- Ikasleen % 12,7k soilik utzi zituen ikasketak lehen mailan, eta % 6,55ek titulazioa aldatzea erabaki zuen 2020/2021 ikasturtean.
- Graduan matrikulatutako ikasleek hamar kreditutik zortzi baino gehiago gainditu zituzten 2022/2023an.
- Pérez Iglesias: «Euskal unibertsitateetan ikasketak utzi eta aldatu dituztenen tasa baxuak unibertsitate aurreko prestakuntza eta orientazio onaren ondorio ere badira”.
Euskadin unibertsitatera sartzen diren gazteek oso jarduera akademiko ona dute, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak kaleratu berri duen Datos y cifras del Sistema Universitario Español. Curso 2024/25 txostenak biltzen dituen datuen arabera. Argitalpen horren arabera, euskal ikasleak prestakuntza sendoarekin eta errendimendu akademiko handiarekin sartzen dira unibertsitatera eta, nabarmenena, ikasketak uztearen eta aldatzearen ehuneko minimoak dituzte.
Euskal ikasleak unibertsitatera sartu aurretik ere emaitza onak dituztelako nabarmentzen dira. 2023an, ia guztiek gainditu zuten Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioa (USE) lehen deialdian, % 98,1. Eta bigarren deialdira jo behar izan zutenen % 88,4k gainditu zuten.
Errendimendu akademiko altu hori mantendu egiten da ikasleak unibertsitatera sartzen direnean. Hala, 2022/2023 ikasturtean, graduko ikasleek matrikulatutako hamar kreditutik zortzi baino gehiago gainditu zituzten (% 82,6), eta masterrean ia kreditu guztiak gainditu zituzten, % 94,7.
Ministerioaren txostenaren arabera, 2018/2019 ikasturtean gradu ikasketak hasi zituzten bost ikasletik batek bakarrik utzi zituen ikasketak. % 13,9k lehen mailan utzi zituen, % 4,4k bigarrenean eta % 2,3k hirugarrenean. Ikasketak uztearen tasa hori are gehiago murriztu zen 2020-2021 ikasturtean hasi zirenen artean, % 12,7k bakarrik utzi baitzituen ikasketak lehen mailan.
Datuak ere adierazgarriak dira masterreko ikasketetan: 2018/2019 ikasturtean, ikasketak utzi zituen ikasleen ehunekoa % 9,4 izan zen eta 2020/2021ean, berriz,% 5,2. Euskadi da, Nafarroarekin batera, graduan eta masterrean ikasketak utzi dituztenen ehuneko txikiena duen autonomia-erkidegoa.
Gutxi dira, halaber, norabidea aldatzen dutenak. Nafarroarekin batera, Euskadin dago ikasketa-aldaketen ehunekorik txikiena. 2018/2019 ikasturteko promozioaren % 6,5ek soilik erabaki zuen titulazioa aldatzea, eta bi ikasturte geroago, kopuru horrek bere horretan jarraitu zuen. Masterrean, ia anekdotikoa da ikasketa-aldaketa: % 1,1ek aldatu zuen titulazioa 2018/2019an, eta % 0,7k baino ez 2020/2021ean.
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren iritziz, «euskal unibertsitateetan ikasketak utzi eta aldatu dituztenen tasa baxuak unibertsitate aurreko prestakuntza eta orientazio onaren ondorio ere badira».
Datu horiek guztiak bat datoz CYD Fundazioaren Las universidades españolas. Una perspectiva autonómica. 2025 País Vasco izenburuko txostenean jasotako informazioarekin. Txosten horren arabera, Euskadiko ikasleak dira graduko ikasketak amaitzeko denbora gutxien behar dutenak; izan ere, ikasleen % 51,4k teorian aurreikusitako denboran amaitzen dituzte ikasketak, eta Estatuko unibertsitate presentzial guztien % 42,7k.