Eusko Jaurlaritzak Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak “BARNAHUS” abian jarri dute haurren eta nerabeen aurkako sexu-indarkeriari aurre egiteko arreta integraleko esperientzia pilotua

0

Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman du Eusko Jaurlaritzak, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak erakunde arteko hitzarmen bat sina dezaten, udazkenean «Barnahus» delakoa abian jartzeko, Euskadiko lehenengoa, haur eta nerabeen aurkako sexu-indarkeriari aurre egiteko arreta integral eta espezializatuaren eredu pilotua.

Adingabeen aurkako sexu-indarkeria areagotzeari emandako erantzuna

Hitzarmena testuinguru kezkagarri batean sortu da: Ertzaintzaren arabera, 2020tik 2023ra bitartean 1.009 salaketa erregistratu ziren biktima adingabeekin egindako sexu-delituengatik, 2020ko 130 kasuetatik 2023ko 448etara. Gainera, gora egin dute bikoteek edo bikotekide ohiek neskatilei eragindako indarkeria-kasuek ( % 25) eta sexu-indarkeriako delituek ( % 24,2).

Estatu mailan, Barne Ministerioaren datuek berresten dute adingabeak direla azken urteetan sexu-erasoen gorakadak gehien eragindako taldea.

Haurtzaroko eta nerabezaroko sexu-indarkeriak ondorio emozional, fisiko, kognitibo eta sozial larriak eragiten ditu, eta erantzun publiko koordinatua, espezializatua eta adingabearen interes gorenean zentratua eskatzen dute.

 

Eredu integrala, koordinatua eta espezializatua

Proiektu pilotua Arabako Lurralde Historikoan garatuko da, eta osasun-, hezkuntza-, gizarte-, polizia- eta justizia-sistemak integratuko dituen arreta homogeneo eta koordinatua eskaintzea du helburu.

Erreferentziazko gune bat prestatuko da, Eusko Jaurlaritzak emana. Bertan, profesionalen esku-hartzea bilduko da, biktimek bigarren mailako biktimizazioa jasan ez dezaten, beren lekukotasuna errepikatu behar dutelako edo hainbat zerbitzuren artean mugitu behar dutelako.

Ereduak honako zerbitzu espezializatu hauek aurreikusten ditu:

  • Biktimei eta haien familiei laguntza, aholkularitza eta orientazioa ematea.
  • Balorazio medikoa eta psikologikoa.
  • Esploratzeko elkarrizketa eta deklarazioa hartzea.
  • Ingurune seguru batean aldez aurretik eratutako proba, bitarteko tekniko egokiekin.
  • Esku-hartze espezializatuaren beharrak baloratzea.
  • Laguntza terapeutikoa eta tratamendu ardaztua sexu-indarkeriak eragindako trauman.

Sarbidea borondatezkoa, doakoa eta konfidentziala izango da, eta biktimen eta haien familien duintasuna errespetatuko du.

 

Erakundeen konpromisoak

Erakunde sinatzaile bakoitzak erantzukizun espezifikoak hartzen ditu bere gain. Hala:

 

Eusko Jaurlaritzari dagokionez:

  • Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila: lokala hornitzea eta mantentzea, kasuen koordinazio administratiboa, eta profesionalen prestakuntza espezializatua bermatzea.
  • Justizia eta Giza Eskubideen Saila: deklarazioa baldintza seguruetan eta adingabeei egokituta hartzeko baliabide teknikoak eta giza baliabideak.
  • Hezkuntza Saila: ikastetxeetan jarduteko protokolo sektoriala onartzea, ongizate- eta babes-koordinatzaileen zeregina indartzea eta hautemandako kasuak berehala jakinaraztea.
  • Osasun Saila eta Osakidetza: detekzio goiztiarra osasun-zentroetan, jarduera-protokolo espezifikoak, arreta guztia historia klinikoan sartzea eta sentsibilizazio- eta prestakuntza-programak.
  • Segurtasun Saila eta Ertzaintza: sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeak ikertzeko eta babesteko unitate espezializatuak, biktimari arreta emateko protokolo espezifikoak aplikatzea.

 

Arabako Foru Aldundiaren erantzukizuna izango da:

  • Kasuak ikertzea, gizarte-zerbitzuekin koordinatuta.
  • Erreferentziako profesional bat izendatzea.
  • Esku hartzeko plan pertsonalizatuak egitea.

 

Eta Gasteizko Udalarena (eta etorkizunean atxikitako udalerriena):

  • Zuzenean esku hartzeko eta agintaritzaren agentetzat hartzeko gaitasuna duten oinarrizko gizarte-zerbitzuen jarduna.
  • Erreferentziako profesionalak izendatzea.
  • Indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta ematen espezializatutako udaltzaingo-unitateak bultzatzea.

 

Jarraipena eta ebaluazioa

Hitzarmenak Jarraipen eta Kontrol Batzorde Mistoa sortzea ezartzen du. Batzorde hori erakunde sinatzaile guztien ordezkariek osatuko dute, eta gutxienez hiru hilean behin bilduko da esperientzia pilotua koordinatzeko, ebaluatzeko eta hobetzeko. Gainera, Batzorde Tekniko batek batera jarduteko jarraibideak prestatuko ditu eta arretaren kalitatea hobetzea proposatuko du.

Indarraldia eta luzapen posiblea

Hitzarmenak, hasiera batean, bi urteko indarraldia izango du, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da. Era berean, Arabako beste udalerri batzuk eranskin baten bidez atxikitzeko aukera jasotzen da, ereduaren irismena zabaltzeko.

Urrats erabakigarria haurrak eta nerabeak babesteko

Proiektu horrekin, EAEko erakundeek indartu egiten dute haurrak eta nerabeak sexu-indarkeriatik babesteko konpromisoa, Haur eta Nerabeei buruzko 2/2024 Legea eta 8/2021 Lege Organikoa (INBILO) aplikatuz.

Eredu integralaren helburua da adingabeek arreta ordenatua, koordinatua eta espezializatua jasotzeko duten eskubidea bermatzea, bigarren mailako biktimizazioa murriztea eta Euskadin erreferentziazko zerbitzu egonkor baterantz aurrera egitea.