Bi urte eskasetan, BizkaiBizi proiektu pilotua izatetik mugikortasun iraunkorraren aldeko Bizkaiko apusturik sendoenetako bat izatera igaro da. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako bizikleta elektriko partekatuen sistema publiko horrek agerian utzi du garraiobide garbiagoak, osasungarriagoak eta irisgarriagoak izatea beharrezkoa izateaz gain, posible dela, eta herritarrek nahi dutena ere bai.
2023ko urrian abiarazi zenetik, BizkaiBiziri esker, 2,5 milioi joan-etorri baino gehiago egin dira, egunean batez beste 7 erabilera bizikleta bakoitzeko eta 24.000 erabiltzaile aktibo baino gehiagok hartu dute parte. Zifra hori oso esanguratsua da, eta eredu horrek Bizkaiko biztanleen artean izan duen onarpen-maila ezin hobea izan dela adierazten du. Bizikleta elektrikoa dagoeneko ez da berrikuntza hutsa, baizik eta eguneroko tresna, hirian zehar ibiltzeko, auzoak lotzeko eta arin, merke eta emisiorik eragin gabe mugitzeko.
Herritarren atxikimendua gero eta handiagoa denez, metropoli-eremuko 9 udalerritan zehar zabaldu da sistema hori: Bilbon, Barakaldon, Portugaleten, Getxon, Leioan, Erandion, Sestaon, Basaurin eta Berangon. Guztira, 86 geltoki jarri dira, 1.180 ainguraketa fisiko baino gehiago egin dira, eta parke mugikorrak, uda honetan, 824 bizikleta elektriko operatibo baino gehiago izango ditu. Sare horri, orain, udalerri guztietan dauden triziklo elektriko egokituak gehitu zaizkio; ibilgailu horiek zerbitzuaren izaera inklusiboa indartzeaz gain, irisgarri egiten dute mugikortasun murriztua duten edo premia bereziak dituzten pertsonentzat.
Fase berri bat, egunerokoa den sistema baterako
Arrakasta hori ez da soilik zifretan islatzen. Garapen-fase berri bat diseinatzeko abiapuntua ere bada: BizkaiBizi 2.0. Bilakaera hori uda ondoren hasiko da hedatzen, eta sistemaren estaldura geografikoa zabaltzeaz gain, jauzi kualitatiboa izango da haren funtzionamenduan, gobernantzan eta epe luzeko iraunkortasunean.
Eredu berriak aurreikusten du udalerri gehiago sartzea eta sarea orain arte konektatu gabeko eremuetara zabaltzea; horrela, eskualde arteko joan-etorriak erraztu eta auto pribatuarekiko mendekotasuna are gehiago murriztuko da. Gainera, gobernantza-egitura berri bat aztertzen ari gara, udalekin eta tokiko beste eragile batzuekin lankidetza estuan oinarritua, hiri- edo landa-ingurune bakoitzaren benetako beharretara egokitutako kudeaketa eraginkorra bermatzeko.
BizkaiBizi 2.0 programaren beste zutabeetako bat hobekuntza teknologikoa izango da. Helburua da sistema beste garraiobide publiko batzuekin integratzea, batetik; bestetik, erabilera-esperientzia aplikazioan erreserba- eta jarraipen-sistemetan hobekuntzak eginez optimizatzea; azkenik, geltoki eta ainguraketetan fidagarritasun eta iraunkortasun handiagoa bermatzea. Horrek guztiak ikuspegi estrategiko bati erantzuten dio: BizkaiBizi mugikortasun aktiboaren Europako erreferente bihurtzea, egungo ingurumen- eta gizarte-erronketara egokituta.
Bizikletak baino areago: lurraldearekin batera hazten ari den bizikleta-azpiegitura
Bizkaiko Foru Aldundia azken urteotan bultzatzen ari den bizikleta bidezko mugikortasunaren estrategia zabalago baten barruan kokatzen da BizkaiBiziren hedapena. Izan ere, bizikleta benetako aukera izan dadin, ezinbestekoa da bizikletari mesede egingo dion ingurune bat eraikitzea. Alde horretatik, dagoeneko 15 BiziPark jarri dira martxan— bizikleta partikularrentzako aparkaleku seguruak —, 447 plaza ere har ditzaketenak, eta urtea amaitu baino lehen 500 plazara iristeaz gain, legealdia ixtean 700 plaza egotea espero da. Azpiegitura horiei esker, bizikleta erabiltzen dutenek modu seguru eta erosoan aparkatu dezakete hura, egunero lanera joateko, ikasteko edo mandatuak egiteko erabiltzea errazago izan dadin.
Aparkaleku-sare hori osatzeko, Bizkaiak 110 BiziPuntu geltoki ditu, 86 udalerritan banatuta, bizikletak konpontzeko, mantentzeko eta gurpilak puzteko doako zerbitzuak eskaintzen dituztenak. Puntu horiek bizikleta-autonomiarako beste urrats bat ezezik, funtsezko tresna dira lurralde osoan mugikortasun aktiboaren kultura sustatzeko.
Baina bizikletaren bultzada ez da hor amaitzen. Foru Aldundia Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala garatzen ari da. Funtsezko dokumentu horrek 350 kilometro baino gehiagoko ibilbide berdeen sare konektatu bat definituko du, lurraldea egituratzearren, eta modu seguru, efiziente eta osasungarrian ibiltzeko aukera berriak sortzearren. Aldi berean, abian dira Lezamako Bide Zaharreko obrak. Bilbo eta Txorierri arteko lotura estrategikoa da, eta Artxanda azpiko trenbide-tunela aprobetxatuko du, 6,6 milioi eurotik gorako inbertsioa baliatuta.
Bizikleta, bizikidetza-eredu berri baten ikur
Ekintza horiek guztiak ez dira esku-hartze isolatu hutsak, baizik eta Bizkaiko mugikortasunaren eraldaketa-eredu integral baten parte. Eredu horrek pertsonak erdigunean jartzen ditu, eta lurralde-desberdintasunak murriztea, osasun publikoa hobetzea eta bidezko trantsizio ekologiko baterantz aurrera egitea du helburu. BizkaiBizik aldaketa horren sinbolo da: ez da garraiobide hutsa bakarrik, baizik eta lurralde konektatuago, irisgarriago eta iraunkorrago baten aldeko erronka.
Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru diputatu Sonia Pérez Ezquerrak adierazi duenez, «…ez gara inprobisatzen ari. Hobeto, garbiago, osasungarriago eta jendearengandik hurbilago mugitzen den Bizkaia bat eraikitzen ari gara. BizkaiBizi 2.0 da elkarrekin pedalei eraginez egin nahi dugun etorkizun hori «.
Ibilbide guztiek axola dutelako. Bizikleta aukeratzen duen pertsona bakoitza dagoeneko martxan dagoen eraldaketa baten parte delako. Urratsez urrats, pedalei eraginez, Bizkaia beste mugikortasun bat posible dela erakusten ari delako. Eta bertan geratzeko etorri da.