Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Bilbo bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzea adostu dute

0

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu du, modu ofizialean, Bilbo. Izendapen hori duen Euskadiko hiririk populatuena da, eta Estatuko bigarren populatuena, Bartzelonaren atzetik. Izendapen hori gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta behin betiko gauzatuko da urrian Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Izendapena justifikazio-memorian jasotako datuetan oinarritzen da. Memoria horrek egiaztatzen duenez, udalerri osoak legearen lehen irizpidean ezarritako atalasea gainditzen du: alokairuko batez besteko gastua gehi oinarrizko horniduraren gastua familia-errenta erabilgarriaren % 30 baino gehiago izatea. Zehazki, Bizkaiko hiriburuak % 30,24ko batez bestekoa lortu du, eta Begoña (% 34,47), Errekalde (% 33,33) eta Otxarkoaga-Txurdinaga (% 32,69) barrutiak legezko atalasearen gainetik daude. Abando barrutiak muga hori gainditzen ez duen arren, ezinbestekotzat jo da hura ere barne hartzea, hiri-merkatuaren gainerakoan duen inpaktu sistemikoa dela-eta.

Gaur goizean, Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egindako ekitaldian, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Juan Mari Aburto alkateak aurkeztu dute izendapena. “Datuak kontuan izanik, eta Bilboko bizilagunek eskatuta, aktibatu dugu izendapena. Hiriburuko barruti guztietan —Abandon ere bai (% 22,6 ingurukoa da)— familia askorentzat jasanezina den errentaren gaineko presioa antzeman da; gainera, presio hori handitu, eta klase ertain guztietara zabaldu da”, azaldu du sailburuak.

Aditzera eman duenez, “Bilbo gehitzearekin, Euskadiko biztanleriaren % 36k alokairuaren prezioei eusteko figura juridiko horren babesa du, eta alokairuaren prezioa ezin izango da kontsumo- eta etxebizitza-prezioen indizearen gainetik igo. Gainera, edukitzaile handien jabetzako etxebizitzen kasuan, lehen aldiz alokairura ateratzen diren etxebizitzak edo azken 5 urteetan alokairuan egon ez diren etxebizitzak Erreferentziazko Prezioen Indizearen arabera arautuko dira —Foru Ogasunaren datuen zain daude indize hori egin eta argitaratzeko—.Euskadik zenbait jarduketa-ildo dituen eremu tentsionatuko eredu baten aldeko apustua egiten du, legeak ematen digun potentzial osoa zukutzeko helburuarekin. Hau da, udalerri bakoitzak hiru urteko ekintza-planak onartzearen bidez, erakundeen arteko lankidetza handiagoa ziurtatzen eta sustatzen dugu, etxebizitzen jabeei bermeak eta pizgarri fiskalak ematen dizkiegu eta maizterrak babesten ditugu”.

Bilbo eremu tentsionatu izendatzearekin, “errentetan justifikaziorik gabeko igoerak saihestu nahi ditugu eta edukitzaile handien esku dauden alokairuak topatu, edo etxebizitzen alokairuaren merkatuan sartzen diren higiezin berrien kasuan jardun nahi dugu”, eman du aditzera Itxasok. “Neurri horiekin guztiekin batera, eskaintza handitzea lortzen ari gara, batez ere etxebizitza babestuena, hori baita, zalantzarik gabe, etxebizitza eskuragarrirako eskubidea gauzatzeko, alokairuaren prezioak jaisteko eta eskaintza eta eskaria orekatzeko dugun tresna nagusia”, adierazi du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak. Itxasok merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzeko eta azalera handiko etxebizitzak bereizteko deia egin du. “Etxebizitza berriak eraikitzea bezain garrantzitsua da eraikitako hiriaren gainean jardutea eta espazioak birdentsifikatzea eta hobeto aprobetxatzea”.

