Goiztiarrenak irailaren 4an ikasturte berrira ondo-etorria izan bazuten ere, eskolak, gehienek, 8an hasiko dituzte. Dagoeneko 35.126 ikasle matrikulatu dira 2025-2026an EHUn. Lehenengo mailan, 8.751 ikasle sartu dira oraingoz; gaur eta irailaren 10ean egingo dira azken bi matrikula epeak. Bestalde, asteazkenean izango da ikasturte berriaren irekiera ekitaldi nagusia Gipuzkoako Campusean. Joxerramon Bengoetxea errektorearekin batera izango da Imanol Pradales lehendakaria eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburu, Juan Ignacio Pérez Iglesias ere. Ekitaldi horretan egingo da EHUren rrezko dominen ematea, Nekane Balluerka, Jose Angel Iribar eta Carlos Garaikoetxeari.
2025-2026 ikasturtean, azken datuen arabera, 35.126 graduko ikasle arituko dira Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU); horietatik 8.751, berriak. Ikasleen % 73,15ek euren lehenengo aukerako gradua ikasiko du. Eta, euskaraz egingo ditu graduko ikasketak % 57k; aurreko matrikulazio kanpaina, baino % 2 gehiago. Campusen arabera, ikasle berrien % 53,72 Bizkaiko Campusean matrikulatu da; % 25,24, Gipuzkoan; eta % 21,04, Araban.
Ezagutza arlo guztietako ikasketak eskaintzen ditu EHUk eta aurten 106 gradu eskainiko ditu, euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez. Horietatik, 16 gradu dualak dira eta 15, gradu bikoitzak. Beren ikasketetan zehar, ikasle ia guztiek egingo dituzte praktikak enpresaren edo erakunderen batean. Aurreko ikasturtean 13.700 praktika inguru egin ziren, horietariko % 64,7 derrigorrezkoak izan ziren, eta % 35,3, borondatezkoak.
Nazioartekotzeak ere hazten jarraitzen du graduko ikasketetan. Ikasleek aukera dute atzerrian ikasteko eta esperientzia aberasteko, Erasmus+, Latinoamerika eta beste norako batzuk programen bidez, iraupen laburreko ikastaro trinkoen bidez (BIP) edo ikasketa eta praktiketarako mugikortasun luzeen bidez. Horietaz gain, Bordeleko Unibertsitatearekin EHUk duen mugaz gaindiko campusak eta ENLIGHTek (Europako beste bederatzi unibertsitaterekin duen aliantza) diziplina anitzeko, nazioarteko eta erronketan oinarritutako ikastaro sorta zabala eskaintzen diete EHUko ikasleei. Aukera horietaz baliatuta, lau ikasletik batek gutxienez lauhileko bat igaroko du atzerriko edo Estatuko beste unibertsitate batean.
Graduondokoak
Graduondokoei dagokienez, matrikula oraindik irekita dago. EHUk 2025-2026 ikasturtean eskainiko ditu 109 unibertsitate master, etengabeko prestakuntzako 35 master eta 67 doktorego programa. Dagoeneko 2.141 ikasle berri matrikulatu dira unibertsitate masterretan.
Etengabeko prestakuntzaren eskaintza ere zabala dauka EHUk. Hala, berezko 50 tituluz gain, unibertsitateko mikrokredentzialak indartuko ditu, beti ere, enpresen eta erakundeen eskariari erantzuteko ibilbide formatibo profesionalak egokituz.
Euskal unibertsitate publikoaren graduondoko eskaintzaren nazioartekotzea gero eta zabalagoa da. Gaur egun, nazioarteko dimentsioa duten 47 master eskaintzen ditu. Horietatik 14 titulu bikoitzak dira (EHUren eta atzerriko unibertsitatearen titulua eskuratzea ahalbidetzen dutenak), eta 9, Erasmus Mundus masterrak dira (Europar Batasunak aitortzen duen bikaintasun zigilua daukate, oso lehiakorra den deialdi batean hautatutako programak baitira). Horietaz gain, EHUk Graduondoko Sare Latinoamerikarraren bidez 9 master eskaintzen ditu Ameriketako hainbat unibertsitatetan.
Berrikuntzak hiru campusetan
Hainbat obra eta ekimen jarriko dira martxan ikasturte honetan Euskal Herriko Unibertsitateko campusetan. Hortaz, Gipuzkoako Campusean ikasleentzako egoitza berri baterako obrak hastea espero da 2026an. Leioako campusean Liburutegiko eraikinaren segurtasuna bermatzeko hainbat lan hasiko dira, eta Mikel Laboa plazaren eraberritzea laster egongo da bukatuta. Leioan ere kiroldegia ustiatzeko lehiaketa martxan da, eta urte hasierarako zabalik egongo da. Bestalde, behin Bilboko Udalarekin Odontologia Klinika Soziala Bilboko La Panera eraikinera eramateko akordioa itxita, ikasturte honetan hasiko dira egokitze lanak. Azkenik, Arabako Campusean zaintza zerbitzu integral bat abian jartzeko urratsak ematen ari dira eta ikasturte honetan proiektu horretara bideratuko den espazioa prest izango da eta ikasturte hasieran jarriko da martxan Mobility Lab Campusa Gasteizko Ingeniaritza Eskolan.
Inaugurazio ekitaldia
Ikasturte inaugurazio ekitaldia asteazkenean izango da, 11:30ean, Gipuzkoako Campuseko Miguel Unamuno parkean. Joxerramon Bengoetxea errektorearekin batera izango dira Imanol Pradales lehendakaria eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesias. Ekitaldi horretan ere EHUren Urrezko dominak emango zaizkie Nekane Balluerka, Jose Angel Iribar eta Carlos Garaikoetxeari. Dominak emanez, euren gizatasuna eta euskararekiko nahiz herriarekiko konpromisoa eskertu nahi die unibertsitateak.