Gaur ospatzen den Gazteriaren Nazioarteko Egunaren harira Gazteriaren Euskal Behatokiak Adrian Lopez Sarachaga, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Emanztzipazioaren zuzendaria elkarrizketatu du. Gazteriaren alorrean dauden erronka, politika eta konpromiso nagusiak jorratu ditu, emantzipaziotik eta enplegutik hasi eta osasun mentalera eta parte-hartze sozialeraino. Euskadiko gazteen orainari eta etorkizunari begirada integrala.
Zeintzuk dira zure ardurak Gazteria eta Emantzipazio zuzendari gisa?
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Sailaren helburu nagusietako bat gazteok benetan emantzipatu ahal izatea da. Badakigu bizitza autonomo baterako urratsa ematea ez dela erraza, eta trantsizio hori norbanakoaren ahaleginaren mende soilik ez egotea nahi dugu, baizik eta gizarte gisa hori posible egiteko bitartekoak jartzea: lan duina, etxebizitzarako sarbidea, ongizate emozionala… Benetako aukerak dituen gazteria batean sinesten dugu, eta horretarako gauzak orekatu behar ditugu. Belaunaldien arteko elkartasuna giltzarria da etorkizun justuago bat eraiki nahi badugu. Eta bai, asko dago egiteko, baina aurrera goaz: Emantzipa bezalako laguntzak hobetuz, etxebizitza erosteko abal-lerroak bultzatuz eta baliabideak gehien behar dutenei hurbilduz. Badakigu ez dagoela irtenbide magikorik, baina, hala ere, saiatuko gara. Gazteria zaintzea Euskadiren etorkizuna zaintzea delako.
Zer da Emantzipa?
Emantzipa Eusko Jaurlaritzaren laguntza bat da, 25 eta 29 urte bitartean izan eta independizatzeko urratsa eman nahi dutenei laguntzeko pentsatua. Hilean 300 € dira, gehienez bi urtez, baldin eta etxebizitza-gastu bat baduzu (alokairua izan zein hipoteka izan). Bateragarria da Gaztelagun, BGD edo DBE bezalako beste laguntza batzuekin. Beraz, jada baten bat jasotzen ari bazara, ez dago arazorik! 2025eko deialdia apirilaren 1etik dago martxan. Eta dagoeneko lanean ari gara 2026rako hobetzeko: 23 urtetik aurrera eskatu ahal izatea nahi dugu, izan ere, gero eta lehenago emantzipatu nahi eta behar dugu.
Zein harrera izan du Emantzipa programak?
Bada, 2024an 8.285 eskaera jaso ditugu eta horietatik 6.000 baino gehiago eman dira. Guztira, 10 milioi euro baino gehiago bideratu dira zu eta ni bezalako gazteei gure kontura bizitzen laguntzeko. Eta 2025ean dagoeneko 2.200 eskaera baino gehiago jaso dira.
Zer dira Jaurlaritza bultzatzen ari den abal-lerro berriak?
Beste neurri garrantzitsu bat ere jarri dugu martxan: zure lehen etxebizitza erosteko abal-lerro bat. Diru-sarrerak izan arren, bankuek aurrez eskatzen duten aurrezkia ordaindu ezin duten 40 urtetik beherakoentzat dago pentsatuta. Analisi lan handia egin dugu programa berri hau abiarazteko orduan faktoreak, kopuruak eta adin tartea zehazteko. Benetako laguntza izanik, gazteak entzun ondoren diseinatutakoa. Laguntza honekin, % 100eko finantzazioa lor dezakezu, betiere etxebizitzaren kostua 340.000 € baino gutxiagokoa bada.
Betekizun nagusiak:
- 40 urte baino gutxiago izatea.
- Gutxienez bi urte Euskadin bizi izana (azken 5 urteetan).
- Urtean 50.400 € ez gainditzea zuk bakarrik erosten baduzu, edo 86.400 € bi bazarete.
- Eta titular gisa bi pertsona baino gehiago ez egotea.
Emantzipatzeko eskubidea poltsikoaren menpe egon beharrean, unearen menpe egotea nahi dugu. Gazteriak ere lekua, independentzia eta etorkizuna behar dituelako. Eta horretan ari gara.
Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritza buru duen beste proiektu bat Euskadiko gazteen aldeko ituna da. Zein puntutan dago?
Bete-betean sartuta gaude gazteekin eta gazteentzat Itun bat sortzen, gure ongizatea eta bizi-kalitatea benetan erdigunean jarriko dituena. Garena bezala entzun behar zaigu: herri honen oraina eta etorkizuna. Prozesu honetan aniztasun handiko gazteriak parte-hartzea nahi dugu, leku, errealitatea eta ahots desberdinetakoak. Honek ez datza goitik eserita erabakiak hartzean soilik, baizik eta egunero bizi dugunokin eraikitzean. Ekainean abiatu genuen bide hori, eta asmoa modu ireki eta partekatuan lanean jarraitzea da.
