Udako Irteera-Itzulera Operazio Berezian 11 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan, 2024an baino hiru gehiago

0
  • Urtea hasi denetik, 30 pertsona hil dira trafiko-istripuetan Euskadiko bide-sarean
  • Uda honetan %5,5eko hazkundea izan da nazioarteko trafikoan eta %4,75ekoa barnealdekoan

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendariak Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren balantzea egin du, eta ezbehar-tasaren zifra «kezkagarria» nabarmendu du. Ekainaren 26tik abuztuaren 31ra bitartean, 11 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan, 2024an baino hiru gehiago. Hala ere, behera egin dute epe honetan izandako istripuen kopuruak (%6,7 gutxiago; 1.154 aurten, 1.237 iaz), zauritu larrien kopuruak (%17,5 gutxiago; 66 aurten, 80 iaz) eta zauritu arinen kopuruak (%8,6 gutxiago; 523 aurten, 572 iaz).

Udan hildako 11 pertsona horietatik (6 Gipuzkoan, 3 Araban eta 2 Bizkaian) %55 kolektibo kalteberetakoak dira (3 motorzale, 2 oinezko eta txirrindulari 1). Eta bide-moten arabera, 7 pertsona hil ziren errepide arruntetan, 2 herri barruko bideetan eta 2 autobietan. Hildakoak izan dituzten istripuen %60, gutxienez, alkohol-kontsumoagatik, gehiegizko abiaduragatik edo distrakzioengatik gertatu dira.

Urtea hasi denetik, 30 pertsona hil dira Euskadiko errepideetan (14 Gipuzkoan, 12 Araban eta 4 Bizkaian).

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaria “oso kezkatuta” agertu da hildakoen kopuruaren bilakaerarekin. Bere esanetan, «ez dugu zalantzarik guztion ardura dela gure errepideak leku seguru bihurtzea. Denok jarri behar dugu zerbait gure aldetik. Erakundeok istripu gehiago ez gertatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen jarraitu behar dugu, hala nola kontrol- eta sentsibilizazio-kanpainak edo erakundeen arteko koordinazioa. Eta gidari, bidaiari eta oinezkook kontu handiz ibili behar dugu eta errepidean dauden arriskuez jabetu behar dugu».

Udan trafikoa handitu da

Bestalde, 2025eko Udako Irteera-Itzulera Operazio Berezia amaitu ondoren, berretsi egin da urtez urte erregistratzen ari den ibilgailuen zirkulazioaren bolumenaren hazkunde-joera. Aurten, gainera, aurreikuspenen gainetik izan da hazkundea, bai nazioarteko trafikoan, bai barne-trafikoan.

Europatik Portugalera eta Afrika iparraldera bidean Euskadi zeharkatu duten ibilgailuen kopurua %5,5 hazi da 2024aren aldean, aurreikuspenek iragartzen zuten %3,8aren gainetik. Kalkuluen arabera, aurtengo udan ibilbide luzean egindako joan-etorriak 4.284.000 izan dira, hau da, 2.142.000 ibilgailu inguruk zeharkatu dute Euskadi irteeran eta beste horrenbeste itzuleran. Zifra horiek uda hasieran egindako aurreikuspenak gainditzen dituzte. Nazioarteko trafikoaren gorakada hori Gipuzkoan nabaritu da bereziki, batez ere itzulera fasean Biriatuko ordainlekuan abuztuko azken bi asteburuetan.

Bestalde, barne-trafikoari dagokionez, ohikoa denez, trafiko-intentsitate handiena A-8an kontzentratu da, Kantabriako mugan; puntu horrean, trafikoak ia % 4,75 egin du gora, % 3ko aurreikuspena gaindituz kasu honetan ere.

Eusko Jaurlaritzak Armiñongo lotunean eta AP-1/N-622 loturan, Gasteizerako noranzkoan, eta N-622/A-1 lotunean, Burgos-Madrilerako noranzkoan, jarritako operatiba bereziei esker, trafikoa arina izan da joan-etorri asko izan diren aldietan.

