Hezkuntza Sailak UNESCOren aliantza indartu du eta etorkizunerako hezkuntza-lehentasunak ezartzen dituen aholku batzordean sartuko da

0

Euskal hezkuntza-politikak balio ukaezina hartu du nazioartean. Euskadi Hezkuntza-politikari dagozkien alorrak nola kudeatzen dituen erakusteko erreferentziazko lurralde gisa kokatuko da, hala nola segregazioa, inklusioa, aniztasunari arreta eta hezkuntza-berrikuntza

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Global Education Monitoring Report (Gem-Report) txostenaren Aholku Batzordeko kide izateko hautagaitza ofizialtzea onartu du Gobernu Kontseiluan, horretarako United Nations Educational, Scientific and Cultural Organization (UNESCO) erakundearekin lankidetza-hitzarmena sinatuz eta dagokion dirulaguntza emanez.

GEM txostenak 160 gobernuk 2015eko Hezkuntzaren Munduko Foroan emandako aginduan du jatorria. Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) hezkuntzaren aurrerapena landu, gainbegiratu eta dokumentatzeko. Txostena UNESCOren baitan egin eta argitaratzen da, erabakietan independentea delarik.

Txosten horrek erabaki eta arduradun politikoen eta ikertzaileen eskura jartzen ditu hezkuntzari buruzko datu, ebidentzia eta gomendio zorrotzak, elkarrizketa politikoa eta berdinen artean ikasteko esperientzien berri emanez. Hezkuntza-sistemak, planak, politikak eta aurrekontuak indartzea ere planteatzen du Garapen Jasangarriaren 4. Helburua lortzeari begira.

Txosteneko informazioa eta datuak nazioetako eta nazioarteko estrategiak abiarazteko baliabidea ere badira, eta estrategia horiek konpromisoak betetzen diren ala ez ebaluatzen laguntzen dute, Garapen Jasangarrirako Helburuen jarraipen eta berrikuspen prozesu orokorraren parte gisa.

 

Euskadin, «GEM Txostenak» zabalpen berezia du eta urtero argitaratzen da

Euskadik foro horretan parte hartzea aukera bat da EAEko hezkuntza-politika balioesteko. Hezkuntza-politikako alor batzuei heltzeko orduan erreferentzia bihurtuko da, hala nola segregazioa, inklusioa, aniztasunaren arretari eta hezkuntza-berrikuntza nola garatzen dituen erakusteko.

 

Funtsezko nazioarteko foroa

Ekainean, Euskadi GEM txostenaren Aholku Batzordearen urteko bilen izan zen estrainekoz gonbidatu gisa. Euskal ordezkaritzaren buru Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosa izan zen, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusi Ander Caballero, eta Euskadiren Frantziako ordezkari Arantza Lopez de Munain.

Finlandiako gobernuko presidenteorde Jutta Urpilainen buru dela, Aholku Batzordeak orientabideak ematen dizkio txosteneko taldeari hainbat gaitan, besteak beste, hurrengo edizioetako eskemak, txostenaren garapen orokorra, etorkizuneko gaiak edo komunikazio-estrategia.

Urteko topaketa nagusian, Aholku Batzordeak UNESCOko, Nazio Batuen agentzietako eta lotutako nazioarteko beste erakunde batzuetako ordezkariak biltzen ditu, hala nola ELGA, Hezkuntzaren aldeko Munduko Aliantza, UNICEF edo Munduko Bankua. AEEko, ASEANeko, ALECSOko, SADCko, gizarte zibileko, Ikasleen Munduko Foroko edo Hezkuntzaren Aldeko Munduko Konpainiako ordezkariak dituzten eskualdeetako erakundeetako kideak ere bai, izan ere, Eusko Jaurlaritzak elkarreragin aberasgarria izan nahi du haiekin eta hezkuntzaren inguruko ikuspegi baliotsuak partekatu nahi ditu munduko hainbat eremutan.

Euskadi lurralde bezala Kontseilu horretan sartzea berria da, UNESCOk GEM taldearen lanean lokalizazio-osagai sendoagoa sartzeko duen interesari erantzuten dio, haren eduki eta gomendioetan eragin handiagoa izan dezakeela uste baitu.

Horregatik guztiagatik, foro honek aukera ematen dio Hezkuntza Sailari nazioarteko espazioan aktiboki parte hartzeko, bertan etorkizuneko hezkuntza-lehentasun handiei buruz eta orientazioei buruz eztabaidatzeko. Euskal esperientziari buruzko ekarpenak egingo ditu ekitatearen, berrikuntzaren, inklusioaren edo jasangarritasunaren alorretan eta hezkuntza bidezkoago eta kalitate hobedun batean aurrera egiten laguntzeko.

 

Hezkuntzarako eskubidearen defentsa

UNESCO Nazio Batuen Erakundearen agentzia espezializatua da, eta 1945ean sortu zen. Bere eginkizun nagusia munduan bakea eta segurtasuna lortzen laguntzea da, hezkuntzaren, zientzien, kulturaren, komunikazioaren eta informazioaren arloetako nazioarteko lankidetzaren bidez. Hezkuntzarako eskubidearen defentsaren buru da mundu mailan, baita nazioarteko helburu handiak sustatzen ere. Horien artean, 2030 Agendaren 4. GJHa nabarmentzen da, pertsona guztientzako hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatu nahi duena. UNESCOk urtero argitaratzen du GEM txostena, erreferentzia nagusia da arlo horretako aurrerapenak ebaluatzeko eta herrialde desberdinetako politikak bideratzeko mundu mailan.