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eskerrak eman dizkie Itxaso sailburuari eta bere lantaldeari, hilabete hauetan Bilbo hiri osoa eremu tentsionatu izendatzearen alde izandako inplikazioagatik. Aburtok aitortu du eremu tentsionatu izendatzea oso garrantzitsua dela —“Bilbok, beste behin, erronka horri aurre egiteko lehen urratsa egin du”—, eta nabarmendu du gizarteko eragile aktibo guztiek etxebizitzaren erronkaz jabetu behar dutela eta erronka horri aurre egiteko ahaleginean parte hartu behar dutela. Alkatearen hitzetan, “guztiok arduratu behar dugu, modu partekatuan, eta denon artean urratsak egin behar ditugu etxebizitza duina eskuratzea erraztu dadin, erakundeek etxebizitza publikoan inberti dezaten, alokairu eskuragarria susta dadin eta hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea bultza dadin. Eta behin eta berriz nabarmendu behar dugu etxebizitza-politikarik onena enpleguek soldata duinak izatea dela, bereziki gazteen enpleguek”.

1.000 etxebizitza berritik gora 2028a baino lehen

Izendapen horren ondoren aktibatutako ekintza-planak hiru urteko iraupena du, eta zenbait neurri biltzen ditu prezioei eusteko, etxebizitzen parke publikoa 1.000 etxebizitzatik gora handitzeko, etxebizitza hutsak mobilizatzeko eta alokairurako laguntzak indartzeko. Eskaintza berria sortzera begira, hiru urteko planak aurreikusten du 2025-2028 aldian 1.090 etxebizitza berri eraikitzea eta ematea. Horietako 890 Eusko Jaurlaritzak zuzenean sustatuko ditu Bilbon. Sustapen nagusiak dira: alokairuko babes ofizialeko 385 etxebizitza (BOE) —319 Boluetan eta 66 Zorrotzaurren— eta 182 etxebizitza sozial (ES) —Gorte (23), Olabeaga (12), Larreagaburu (84) eta Bolueta (63)—.

Horrekin batera, Bilboko Udalak, Udal Etxebizitzak erakundearen bitartez eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, 200 zuzkidura-bizitoki (ZB) sustatuko ditu Amezolan (93 unitate), Gaztelondon (40) eta Arabellan (68), eta guztira 25 milioi euroko inbertsioa egingo du. “Politika probetxugarria egiten ari gara, asmo eta baliabide handiz eta elkarlanerako borondatez. Etxebizitza horiek ez dira asmo hutsak; obra planifikatuak, aurrekontudunak eta adjudikatuak dira. Soluzioa eraikitzen ari gara”, adierazi du sailburuak.

Horri gehitu behar zaio Eusko Jaurlaritzak 1.322 etxebizitza eta zuzkidura-bizitoki sustatu dituela azken urteotan. Horien artean daude gaur egun eraikitzen ari diren 7 sustapenak, guztira 482 etxebizitza eraikitzeko (babes ofizialeko 144 etxebizitza Boluetan, 179 zuzkidura-bizitoki Txurdinagan (107+72), babes ofizialeko 60 etxebizitza Otxarkoagan, 57 zuzkidura-bizitoki Zorrotzaurren, 23 etxebizitza sozial Gorteak auzoan eta babes ofizialeko 19 etxebizitza Eretza mendia inguruan.

Bestalde, Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak zenbatesten du Bilbok beste 16.264 etxebizitza gehigarri garatzeko bizitegi-ahalmen maximoa duela. Horietatik, hiri-plangintzak epe ertain eta luzera gutxi gorabehera 15.300 etxebizitza berri garatzea aurreikusten du. Hazkunde-potentzial hori honela banatzen da barrutien artean: Deustu (6.315), Basurto-Zorrotza (3.310), Rekalde (2.101), Abando (1.388), Begoña (1.002), Ibaiondo (378), Uribarri (565) eta Otxarkoaga-Txurdinaga (241). Era berean, Bilboko Udalak proiektatu du Eusko Jaurlaritzari lurzoruak lagatzea epe ertainera beste 400 etxebizitza gehigarri susta ditzan, zuzkidura-bizilekuko erregimenean.

Etxebizitza hutsa mobilizatzea: egiturazko lehentasuna

Planaren ildo estrategikoetako bat da Bizigune eta ASAP programen bidez etxebizitza hutsak mobilizatzea —programa horietan 1.197 eta 20 etxebizitza daude erregistratuta, hurrenez hurren—.Ildo horretan, hutsik dauden etxebizitzak (gaur egun 8.000 inguru daude) alokairu eskuragarriko merkatuan sartzea sustatuko da, jabe partikularrek etxebizitza horiek egokitzeko dirulaguntzen bidez eta jabe partikularrekin bitartekaritza-estrategiak garatzearen bidez.

