
HAEZI taldeko ikertzaileek aztertu dute zer inpaktu izan zuen memorian COVIDaren ondorioz ezarritako alarma-egoeraren iragarpenak. Inkestatutako pertsonek oroitzapenei dagokienez adierazitako zehaztasunetik eta segurtasunetik ondorioztatu dute inpaktua handia izan zela eta ez dela beharrezkoa gertakari bat ustekabekoa izatea arrastoa uzteko. Gainera, aztertu dute nola eragiten duen adinak oroitzapenetan, eta egiaztatu dute zenbat eta zaharrago izan orduan eta zehaztasun gutxiago dutela.
Gertaera guztiek ez dute inpaktu bera sortzen gure memorian. Batzuk zehaztasun handiz grabatzen dira gure buruan, izoztuta geratu den argazki bat balira bezala. “Psikologiaren esparruan, xehetasun eta segurtasun handiz atxikitzen ditugun karga emozional handiko gertaera horiei flash-, distira- edo tximista-oroitzapen esaten zaie. Historikoki, halakotzat hartu dira gizartean eragin handia izan duten gertaerak, hala nola martxoaren 11ko atentatua edo John F. Kennedyren hilketa. Ildo horretatik, duela gutxi ondorioztatu dugu COVIDagatik ezarritako alarma-egoeraren iragarpenak ere betetzen dituela oroitzapen-mota horren ezaugarriak”, azaldu dute Alaitz Aizpurua eta Malen Migueles EHUko ikertzaileek.
Ondorio horretara iritsi dira ikertzaileek diseinatutako galdetegi bati 112 pertsonak emandako erantzunak aztertu ondoren. Onlineko formularioari konfinamendu-agindua eman eta hilabetera erantzun zioten parte-hartzaileek, eta honako hauei buruzko galderak egin zizkieten: zer egunetan egin zen iragarpena, zer eguraldi egiten zuen albistea jakin zutenean, zer arropa zeramaten soinean, zertan ari ziren eta abar. Era berean, inkestatuek adierazi behar zuten zenbaterainoko konfiantza zuten esaten ari ziren horren zehaztasunean.
“Gertaerari buruzko xehetasun asko gogoratu zituzten, eta segurtasun handia erakutsi zuten buruan atxiki zutenari buruz. Ziurtasunez erantzuteak ez du esan nahi oroitzapenak errealitatearekin bat egiten zutenik. Egiazkotasuna ezin dugu egiaztatu, baina ez da faktore erabakigarria gertaera batek gogamenean eragin handia izan duen edo flash-oroitzapen bat den baloratzeko. Hain zuzen, flash-oroitzapenen ezaugarria da parte-hartzaileak ematen dituen espezifikotasun- eta konfiantza-mailak altuak direla. Kasu honetan, hala ziren. Beraz, esan dezakegu COVIDaren ondorioz ezarritako alarma-egoera flash-oroitzapen bat dela”, azaldu dute Aizpuruak eta Miguelesek.
Hain zuzen, ondorio horrek balio izan du eztabaida zientifiko bati ekarpena egiteko: gertakari baten inpaktuak distira-oroitzapen bat sortzeko hark ustekabekoa izan behar duen edo ez argitu nahi duen eztabaida zientifikoari. Ohikoena da bat-bateko gertaerak izendatzeko erabiltzea termino hori, baina badira kontrakoa frogatzen duten ikerketak. Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) lanak ondorioztatu du, beste ikerketa batzuekin batera, ez dela beharrezkoa gertakari bat ezustekoa izatea flash-oroitzapenak sortzeko. Izan ere, inkestatuen % 52k uste izan arren COVIDaren ondorioz alarma-egoera ezartzea iragartzeko modukoa eta logikoa izan zela, emaitzek erakutsi zuten gertaerak oso oroitzapen zehatzak sortu zituela parte-hartzaileengan eta segurtasun eta konfiantza handiz gogoratzen zutela.
