- Gehienez hiru minutu, telefono mugikorrarekin eginak
- Eusko Label sariak, 6.000 eta 4.000 eurokoak
Eusko Label mikrolaburren lehiaketaren hirugarren edizioan izena emateko epea zabalik dago abuztuaren 17ra arte Donostia Zinemaldiaren webgunean. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bultzatuta, HAZIren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko hurbileko produktua zinemaren bidez zabaltzea du helburu, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren munduaren jasangarritasunari buruzko guztia sustatu eta ezagutzera emateaz gain.
Lanek hiru minutu iraungo dute gehienez, eta telefono mugikor batekin egingo dira. Filmen gaiak Eusko Label sailaren helburuekin lotuta egon beharko du. Sail horrek Euskadiko landa eta itsasertzeko inguruneak eta lehen sektoreak hirietako gizarteari egiten dioten ekarpenarekin lotutako mezu positiboak zabaltzea sustatzen du.
Zinemaldiko hautaketa-batzordeak sei film labur aukeratuko ditu aurkezten diren guztien artean, eta epaimahai aditu batek erabakiko du zeintzuk diren Eusko Label sariak merezi dituztenak; lehenengoak 6.000 euro jasoko ditu, eta bigarrenak 4.000 euro. Bi lan irabazleak Zinemaldiaren esparruan proiektatuko dira, eta sariak amaiera-ekitaldian banatuko dira.
Lehiaketaz kanpo
Lehiaketan parte hartuko duten lanez gain, Eusko Label sailak Donostia Zinemaldiak ekoitzitako beste film labur batzuk ere izango ditu aurten, eta euskal zinemagileei enkargatuko dizkie, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatzen dituen balioekin lotutako lan gisa. Zinemaldiak estatuan eta nazioartean zabalduko diren film labur horien eskubideak izango ditu, Eusko Label ekimena Euskaditik kanpo ere ezaguna izan dadin.