- Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta 23 upeltegik —Arabako Errioxa, Sagardoa eta Txakolina— bilerak izan dituzte inportatzaile, gastronomo, jatetxe, banatzaile eta erakundeetako ordezkariekin
- Masterclass eta dastaketak Mexiko Hiriko Euskal Etxean
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Mexiko Hirian adierazi duenez, “Euskadin ekoitzitako gastronomia eta edariak dira kalitatea eta bikaintasuna ezaugarri dituzten merkatu berrietara irekitako Euskadi globalaren aurkezpenik eta erreferentziarik onena”. 23 upeltegik —Arabako Errioxa, Sagardoa eta Txakolina— bilerak izan dituzte egunotan Mexikon inportatzaile, gastronomo, jatetxe, banatzaile eta erakundeetako ordezkariekin, euskal produktuak sustatzeko eta merkatu berriak irekitzeko.
Mexikoko hiriburuan gaur egin diren ekitaldien artean, euskal ordezkaritzak eskainitako show-room, erakustaldi, masterclass eta dastaketa nabarmentzen dira, Mexikoko hiriburuko elikaduraren arloko profesionalen ordezkaritza hautatu baten aurrean, besteak beste, Wenceslao Martínez, Provinoko presidentea; Marco Estudillo, Guadalupeko Haraneko Saltzaileen elkarteko presidentea, eta Andrea Peña, Kalifornia Beherekoa.
Amaia Barredorekin batera sustapen-topaketetan parte hartu du Ainhoa Apeztegiak, Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen ordezkariak. Hain zuzen ere, sailburuaren lehen topaketa Mexiko Hiriko Euskal Etxean egin da, Iñigo Bilbaokin, eta 23 upategitako euskal taldeak “lankidetza-bide berriak eskaini dizkie munduko edozein lekutatik iritsitako ideiak, estiloak eta produktuak ekartzeko, betiere euskal sukaldaritzaren tradizioaren eta kulturaren ehun urteko oinarriarekin”.
Amaia Barredo sailburuak adierazi duenez, “iaz Arabako Errioxako ardoak izan ziren euskal ardoaren esportazioen motorra, bolumenaren % 69 eta fakturazio osoaren % 90: % 9,1 litro gehiago esportatu ziren, fakturazioaren % 4,5 gehiagorekin”. Euskal ardoaren nazioarteko merkatu nagusiak Erresuma Batua (lehen merkatua, 6,6 milioi litro) eta Estatu Batuak (3,3 milioi) dira.
“Zalantzarik ez da, euskal-mexikar gazteek balio handiko proiektu kultural, ekonomiko eta sozialak jorratuko dituztela Mexiko garatzeko. Planeta osoan momentu nahasiak bizi ditugu, baina bada lanarekin eta dedikazioarekin halakoak gainditzen dakiena, euskal gizartea alegia, besteak beste Euskal Etxe honetan bildutakoa”, adierazi du Barredok.
Erakustaldiak
Mexiko Hiriko Roma Norte auzoan garatutako show-room eta masterclassean, euskal ordezkaritzak, Mikel Garaizabal somelierrarekin, Arabako Errioxako urteko, ondutako eta erreserbako ardoen hautaketa bat erakutsi du, “Europar Batasuneko azoka espezializatu nagusietan txalotuak, txakolin eta sagardoekin batera”.
Euskal ordezkaritzak topaketa bat izan du “Mujeres in Taninos” kolektiboarekin, mahastizaintza eta ardogintzaren katean emakumeek duten rola ikusarazteko: ekoizpenetik eta enologiatik hasi eta banaketa, komunikazio eta kontsumoraino, historikoki gizonak nagusi izan diren sektore batean, aukerak sortu dituzte emakumeen ahotsek ardoaren oraina eta etorkizuna zehazteko, Mexikon eta munduan.
Bibiana Parra, Joanna Vallejo eta Paz Austin izan dira bertan. Era berean, bilerak egin dira gaur Paloma Palacios Querétaroko Gobernuko ordezkariarekin, Eugenio Parrodi Wiechers Mahastizaintza eta Ardogintza Klusterreko presidentearekin eta Halina Gama Arriaga CVQko zuzendariarekin, eta Mexikoko Gobernuko Nekazaritza Idazkaritzarekin, Euskadiren eta Mexikoren arteko nazioarteko harremana eta merkataritzaren egoera aztertzeko, hauek ardatz hartuta: elikadura eta edariak, esportazioak eta inportazioak, muga-zergen arazoa eta Euskadik gastronomian duen erreferentzia. Hilak 3, hainbat bilera egingo dira Guadalajara hirian.
Aurkezpenean parte hartzen duten upeltegiak hauek dira: Primicia, Covila, Bodegas de la Marquesa-Valserrano, Fos, Garcia de Olano, Señorío de Arana, Loli Casado, Lopez Oria, Ostatu, Valdelana, Valdemar, Virgen de Lorea eta Familia Monje Amestoy. Txakolinetan: Ameztoi Txakolina, Etxaniz Txakolina, Okendo Txakoliña, Astobiza, Talai Berri Txakolina eta Txakoli Gaintza; sagardoetan: Bereziartua, Petritegi Sagardoak eta Isastegi Sagardotegia; eta destilatuetan: Licores Barañano eta Basque Moonshiners.






