- Eusko Jaurlaritzak 25 bilera egin ditu lurralde osoan zehar 252 udalerrietako ordezkariekin
- LANERA proiektuak 5 fase ditu eta irailean bigarrena bu da, hau da, diagnostiko partekatua eta lehentasunak
- Lan munduan euskararen erabilera handitzea lehentasunezko bost jarduera-eremuetako bat da, honako hauekin batera: ezagutza, teknologia eta digitalizazioa, giza harremanak eta prestigioa
Eusko Jaurlaritzak amaiera eman dio LANERA proiektuaren lehen faseari, eremu sozioekonomikoan euskararen erabileran jauzi kualitatiboa lortzea helburu duen ekimen estrategikoari. Entzutean oinarritutako fase honek aukera eman du Euskal Autonomia Erkidegoko 252 udaerritan garatzen ari diren ekimen anitzak ezagutzeko, bai eta eskualde bakoitzaren tresnak eta erritmoak hobeto ulertzeko ere, etorkizunean egingo diren jarduerak egokitu eta eraginkorragoak izan daitezen.
Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak positibotzat jo du lehen fase hau, eta eskerrak eman dizkie udalerri guztiei eta haien ordezkariei egindako ekarpenagatik. «Etorkizuneko proiektuak egin ahal izateko ezinbestekoa da entzutea, diagnostiko partekatua egitea» adierazi du Aldasorok. Bere esanetan, helburua enpresetan eragina duten eta langileak inplikatzen dituzten proiektuak egitea da euskararen erabilera suspertzeko.
Proiektua hasi zenetik (maiatzean) Eusko Jaurlaritzak 25 bilera egin ditu lurralde osoan zehar —22 bailara eta hiru hiriburu—, 252 udalerrietako ordezkariekin. Bilera hauetan, euskararen sustapenerako abian diren ekimenak partekatu dira, eta ekimen berriak sortzeko bideak aztertu dira.
Ekimen honen hurrengo urratsa irailean garatuko den diagnostiko partekatua eta lehentasunen ezarpena izango da. Ondoren, ekimen zehatzak jarriko dira martxan, lurralde bakoitzeko enpresa-errealitatearekin uztartuta. 2026ra arte bost fasetan banatutako ibilbide honek euskara lan-ingurunera eramateko norabidea markatuko du.
LANERA izenak berak bi esanahi uztartzen ditu: era (modua) eta -ra (norabidea), hots, lana ulertzeko modu berria eta euskararen bidezko norabidea. Helburua da elkarlanean, euskarak lan munduan eta eremu sozioekonomikoan presentzia sendoa izatea.