Euskadiko larrialdietako taldeek arrakastaz burutu dute Donostiako aireportuan egin den larrialdi aeronautiko baten simulakroa

0
  • Aenak antolatu duen ariketak bere Larrialdi Aeronautikoen Planean ezarritako jarduera- eta koordinazio-prozedurak ebaluatzeko balio izan du
  • Simulakroaren helburua aireportuko larrialdi bati erantzuna ematean inplikatutako kolektiboen integrazio- eta ezagutza-maila egiaztatzea izan da

Euskadiko larrialdietako taldeek, SOS Deiak zerbitzuak koordinatuta, aireko istripu baten simulakroan parte hartu dute gaur Donostiako aireportuan. Aenak antolatu duen ariketak bi helburu izan ditu: erakundearen Larrialdietako Planean aurreikusitako jarduera- eta koordinazio-prozedurak ebaluatzea eta era horretako larrialdi bati erantzutean inplikatuta dauden kolektiboen integrazio- eta ezagutza-maila egiaztatzea.

Ariketaren garapena

Hegaldi komertzialean 23 bidaiari eta 4 tripulatzaile zeramatzan aireontzi batek izan duen istripuaren simulakroan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko teknikariek, Ertzaintzak, Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzuak eta suteak itzaltzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko taldeek parte hartu dute. Hegazkinak, 22 pistan lurreratzeko maniobran, haizearen eraginez, pista jo du eskuineko hegalaren puntarekin, eta horrek bere ibilbidea desbideratu du eta pistatik irten da, San Rafaelgo aintziran pixka bat sartuz.

Gogoan izan behar da Euskadik bere EAEko Larrialdi Aeronautikoen Plan Berezia duela, Babes Zibileko Kontseilu Nazionalak homologatuta duen ezaugarri horietako lehenengo plana. Plan hori 2022ko otsailaren 1ean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Euskadiko Babes Zibileko Planean (LABI) integratuta dago. Horren helburu nagusia da eskumenak dituzten administrazioek koordinatuta eta osotasunean kudeatzea Planean bertan deskribatutako larrialdi aeronautiko desberdinak.