Zer bilatzen da itun honekin?
Bada, onartzea gazteriak funtsezko rola duela gizartean, instituzioen arteko indarrak batu behar direla, belaunaldien arteko desberdintasunak murriztu eta, batez ere, parte hartzeko espazio erreal gehiago ireki, gazte ahotsak konta dezan. Hau serio doa, eta gazteak barruan ditugula egingo dugu.
Zer eragin dauka osasun mentalak gazte-politiketan?
Gazteen osasun mentala da gehien kezkatzen eta arduratzen gaituen gaietako bat. Badakigu askotan presioarekin, ziurgabetasunarekin eta eskakizun mordoarekin bizi garela, eta Gazteriatik fokua zehazki hor jarri nahi dugu: nola gauden zaintzen eta hori kudeatzeko benetako tresnak ematen. Horregatik, EGKn (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua) eta GAZ zerbitzuan (bulego presentzialak eta online zerbitzua dituena), oinarrituko gara, benetan behar dugunari erantzungo dioten neurriak eraikitzeko. Ezin hobeki dakigu osasun mentala belaunaldi gisa dugun erronka handienetako bat dela. Eta ez dugu beste alde batera begiratuko. Hor egon nahi dugu, entzuten, laguntzen eta soluzioak eraikitzen lehen pertsonan bizi dutenekin batera.
Eusko Jaurlaritzak GAZ zerbitzua zabalduko duela iragarri du, zerbitzuaren irismena eta eraginkortasuna indartzeko. Zer suposatzen du handitze honek eta zer helburu lortu nahi dira horrekin?
Sare handiagoa eta potenteagoa ehuntzen badugu, modu zuzenagoan iritsi ahal izango gara gazteengana. GAZ gazteen orientazio, laguntza eta partaidetzarako funtsezko tresna da.
Zer estrategia ari da garatzen Eusko Jaurlaritza gazteen enplegua kalitatezkoa dela eta sektore berri eta jasangarriekin bat datorrela bermatzeko?
Eusko Jaurlaritzatik argi daukagu gazte enpleguaren alde egitea ez dela soilik lanpostuak sortzea, baizik eta etorkizuneko aukera errealak eta zentzuzkoak sortzea. Gazteok gustuko dugun horretan lan egin ahal izatea nahi dugu, proiekzioa duten sektoreetan eta baldintza duinetan. Horregatik, enpleguaren kalitatean, berrikuntzan eta lan hori gaurko ogia eta biharko gosea ez izatean arreta jartzen duten politika aktiboak sustatzen jarraitzen dugu. Oraintxe bertan, ia 4 milioi euro bideratzen ari gara gazteen enplegua eta ekintzailetza sustatzeko programa espezifikoetara. Eta ez gara hor geratzen: etengabeko prestakuntza bultzatzen ari gara, gaurko eta biharko lan merkatuak behar duenerako pentsatua. Izan ere, bai, mundua oso azkar aldatzen da, baina horrek ez du esan nahi atzean geratu behar dugunik. Alderantziz: gazteria aldaketaren protagonista izatea nahi dugu.
Zer paper du prestakuntzak gazteen emantzipazio prozesuan?
Formakuntzaz hitz egin gabe emantzipazioaz hitz egiteak ez du zentzurik. Aurrera irten nahi badugu, gure kabuz bizi ahal izan nahi badugu eta gure bide propioa eraiki nahi badugu, datorren guztirako ondo prestatuta egon behar dugu. Gaur egungo mundua oso aldakorra eta gero eta globalagoa da; beraz, Gazteria zuzendaritzak apustu sendoa egiten jarraitzen du etorkizunean oinak izango dituen hezkuntza inklusibo, eta malgu baten alde. Benetan behar dugunera egokitzen den prestakuntza, ez soilik lana aurkitzeko, baizik eta seguru, gai eta datorrenerako tresnekin sentitzeko.
Zein da Eusko Jaurlaritzak gazteriarekin duen konpromiso soziala?
Gazteria beren etorkizunarekin zerikusia duen guztian benetako parte izatea nahi dugu. Izan dezatela ahotsa, lekua eta erabakitzeko ahalmena politiketan eta nola bizi garen eta gizarte gisa norantz goazen eragiten duen guztian. Jarrai dezagun lanean Euskadi Berria baten alde, gazteak buru dituela doan, esparru publikoa zainduko duen, modu bidezkoan haziko den eta gazte bakoitzak nahi duen bezain urrun iristeko aukera izango duela bermatuko duen Euskadi baten alde. Etorkizuna gurea delako, eta jada eraikitzen ari garelako.
Gazteen Nazioarteko Eguna: elkarrizketa Adrián López Sarachagari.