Era berean, A-8an, Barakaldo eta Kantabriako muga artean, ibilgailu gehien pilatzen diren asteburu eta jaiegunetan zirkulazioa arintzeko eta bide-segurtasuna hobetzeko helburuarekin Eusko Jaurlaritzak hitzartutako garabiak 14 erreskate egin ditu (9 matxuragatik eta 5 istripuagatik), eta 2024ko udan 15 erreskate egin zituen.

Irteera Operazioa

Gipuzkoan, auto-ilararik handienak abuztuaren 1ean, ostirala, eta 2an, larunbata, izan ziren, Irungo ordainlekuan, Bilborako noranzkoan. 7 km baino gehiagoko ilarak izan ziren, eta ia Iparraldeko mugara iritsi ziren (Biriatuko ordainlekura).

Araban, 2024an baino egun gehiagotan sortu dira auto-ilarak N-622/A-1 eta A-1/AP-1 loturetan, Burgos/Madrilerako noranzkoan, baina auto-ilara horien gehieneko luzera txikiagoa izan da. Hala, 4 km-ko gehieneko auto-ilarak izan ziren N-622/A-1 lotunean, Burgos/Madrilerako noranzkoan, abuztuaren 1ean (ostirala) eta 2an (larunbata), bi kasuetan, trafiko handiaren ondorioz; halaber, 4 km-ko auto-ilarak izan ziren A-1/AP-1 loturan, Burgos/Madrilerako noranzkoan, astelehenean, abuztuaren 4an (autoak zeramatzan kamioi baten eta auto baten arteko istripuaren ondorioz) eta ostiralean, abuztuaren 8an (trafiko handiagatik).

Bizkaian, bestalde, trafiko astuna Bilbo eta Kantabriako kostaldearen artean astebururo egiten diren irteeratan sortu zen. Auto-ilararik handienak abuztuaren 15ean, ostirala, izan ziren, Ama Birjinaren Jasokundearen egunean, Muskiz eta Ortuella artean, 11 kilometroko ilarak sortu baitziren Kantabriarako noranzkoan trafiko handiagatik. Gainera, uztailaren 11ko arratsaldean, auto-ilarak 10 kilometrokoak izan ziren A-8an, Muskiz eta Trapagaran artean, ibilgailu asko bildu zirelako. Uztailaren 24ko (osteguna) arratsaldean ere, Santiago Apostoluaren jaiegunaren bezperan, Kantabriako muga eta Santurtzi artean, 9 kilometroko ilara izan zen, ibilgailuen joan-etorri masiboagatik. Muskiz eta Santurtzi artean ere 8 km-ko auto-ilarak izan ziren abuztuaren 2ko eta 9ko goizetan (larunbatean, bi kasuetan).

Itzulera Operazioa

Itzulera operazioan Eusko Jaurlaritzak seinaleztapen berezia jarri zuen Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran eta A-1eko lotunean, Gasteizerako noranzkoan. A-1eko hiru erreitako bat AP-1etik iristen diren ibilgailuei uzten zaie konoen eta bestelako seinaleen bidez seinaleztatuta, ibilgailuak arintasunez, zirkulazioa gelditu gabe, sartzen joango direla bermatzeko. Seinaleztapen horri esker, ez da auto-ilararik erregistratu puntu horretan.

Aurten, ohi baino modu mailakatuagoan burutu da oporretako itzulera; izan ere, abuztuko azken bi astearteetan eta asteazkenetan ere (19-20 eta 26-27 egunetan) gorakada nabarmenak izan baitira nazioarteko trafikoan.

Gipuzkoan, auto-ilararik handienak abuztuaren 21ean (osteguna) eta 22an (ostirala) izan ziren, Biriatuko ordainlekuan; 10 eta 11 km-ko ilarak izan ziren, hurrenez hurren, nazioarteko itzulera-zirkulazio masiboaren ondorioz, oporraldiaren ondoren.

Araban, abuztuaren 22an (ostirala) eta 23an (larunbata) 6 km-ko ilarak izan ziren A-1 eta N-622 errepideen arteko lotunean, Irungo noranzkoan, ibilgailu asko bildu zirelako. Bi egun horietan, hainbat aldiz, N-622 errepiderako sarbidea itxi behar izan zen, bide-segurtasuna bermatzeko, eta zirkulazioa N-240 errepidera bideratu zen.

Bizkaian aurten ez da nabarmentzeko moduko auto-ilararik izan oporretako itzuleran.