Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC, ingelesezko siglak) ERC Starting Grant laguntza entzutetsua eman dio Leire Bejarano doktore eta Biogipuzkoako ikertzaileari, METAVASC proiektua garatzeko. Proiektu horrek garun-metastasiaren garapena azal dezaketen determinatzaile baskularrak aurkitu nahi ditu. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Biogipuzkoa Osasun Ikerketarako Institutuan gauzatzeko, 1.499.500 euroko finantziazioa lortu da.
Bejaranori emandako laguntza hau baliagarria izango da osagai baskularrek garuneko metastasiaren garapen goiztiar eta aurreratuan duten papera modu berritzaile batean aztertzeko eta ezagutza hori praktika klinikora eraman ahal izateko. «ERCren laguntza jasotzea ohore handia da, eta nire ikerketa-ildo propioa ezartzeko aukera paregabea. Oso eskertuta nago urte hauetan egindako lanaren aintzatespenarekin, eta espero dut proiektu honekin garuneko metastasiari buruzko ezagutzan aurreratu ahal izatea, eta etorkizunean gaixotasun hau duten pazienteei aukera berriak eskaintzea. Ilusioa ematen dit, halaber, Euskadira itzuli ahal izateak eta Biogipuzkoatik bikaintasun-zientzia bultzatzen laguntzeak”, adierazi du Bejarano doktoreak.
Ikerketaren Kontseilu Europarraren (ERC) laguntzek Europako bikaintasun zientifikoa eta abangoardiako ikerketa saritzen dute. Aurten, Europan eman diren 137 laguntzetatik soilik 13 jaso dituzte Espainiako Estatutik Bizitza Zientzien arloan aurkeztu diren proiektuek. Zenbaki hauek Bejarano doktoreak lortutako lorpenaren garrantzia eta datozen 5 urteetan Biogipuzkoa OIIn garatuko duen proiektuaren kalitatea islatzen dute. Halaber, Osasun Ikerketako Institutuek eta Euskal Osasun Sistemak Euskadin garatutako ikerketa zientifikoa babesten dute.
Talentu ikertzailea erakartzea
Laguntza honek Bejarano doktorearen ibilbide zientifiko bikaina bermatzen du. Doktoreak bere ibilbide akademikoan hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditu ospe handiko aldizkarietan eta finantzazioa lortu du lehiarako deialdietan. Leire Bejarano Bioteknologian lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean eta Biozientzia Molekularretan doktorea Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalean eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Doktorego ondoko ikertzailea izan da Lausanako Unibertsitatean (Suitza) eta, berriki, Biogipuzkoan sartu da. Talentu ikertzailea erakarrita, berrikuntza bultzatzen da osasunean eta herritarren osasunaren hobekuntzan.
Europako laguntza horri Amaia Cipitria Biogipuzkoako ikertzaileak 2023an jaso zuen laguntza gehitu behar zaio; izan ere, Europako Ikerketa Kontseiluaren 2,3 milioi euroko finantzaketa lortu zuen bularreko minbiziaren metastasiari buruzko proiektu aitzindari bat garatzeko.






