Osakidetzak langile gehiagorekin indartu du Erandio Goikoako Lehen Mailako Arreta, eta kontsultategia handitu du

0
  • Familiako mediku bat eta erizain bat gehituko zaizkio egungo taldeari
  • Osakidetzak, Erandioko Udalarekin lankidetzan, kontsultategia handitzeko lanak hasi ditu, bi kontsulta gehiago gehituz

Osakidetzako Uribeko ESIko Erandio Goikoa kontsultategiak Familia eta Komunitateko beste mediku bat eta erizain bat izango ditu, laster. Lehen Mailako Arretako egungo lantaldeari batuko zaizkie, mediku batek eta erizain batek osatua.

Plaza berriak betetzen dituzten langileek goizez eskainiko dituzte zerbitzuak, astelehenetik ostiralera, eta lanaldia banatuko dute Erandio Goikoaren eta Derioko osasun zentroaren artean.

Horrela, Osasun Sailak eta Osakidetzak udalerriko beharrizan demografikoetara egokitzen dute zerbitzua, zehazki, kontsultategia dagoen eremura, azken urteotan bertako biztanleria hazi egin baita nabarmen.

Era berean, Osakidetzak, Erandioko Udalarekin lankidetzan, egungo kontsultategia handitzeko lanak hasi ditu, Erandio Goikoako bizilagunei arreta erosoagoa eta eskuragarriagoa eskaintzeko. Kontsultategi berriak bi kontsulta gehiago izango ditu: bat medikuentzat eta beste bat erizainentzat. Horiek urriaren bigarren hamabostaldian hasiko dira lanean, obrak amaitzean.

Erandio Goikoako kontsultategiko langileen hazkundea eta kontsultategia handitzea aurrerapausoa da Lehen Mailako Arreta indartzeko eta pertsona guztientzako kalitatezko asistentzia bermatzeko, hain zuzen ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak duten konpromisoa.