Osasun Publikoak arreta handiz ibiltzeko aholkatu du, tenperatura altuengatik ezarritako alerta laranja dela eta

0

Gaur, abuztuak 12, asteartea, beroagatik alerta laranja Euskal Autonomia Erkidego osora zabaldu dela kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak berriro adierazi du komeni dela osasun-gomendioei jarraitzea tenperatura altuek herritarren osasunean eraginik izan ez dezaten.

Egun batzuk lehenago jasandako beroa eta aste honen amaierara arte aurreikusitakoa metatzeak arreta handiagoa eskatzen du ezarri beharreko neurrietan eta jarraitu beharreko aholkuetan, bereziki arrisku-populazioaren aldetik: 4 urtetik beherakoak, adinekoak, haurdunak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak eta kanpoan jarduera fisikoa egiten duten pertsonak.

Atzo, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuak 15 pertsona artatu zituen, Euskadin izandako tenperatura altuen ondorioz. Horietatik 13 ospitalera edo osasun-zentroetara eraman zituzten anbulantzietan.

2025eko Bero Planean jasotako aholkuak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gogorarazi du oso garrantzitsua dela 2025eko Beroaren aurkako Planean jasotako gomendioei jarraitzea. Planaren helburua da urteko hilabete beroenetan gehiegizko tenperaturak herritarren osasunean duen inpaktua prebenitzea eta murriztea, arreta berezia jarriz kolektibo ahulenetan.

Gomendioak dituzten informazio-orriak

Informazio-dokumentazioa erantsi dugu, aire zabaleko egonaldietan, etxean eta barrualdeetan jarraitu beharreko aholkuak dituzten bero-egunetarako gomendio nagusiekin.

Era berean, honako hau gomendatzen da:

  • Bakarrik bizi diren adinekoekin maiz harremanetan jartzea
  • Aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu baten barruan inor ez uztea, batez ere egunaren erdiko orduetan.

Informazio gehiago Osasun Sailaren webgunean:

https://www.euskadi.eus/informazioa/udaz-gozatu-zure-osasuna-zaindu/web01-a3visol/eu/

 

BEROAREN ONDORIOAK PREBENITZEKO GOMENDIO OROKORRAK

A.-BEROTIK BABESTU

Aire zabalean                

  • Saihestu eguzki-esposizioa eguerdiko orduetan. Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
  • Eguzkitik babesteko, erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babesa.
  • Arropa arina, zabala eta izerditzen uzten duena erabili.
  • Saihestu jarduera fisiko bizia egitea bero handiko boladetan, batez ere berorik handieneko orduetan.
  • Zeharkaldiak edo mendi-ibilaldiak eginez gero, eguraldiaren iragarpena kontsultatu eta ziurtatu ur-hornidura nahikoa dela.
  • Ordubete baino gehiago luzatzen diren eta tenperatura altuekin zerikusia duten sintomen aurrean (ahultasuna, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa, zorabialdia…), kontsultatu osasun-langileei.

Etxean eta barrualdean

  • Leihoak eta pertsianak itxita eduki tenperatura altuak direnean.
  • Gaueko airea aprobetxatu gelak aireztatzeko eta freskatzeko.
  • Eguneko ordurik beroenetan, ez erabili beroa sortzen duten etxetresna elektrikorik eta aparaturik.
  • Haizagailu elektrikoak erabiltzeak arindu egin dezake, baina tenperatura 35 °C-tik gorakoa denean, ez dira erabilgarriak beroarekin lotutako gaixotasunak prebenitzeko, ez baitute gorputzaren tenperatura murrizten.
  • Bero handia nabaritzen bada, hartu dutxak edo ur hotzeko bainuak. Beste aukera bat gorputza freskatzea da, batez ere aurpegia eta eskuak, ur freskoarekin eta oihal edo belaki bustiekin.
  • Ezin bada etxea freskatu, eguneko 2 ordutik 3 ordura leku freskoan pasatu (aire girotua duen eraikin publiko batean, esaterako).

B.-DESHIDRATAZIOA SAIHESTU

  • Maiz edan ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
  • Ez hartu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edaririk. Ez dute egarria baretzen eta deshidratazioa errazten dute.
  • Entsalada, barazki eta fruituen kontsumoa handitu, izerdiagatik galtzen diren gatz mineralak berreskuratzeko.
  • Janari koipetsuak eta ugariegiak saihestu, berora egokitzea zailtzen baitute.

C.-PERTSONA ZAURGARRIENAK ZAINDU

  • Edozein pertsonak beroagatik arazoak izan ditzakeen arren, arreta berezia jarri behar zaie haurtxoei eta adingabeei, haurdun dauden emakumeei eta bularreko haurrei, bai eta adinekoei eta gaixotasunak dituztenei ere.
  • INOIZ EZ da inor utzi behar aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailuan, nahiz eta itzalean egon.
  • Adineko pertsonek, batez ere bakarrik bizi direnek edo inoren laguntza behar dutenek, zailtasunak izan ditzakete babes-neurriak hartzeko; beraz, komeni da egunean behin gutxienez bisitatzea.

Larrialdiren bat izanez gero, deitu 112ra