Ikuspegi horrek egiturazko eskaera handiari erantzuten dio: uda amaieran, Etxebidek etxebizitza babesturako 30.590 eskaera aktibo erregistratu ditu udalerrian, eta horietatik 23.698 (% 77,4) alokairu-erregimenari dagozkio —17.755 bizikidetza-unitate erroldatu eta 5.943 ez-erroldatu—. “Ezin dugu onartu etxebizitza hutsik egotea, milaka pertsona zain daudenean. Etxebizitza itxi bakoitza aukera galdu bat da; hartara, eskaintza hori irmo mobilizatuko dugu”, aitortu du Itxasok.

Planak alokairurako prestazioen eta laguntzen sistema ere indartzen du, bereziki gazteentzat eta kolektibo zaurgarrientzat. Bilbon, ohiko etxebizitza alokatzeko 5.290 laguntza eman dira dagoeneko, eta Gaztelagun programarako laguntzak bultzatzen jarraituko da (3.119.061,19 € bideratu dira guztira tramitatutako 845 espedienteetarako), baita Emantzipa programarako laguntzak ere, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko koordinaziopean. Horrez gain, aintzat hartzen da etxebizitzarako eskubide subjektiboa indartzea, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko (EPE) berria eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak bultzatzea, eta etxegabetasunari aurre egiteko, talentu gaztearen itzulera errazteko eta etxegabetze-egoerei erantzuteko neurri espezifikoak ezartzea.

Sustapen-neurri horiekin batera, Planak eremu tentsionatuen berezko erregulazio-tresnak ere hartzen ditu aintzat. Besteak beste, alokairu-prezioak kontrolatzea eta kontratu-baldintzak nahitaez zabaltzea, merkatuaren jarraipena egiteko behatoki espezifikoa sortzea, edo administrazio publikoek lehentasunez eskuratzeko eskubidea izan dezaten zehaztea.

Etxebizitza-edukitzaile handientzako neurri zehatzak ere jasotzen ditu planak: horiek identifikatzea, haiekin lankidetza- eta birgaitze-akordioak hitzartzeko aukera finkatzea, eta etxebizitzak parke publikoan sartzeko pizgarriak bideratzea. Katastroaren arabera, Bilboko 618 pertsonak (fisikoak edo juridikoak) etxebizitza-erabilerako 5 eta 10 higiezin artean dituzte, eta beste 112 pertsonak 11 higiezin edo gehiago dituzte. Horrenbestez, hiri osoan zehar banatutako 2.915 etxebizitza daude edukitzaile handien esku.

Prezioen kontrola, merkatuaren erregulazioa eta jarraipena

Turismo-ostatuen erregulazioa ere jasotzen da planean, etxebizitza horiek eragin handia baitute ohiko etxebizitzaren eskaintzan. Gaur egun, Bilbok 1.300 pisu turistiko ditu, hau da, etxebizitza-parke osoaren % 0,7. Presio hori arintze aldera, jarraipen-mekanismoak jarriko dira abian, baita jabe-erkidegoei laguntza emateko mekanismoak eta lizentziak kautelaz eteteko mekanismoak ere.

Bestalde, planaren gobernantza Bilboko Udal Etxebizitza Bulegoaren bitartez antolatuko da, eta bulego horrek arreta integrala eskainiko die herritarrei. Bulego horrek laguntzen tramitazioan lagunduko du, etxebizitza babestu eta hutsei buruzko informazioa emango du, gazteei prozesuan lagunduko die eta errentamendu-gatazketan bitartekaritza egingo du. Gainera, planak urteko jarraipen- eta ebaluazio-adierazleak sortzea aurreikusten du, planaren eraginkortasuna eta gardentasuna bermatu dadin.

Azken batean, Itxaso sailburuaren hitzetan, “plana ez zaie pertsona zaurgarrienei soilik zuzentzen. Klase ertainei, lana dutenei eta, hala ere, hirian etxebizitzarik ordaindu ezin dutenei ere zuzentzen zaie. Errenta-atalase guztietarako etxebizitza-politikak egiten ditugu, uste baitugu etxebizitza duina eskuratzea ez dela pribilegio bat, eskubide bat baizik. Eta etxebizitzaren arazoak konponbidea baitu”.