- Amaia Barredo, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, merkataritza-ekintza honetan parte hartu duten 23 euskal enpresekin batera izango da
- Mexiko Hirian eta Guadalajaran zabalduko da “Basque Wine” marka, eta Arabako Errioxako ardoak, txakolinak eta sagardoa sustatuko dira
- Bisitaren programa: Basque Wine prestakuntza, showroomak eta negozio-topaketak ardoaren eta gastronomiaren alorreko profesionalekin
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko kalitatezko edariak Mexikoko merkatuan kokatzeko misio komertzial bat antolatu du, irailaren 1etik 4ra, HAZI Fundazioaren bidez, ARDOA Basque Wine Office eta Mexikoko Euskadiko Ordezkaritzaren laguntzarekin.
Ekintza komertziala Mexiko Hirian eta Guadalajaran egingo da, Basque Wine marka Mexikoko merkatuan ezagutarazteko asmoz; bere enpresa ekoizleen bitartez ardoaren munduko inportatzaileei, banatzaileei, preskriptoreei eta influencerrei ezagutaraziko zaie. Gainera, Mexikoko merkatuan dauden markak sustatuko dira, eta erreferentzia berriak sartzen saiatuko dira, inportatzaile eta banatzaile berrien bidez.
Guztira, 23 euskal enpresak hartuko dute parte, horien artean, Arabako Errioxako eta hiru jatorri-deituretako txakolin upeltegiak, Euskal Sagardoaren sagardotegiak eta bi destilategi. Horiekin batera, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua egongo da, enpresei sustapen-ekintza horretan eta lehen mailako harreman instituzionaletan laguntzeko.
Euskadiko mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearentzat merkatu berriak bilatzea du helburu bisitak, sailburuak adierazi bezala, AEBra inportatutako produktuen muga-zergak igotzeko mehatxuaren ondoren.
“Gure edarien kalitate handia herrialde askotan aintzatesten da dagoeneko. Orain, bikaintasun hori mexikarrei hurbildu nahi diegu, zapore paregabeak eta hori posible egiten duten balioak partekatuta: identitatea, konfiantza, tradizioa eta berrikuntza. Gure ekoizleen lanari esker, Euskadiko onena hedatu dezakegu mundura. Batez ere, orain, mundu osoari eragiten dioten merkataritza-arazoei irtenbideak bilatu behar zaizkienean”, adierazi du Barredo sailburuak.
Sustatzeko ekintzak
Misio komertzialaren programak lau egun iraungo ditu. Parte hartuko duten euskal enpresek Mexikoko merkatuaren egoera eta kontsumoaren zifrak eta joerak ezagutuko dituzte. Horrez gain, denda eta kate espezializatuak bisitatuko dituzte, Mexikoko sektoreak egiten dituen markak, sustapenak eta erakusketa-estrategiak identifikatzeko.
Agendan, halaber, “2b2” bilerak egingo dira tokiko inportatzaileekin, oraindik Mexikoko merkatura esportatzen ez duten Euskadiko upategietarako, eta zuzeneko merkataritza-ekintzak egingo dira dagoeneko bertan negozio-lerroa dutenekin.
Mikel Garaizabal sommelier eta enologoaren eskutik, ardoaren munduko profesionalei, inportatzaileei, kazetariei eta influencerrei zuzendutako Basque Wine edarien inguruko hainbat masterclass eskainiko dira. Gainera, showroom bat antolatuko da misio komertzialean dauden upategi guztiekin.
Mexiko, hazten ari den merkatua
Mexikoko merkatua asko hedatu da; ardo-inportazioak etengabe hazi dira eta etorkizun oparoa du. DOCa Riojako ardoak, batez ere Arabako Errioxakoak, betidanik egon dira merkatu horretan, eta kalitateagatik dira ezagunak.
Mexiko da Hego Amerikako ardoa inportatzen duen bigarren herrialdea; 100 milioi litro inguruko bolumena inportatzen da, 337 milioi euro. Balioari dagokionez, Espainia da Mexikoko inportazioen buru, ondoren datoz Txile eta Italia eta, urrunago, Argentina, Estatu Batuak eta Frantzia.
2017-2022 aldian, Euskadiko esportazioen urteko batez besteko hazkundea, Arabako Errioxa buru zela, % 7,2koa izan zen, 7,05 €/l-ko prezioan.
Ardo beltza da nagusi inportazioetan —salmenten % 80—, eta ardo zuriak garrantzia duen herrialdeetan Italia da inportatzailea bakarra —salmenten % 45—. Ardo beltzak nagusi diren arren, Jatorri Deitura Babestua duen Euskadiko ardo zuriaren balioa % 19 hazi da.
Enpresa parte-hartzaileak
- Arabako Errioxa: Bodegas Casa Primicia, Bodegas Covila, Bodegas de la Marquesa – Valserrano, Bodegas Fos, Bodegas Garcia de Olano, Bodegas Señorío de Arana, Bodegas Loli Casado, Bodegas Lopez Oria, Bodegas Ostatu, Bodegas Valdelana, Bodegas Valdemar, Bodegas Virgen de Lorea eta Familia Monje Amestoy.
- Txakolinak: Ameztoi Txakolina, Etxaniz Txakolina, Okendo Txakoliña – Astobiza, Talai Berri Txakolina eta Gaintza Txakolina.
- Sagardoak: Bereziartua Sagardoak, Petritegi Sagardoak eta Isastegi Sagardotegia
- Destilatuak: Licores Barañano eta Basque Moonshiners






