Gobernu Kontseiluak lau ikerketa-bekaren deialdia onartu du gaur Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako artxibo-funtsak eta dokumentu-ondareak ikertzeko. Beka bakoitza 10.000 eurokoa izango da, eta, guztira, 40.000 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak deialdi honetara. Deialdi honekin, Jaurlaritzak Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako euskal dokumentu-ondarearen ikerketa sustatu nahi du.
Bekaren eskatzaileek banaka aurkezten diren ikertzaileak izan beharko dute, eta memoria batean zehaztu beharko dituzte ikertuko dituzten objektu eta jarduerak, baita proiektuaren epe eta justifikazioa ere. Deialdia ebazteko, norgehiagoka bidezko lehiaketa erabiliko da eta irizpide hauek hartuko dira kontuan ebazpenerako: ikertzaileen merezimenduak eta esperientzia, eta Ikerketa-proiektuaren metodologia, garrantzia eta kalitatea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta pertsona bakoitzak beka-eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du. Bekek 12 hilabeteko iraupena izango dute, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, eta epe hori ezin izango da 2025eko abenduaren 31tik harago luzatu.