Aldeak adinaren arabera
Ikerketaren beste helburu garrantzitsu bat izan zen aztertzea zer harreman zegoen adinaren eta oroitzapenen espezifikotasunaren eta konfiantzaren artean. Horretarako, parte-hartzaileen erantzunak aztertu eta hiru taldetan banatu zituzten: heldu gazteak (19-29 urte), adin ertainekoak (30-54) eta adinekoak (55-78).
Zehaztasunari dagokionez, gazteenek eman zituzten xehetasun gehien alarma-egoera ezarri zen uneari buruz atxiki zuten informazioa deskribatzean. “Espero genuen emaitza hori, aurreko lanek ere hori adierazten zutelako. Adinekoak ez dira gazteak bezain zehatzak izaten. Hala ere, gure ikerketak informazio berritzailea eskaintzen du adin ertaineko pertsonei buruz, gure esparruko ikerketetan ez baitira kontuan hartu orain arte. Hau da, muturren arteko aldeak aztertu izan dira, eta, beraz, ia ez dago daturik 30 eta 54 urte arteko etapari buruz. Gure azterketak agerian utzi du adin-tarte horretan oroitzapenen xehetasun-mailak antz handiagoa duela adineko pertsonen xehetasun-mailarekin gazteen mailarekin baino”, diote Aizpuruak eta Miguelesek.
Hala ere, ikertzaileek azaldu dutenez, bitxia bada ere, patroia berbera da adin-talde guztientzat konfiantzari dagokionez. Ez dago alderik, eta, kasu guztietan, segurtasun handia adierazten dute erantzunetan.
Azkenik, EHUren ikerketak erakusten du adineko pertsonak positibotasunagatik nabarmentzen direla. Inkestan parte hartu zutenei galdetu zieten nola sentitu ziren albistea jakin zutenean, eta erantzun positiboenak adinekoenak izan ziren (55 eta 78 urte bitartekoak). “Hainbat azterlanek diote gizakiak positiboago izateko joera duela zahartu ahala. Guk egiaztatu dugu joera hori mantendu egin zela COVID garaian ere. Horrek berresten du adineko pertsonek kontrol kognitiboko mekanismo gehiago dituztela estimulu negatiboak ezabatzeko eta, horrela, beren erregulazio emozionala hobetzeko. Eta, horretan, asko dugu ikasteko”, azpimarratu dute Aizpuruak eta Miguelesek.
Informazio gehigarria
Artikulu zientifiko hau elkarrekin osatu dute Alaitz Aizpuruak, Malen Miguelesek eta Iratxe Unibasok. Hirurak dira HAEZI ikerketa-taldeko kideak eta Psikologia Fakultateko irakasleak, eta Psikologiako graduan irakasten dute.
Horretaz gain, Aizpurua irakaslea da Psikodidaktikako Masterrean: Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktikak. Bere ikerketa-ildo nagusiak dira, alde batetik, adinarekin eta zahartzearekin lotutako memoria eta malgutasun kognitiboko prozesuak; eta, bestetik, gaitasun sozioemozionalak eta ongizate emozionala hezkuntza-testuinguruetan.
Miguelesen ikerlanak oroitzapen faltsuak, memoria autobiografikoa, prozesu inhibitzaileak eta lekukoen memoria ditu ardatz.
Unibasoren azterlanak, berriz, gai hauei buruzkoak dira: funtzio kognitiboak eta tresna teknologikoak, mindfulnessak errendimendu akademikoa eta osasuna hobetzeko duen ahalmena, eta gurasotasun positiboak eta hiri lagunkoiek bizi-kalitatea hobetzeko ematen duten aukera.
Erreferentzia bibliografikoa
- Flashbulb memories for the declaration of the COVID-19 alarm state: Age-related differences
- Psychological Research
- DOI: 10.1007/s00426-025-02140-1