Lanbidek 15 milioi eurorekin indartu du Euskadin enplegagarritasuna sustatzeko prestakuntzaren aldeko apustua

0

Langabeen eta landunen trebakuntza profesionala eta linguistikoa bultzatuko du Euskal Enplegu Zerbitzuak, Hezkuntza eta HABErekin lankidetzan

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bi kudeaketa gomendio onartu ditu 2025-2026 aldirako, Euskadin prestakuntza indartzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko. Ekimen horiek 15 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa dute, eta Hezkuntza Sailarekin eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin (HABE) elkarlanean garatuko dira.

Alde batetik, Hezkuntza Sailarekin sinatutako gomendioari esker, 2025-2026ko prestakuntza programazioa sail horren mendeko ikastetxe publikoen bidez egin ahal izango da. 14,6 milioi euroko zuzkidurarekin, prestakuntza hori langabezian dauden pertsonei —sarbidean lehentasuna izango dutenei— eta landunei zuzenduko zaie. Lan esperientziaren bidez edo bestelako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide gaitasunak egiaztatzeko prozeduretan parte hartzen dutenentzako ekintza espezifikoak ere jasotzen ditu planak.

Bestalde, Lanbidek eta HABEk beste kudeaketa gomendio bat sinatu dute, euskarazko hizkuntza trebakuntzan oinarritua. 400.000 euroko finantzazioa izango du orotara, eta Lanbidek programatutako edo baimendutako prestakuntza ekintza kualifikatzaileetan parte hartzen duten edo parte hartu duten langabeei edo landunei zuzenduta egongo dira ikastaroak. Prestakuntza HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegietan eta autoikaskuntzako zentroetan garatuko da, Europako Erreferentzi Marko Bateratuko A1 mailatik C1 mailara, aurrez aurreko eta teleprestakuntzako modalitateetan.

Helburua da Euskadin gero eta handiagoa den langile elebidun kualifikatuen eskaerari erantzutea eta herritarrei garapen profesionalerako aukera berriak eskaintzea, euskararen ezagutzarekin gaitasun teknikoak eskuratu, eta, hori lan merkatuan sartzeko balio erantsi izan dadin.

Ikastaroen eskaintzari buruzko informazio guztia Lanbideren webgunean egongo da eskuragarri. Bertan, interesdunek izena emateko baldintzak eta prozedurak kontsultatu ahal izango dituzte. Bi kudeaketa gomendio horiekin, Lanbidek berretsi egiten du enplegagarritasuna hobetzeko, bizialdi osoko prestakuntza sustatzeko eta euskararen normalizazioa sustatzeko konpromisoa.