Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Euskadiko elikagaien eta zuraren katea digitalizatzeko laguntzen 2025. urteko deialdiari.
Jauzi bat egin eta sistema digitalak sartu nahi dituzten enpresek aukera izango dute zerbitzuak finantzatzeko, besteak beste, digitalizazio-plan integralak edo tresna digitalak sartzeko enpresaren jarduera-eremuetara, esaterako elikaduraren eta zuraren balio-kateari lotutako produktuak kudeatzeko, ekoizteko edo merkaturatzeko, besteak beste.
Guztira, 1.500.000 euro bideratuko dira dirulaguntza deialdira: 300.000 euro digitalizazioan hasten diren enpresen proiektuetarako; 550.000 euro digitalizazio-fase aurreratu batean 4.0 teknologia txertatzea helburu duten proiektuetarako; eta 650.000 euro abeltzaintzako ustiategien titularrek lepoko elektronikoak erosteko.
Arrantza ontzi eta enpresei bideratutako laguntzak
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, 466.950 euroko dirulaguntza onartu du berdel-harrapaketak murriztu zaizkien arrantza-enpresei laguntzeko.
Euskal flotaren segmentu horri 2025´erako esleitutako berdel-kuota osoa 3.818.820,00 kilokoa zen, eta flotak 529.239,00 kilo kontsumitu ditu, eta 3.289.581,00 kilo berdel harrapatu gabe geratu da. Salbuespeneko egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak funtsezkotzat jo du premiazko neurri koiunturalak hartzea, arrantza-sektoreak jasandako inpaktua murrizten saiatzeko.
Halaber, gaurko bileran onartu da 160.000 euro ematea Europar Batasunaren eta Senegalen arteko akordioaren amaierak eragindako arrantza-ontziak laguntzeko. Berritu ez den azken protokoloa sinatu zenetik bost urteko indarraldiaren ondoren, Europar Batasuneko flotak ezin du arrantza-jarduerarik egin iazko azarotik.
Bost hilabete baino gehiago igaro ondoren, eragindako flotak ez du inolako diru-sarrerarik lortu, ezin izan baitu arrantzan jardun. Hori dela eta, zuzeneko laguntzak ematea aurreikusten da, diru-sarrerarik eza eta flota horrek Dakarreko portuan geldirik eta amarratuta egon den 5 hilabeteko aldi horretan izandako gastuak neurri batean konpentsatzen saiatzeko.
Euskadiko musika-eskolei laguntza
Gobernu Kontseiluak, musika-irakaskuntzako ikastetxeen kostuak finantzatzen laguntzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duten Aginduak onartu dira gaurko bileran. Bi lerro ezberdin dira: bata udal titularitatepeko zentroetarako eta bestea zentro pribatuetarako. Bi deialdiek, orotara, 16,4 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa izango dute.
Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei zuzendutako laguntzak
Gobernu Kontseiluak Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako dirulaguntzen deialdia onartu du. 166.000 euroko aurrekontua duen laguntza-lerro horren bidez, Lanbide Heziketako zikloetako azken mailako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatuko duten proiektuak garatzen lagundu nahi da ikasturte honetan.
Horrela, Euskadiko LHk sakondu egiten du ikasleen etengabeko prestakuntzan, prestakuntza malguan eta irisgarrian, eta enpresak eratzeko proaktibitatea bultzatzeko aukerak sortzen ditu.
Udaletako Justizia Bulegoen funtzionamendu gastuak ordaintzeko laguntzak
Gobernu Kontseiluak, Euskadiko udalei zuzendutako dirulaguntzak emateko deialdia onartu du gaur, 2025. urtean Udaletako Justizia Bulegoen funtzionamendu-gastuak ordaintzeko. Aurrekontua 478.150 eurokoa da.
Udaletako Justizia Bulegoek —Bake Epaitegien ordez jarri dira—, justiziaren arloko herritarren arretarako funtzioak hartzen dituzte beren gain. Udalei dagokie zerbitzu horien gaineko gastuak ordaintzea, baina Eusko Jaurlaritzak, laguntzak emango ditu organo judizial horietatik eratorritako gastu arruntak kudeatzen laguntzeko.
40 beka karrera judizialerako, fiskalerako eta Justizia Administrazioko letraduen kidegora sartzeko oposizioak prestatzeko
Gobernu Kontseiluak karrera judizial eta fiskalerako oposizioak prestatu nahi dituztenei zein, Justizia Administrazioko letraduen kidegora sartzeko oposizioak prestatu nahi dituzten pertsonei zuzendutako beka deialdia onartu du gaur. 264.000 euroko zuzkidura du, eta 40 beka finantzatuko dira 2026an, prestakuntza-gastuei aurre egiteko eta talentua erakartzea sustatzeko.
Ekimen honen bidez, helburua da Justizia Administrazioak langile-baliabide egonkorrak izatea, eta, aldi berean, zerbitzu publikoaren eraginkortasun eta kalitate handiagoa lortzen laguntzea. Justizia Administrazioko plantillen egonkortasuna bultzatzea eta herritarrek kalitatezko zerbitzu publikoan duten konfiantza indartzea ere badu helburu.
Gai-zerrenda