Bihar, abuztuaren 12an, 12:00etatik aurrera, EPCRren (European Proffesional Club Rugby) web orrian, EPCR Challenge Cup 2026 finalerako eta Investec Champions Cup 2026 finalerako sarrera kopuru mugatua jarriko da salgai. Final horiek maiatzaren 22an eta 23an jokatuko dira, hurrenez hurren, San Mames estadioan.
Tokirik onenetan kirol esperientziaz ahalik eta gehien gozatu nahi duten errugbi zaleei zuzenduta, bihar online jarriko dira salgai Early Bird Weekend Packages izeneko asteburuko pakete berezien kopuru mugatua, bi partidetarako sarrerak barne izango dituztenak, bi finaletarako aukera erosoagoa eta merkeagoa eskainiz. 1. kategorian, pakete horiek 165€-ko prezioa izango dute, eta 2. kategorian,135€-koa.
Early Bird Weekend Packages sarrerak esteka honetan eros daitezke.
Laster jakinaraziko da zein egunetan jarriko diren salgai gainerako sarrerak.
Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak errugbiko federazioekin, Athletic Clubekin eta European Proffesional Club Rugbyrekin (EPCR) egindako lankidetzari esker berriro ere ekarriko dituzte San Mames estadiora, 2018an izandako arrakastari esker, kluben arteko Europako errugbi txapelketa nagusietako bi finalak.
San Mames egoitza gisa hautatzea historikoa izan zen 2018an, EPCRren finalen asteburua lehen aldiz errugbiko sei nazio tradizionaletatik kanpo antolatu zenean. Gloucester Rugby talde britainiarrak eta Cardiff Blues talde galestarrak inauguratu zituzten finalak 2018an, Challenge Cupeko titulua lortzeko. Bestalde, Leinster Rugby eta Racing 92 Champions Cupeko finala jokatu zuten. Leinster Rugby taldeak Txapeldunen Kopako titulua eskuratu zuen orduan eta Cardiff Rugby taldeak Challenge Cup txapelketaren garaikurra jaso zuen.