaixotasunak dituztenei ere.
  • INOIZ EZ da inor utzi behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailuan, nahiz eta itzalean egon.
  • Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo inoren laguntza behar dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; beraz, komeni da egunean behin gutxienez bisitatzea.

Bestalde, iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet webgune, Euskalmet-ren eta 112 SOS Deiak-ren X kontuetan eta Segurtasun Sailaren Instagram kontu bidez.

Larrialdiren bat izanez gero, deitu 112ra.

BetiONek erabiltzaileen jarraipena areagotu du

BetiON Euskadiko telelaguntza-zerbitzu publikoa da, eta erabiltzaileei (77.300 inguru) egiten zaizkien jarraipen-deiak areagotzen ari da jada, tenperatura altuen ondorioak prebenitzeko, bereziki bakarrik biri direnen kasuan.

Aldi berean, BetiON jarraipen berezia egiten ari zaie edadetuenei eta desgaitasuna edo mendekotasuna dutenei, eta jakinarazten ari zaie oso garrantzitsua dela beroaldian gorputza behar bezala hidratatuta izatea, deshidratazioa baita 65 urtetik gorako pertsonak ospitaleratzeko arrazoi ohikoenetako bat. Horregatik, adineko pertsonei gogorarazten zaie likidoak kontsumitu behar dituztela, batez ere ura, etengabe eta erregulartasunez, nahiz eta egarririk ez izan.