Gauzazko laguntza hauen helburua euskal kultura-ondarearen deskribapena eta digitalizazioa sustatzea da, eta emaitza Euskariana -Euskal Kulturaren Atari Digitalean zabalduko da, ondare hori hurrengo belaunaldiei zabaldu eta transmititzeko
Gobernu Kontseiluak euskal kultura-ondarea katalogatzeko, digitalizatzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko 100.000 euroko laguntza deialdia onartu du gaur. Deialdi honen bidez euskal funts analogikoak baliabide digital estandarizatu bihurtu nahi dira, datozen belaunaldiei transmititzea eta euskal kultura-ondarearen deskribapena eta digitalizazioa sustatzea helburu, ondoren Euskariana – Euskal Kulturaren Atari Digitalaren bidez zabaltzeko.
Deialdi honetan jasotzen denaren arabera, diruz lagundu ahal izango dira euskal kultura-ondarea osatzen duten kultura-baliabideak, digitalizatzea edo digitalizatzea eta katalogatzea helburu duten proiektuak, hala nola argazkiak, grabatuak, marrazkiak, ikus-entzunezko materiala, mapak, planoak, kartelak, prentsa eta funts-bibliografikoak. Proiektu bakoitzerako kalkulatutako gehieneko zenbateko baloraketa 20.000 eurokoa izango da, eta gutxieneko balioa ez da 2.500 eurotik beherakoa izango digitalizaziorako, eta 5.000 eurotik beherakoa katalogazio eta digitalizaziorako.
Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte euskal kultura-ondareko baliabideen titular diren pertsona fisikoek eta erakunde publiko edo pribatuek, baliabideak jabari publikoan badaude, obra zurtzat otzen badira (horien jabetza intelektualeko eskubideen titularrak identifikatu gabe badaude edo, halakorik badago, aurkitu gabe badaude) edo titularrek dagozkien ustiapen-eskubideak badituzte.
Aurreko deialdietan (2023 eta 2024) ezarritakoari jarraituz, laguntza hauek diruzkoak izan beharrean “gauzazko” laguntzak dira. Katalogatzeko eta/edo digitalizatzeko lanek eskatzaile batzuentzat zailtasun teknikoak dituzte, baita irudien eta horiekin batera doazen deskribapenen kalitate-estandarrak bermatzeko ere. Hori horrela, Euskadiko Liburutegi Digitalaren Zerbitzuaren ardura izango da lan hori egitea eta eskatzaile bakoitzak disko gogor bat jasoko du dagozkion artxiboekin.
Azken emaitza Euskarianan (Euskal Kulturaren Atari Digitalean) zabalduko da, baliabideak bai zuzenean sartuz, zein bilduz, sustatzaile bakoitzak bere OAI-PMH (The Open Archives Initiative – Protocol for Metadata Harvesting) gordailua badu. Protokolo honek gaur egun dauden digitalizazio-proiektu nagusien arteko elkarreragingarritasun-estandarrak garatu eta sustatzen ditu, eta Interneteko edukien zabalkunde eraginkorra errazten du. Deskribapenean zein digitalizazioan estandarren erabilera sustatzen da, euskal kultura-ondarearen baliabideak Europeanan – kultura-ondare digitalizatuaren Europako atarian – txertatzea ahalbidetzeko.
Interesdunek hilabeteko epean eskatu beharko dituzte laguntzak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2024 urteko deialdian 8 proiektu lagundu ziren diruz.
EUSKARIANA
Euskariana euskal kulturari buruzko edukietara sartzeko atari digitala da eta Euskadiko Liburutegi Digitalak kudeatzen du. Euskariana euskal kultur ondarearekin zerikusia duen edozein eduki Interneten bilatzeko aukera ematen duen atari digitala da. Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, Euskal Autonomia Erkidegoko udalen, unibertsitateen eta euskal kultura-ondarearen baliabide digitalizatuak kudeatzen dituzten erakunde pribatuen arteko lankidetza estuan eraikitako proiektua da, eta jatorrizko euskarriak liburuak, aldizkariak, kartelak, argazkiak, diskoak edo bestelako materiala dira. Euskarianaren proiektuak orain dimentsio handiagoa izango du Europako Liburutegi Digitalean, Europeanan, sartzearekin batera.