Azahara Domínguez diputatuak genero-hirigintza aldarrikatu du emakumeek tradizioz jasan izan duten gizarte-bazterketari aurre egiteko

0

Kontuan hartuta Euskadi izan dela genero-ikuspegia bere hirigintza-legerian modu zabal eta sistematikoan integratu duen lehen autonomia-erkidegoa 2005etik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ikuspegi hori udal-plangintzetan txertatzen laguntzen duela, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak jardunaldi bat antolatu du, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) udako ikastaroen esparruan, genero-ikuspegiak emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bizikidetzaren protagonista izango den guneak osatzerakoan eskaintzen dituen erronkei eta aukerei heltzeko.
Ikastaroa astelehen honetan izan da Donostiako Miramar Jauregian, 300 pertsonak baino gehiago eman dute izena eta bertan izan dira Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso eta arlo horretako estatu-idazkari David Lucas hartu dute parte.
Ikastaroaren irekieran, diputatuak azaldu duenez, «espazio publikoen plangintzak, emakume askoren bizitzan hain garrantzitsuak diren garraio publikoak, gizarte- eta hezkuntza-zerbitzuen kokapenak edo kultura- eta jolas-eskaintzak kontuan hartu behar dituzte, hauek, diseizatzen diren moduaren arabera emakumeen bizitza erraztu edo zaildu dezaketelako», eta hiriak diseinatzearen garrantzia azpimarratu du, kontuan hartuta «oraindik ere, etxeko lan gehienak eta mendeko pertsonen zaintza emakumeei dagokiela». «Gure hirigintza-politikek errealitate hori islatu behar dute, eta tradizionalki jasan izan dugun gizarte-bazterketari aurre egiten lagundu behar digute», eskatu du.
Hitzaldian, diskurtso totalitarioek dakarten «mehatxua» aipatu du, «berdintasuna eta elkartasuna bezalako balio unibertsalak zalantzan jartzen dituztelako». Hori dela eta, «guztiok kontuan hartuko gaituen etorkizuna eraikitzen lan eginez aurre egiteko» deia egin du. Ildo horretan, udako ikastaro hau bezalako hausnarketa-guneak sustatzearen garrantzia defendatu du, baina «esparru teorikoak politiketan sartzera” animatu du.
Diputatuak gogorarazi du bere departamentuak dirulaguntza lerro bat duela udalek udal plangintzan genero ikuspegia txerta dezaten. Aurten, Arrasatek eta Hernanik jaso dute dirulaguntza hori, eta konpromisoa hartu du, bere eskumenen esparruan, «lurralde berdinzaleagoak eta pertsona guztientzat etorkizun bizigarriagoa eta errespetuzkoagoa eraikitzen jarraitzeko».
Domínguezen hitzaldiaren ondoren, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak defendatu duenez, «genero-ikuspegia duen hirigintza funtsezko tresna da gure hiriak eta herriak espazio inklusiboagoak, seguruagoak, bizigarriagoak eta bidezkoagoak bihurtzeko». Ildo horretan, Bultzatu 2050 Hiri Agendak «estrategia osoan genero-ikuspegia zeharka txertatzea» proposatzen duela gogorarazi du, «askotariko hiri inklusiboak lortzeko, besteak beste, gizarte-kohesioa, belaunaldien arteko berdintasuna, dibertsitate funtzionalagatik eta jatorriagatik bermatuko dutenak».
Irekiera instituzionalean David Lucas Etxebizitzako eta Hiri Agendako Estatu idazkariak ere parte hartu du, eta «hirigintzak eta arkitekturak aldaketa sozialerako eta berdintasunerako tresna gisa duten eginkizun eraldatzailea» nabarmendu du, udalerri guztietan, handietan zein txikietan, guztiontzat «espazio partekatuak, funtzionalak eta seguruak» diseinatzeko eta sortzeko. Ildo horretan, azpimarratu duenez, «ezinbestekoa da politika eta espazio publikoen diseinuan emakumeak protagonista izatea».
Hala, Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministeriotik ezartzen ari diren politikak azaldu ditu, bizikidetza-eremu atseginak, abegikorrak, osasungarriak, jasangarriak eta kontzientziatuak lortzeko, hala nola Espainiako Hiri Agenda, Arkitekturaren Kalitatearen Legea, Etxebizitza Eskubidearen aldeko Legea, Estatuko Etxebizitza Plana, edo Etxebizitzaren Industrializazioaren PERTE, besteak beste.
Ondoren, Inés Sánchez de Madariaga ikastaroaren zuzendariak hirigintza garaikidean genero-ikuspegia txertatzeko erronkak eta aukerak jorratu ditu, nazioarteko ikuspegitik. Eusko Jaurlaritzaren hainbat ekimenetan genero-ikuspegia txertatzeko aholkulari gisa, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak barne (Euskadi aitzindaria izan da arlo horretan), Bizigarritasunari buruzko Dekretua eta beste batzuk aurkeztean, esperientzia horiek nazioarteko testuinguruan duten garrantzia planteatu du.

Bi mahai-inguru
Ikasturtean zehar, bi mahai-inguru egin dira, eta, horietan, genero-hirigintzari buruzko hainbat esperientzia jorratu dira, bai Euskadin, bai estatuan, bai nazioartean.
Zehazki, lehenengoan, Teresa Bocciak, Napoliko Federico II .a Unibertsitateko irakasle eta ONU-Habitat erakundeko aholkulariak, emakumeek Nazio Batuen barruan parte hartzeko eta genero-ikuspegia hirikoetan txertatzeko prozesuak azaldu ditu, ONU-Habitat sortu zenetik, Hiri Agenda Berria onartu, 2013ko Genero Ebazpena eta ONU-Habitaten egungo Plan Estrategikora. Alcorconeko Udaleko Hirigintza zuzendari Eulalia Moreno de Azevedok Alcorconeko Udala, Hiri Agenda berriaren aplikazioaren esparruan, espazio publiko, azpiegitura, ekipamendu eta etxebizitza arloetan garatzen ari den genero eta hirigintza arloko ekimenak azaldu ditu. Elvira Carregadok Galizian egin diren udal mailako hainbat esperientzia aurkeztu ditu, hirigintzan genero ikuspegiaren arloan legerik egin ez duen autonomia erkidego honetan. Azkenik, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko eta UPMko UNESCO Katedrako Inés Novellak eskuliburuei buruz hitz egin du, hiri- eta lurralde-plangintzan genero-zeharkakotasuna lortzeko tresna gisa, Valentzia, Extremadura eta Madrilgo kasuen bitartez.
Bigarren mahai-inguruan, Euskadik genero-hirigintzaren arloan bizi duen egoera aztertu da. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Saileko Jon Asua Aberasturik LAG gidalerroek lurralde- eta udal-plangintzarako erreferentziazko esparru gisa duten zeregin garrantzitsua aurkeztu du. Ana Tellería Eusko Jaurlaritzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendariak generoa hiri-berroneratzean txertatzeko ekimenak aurkeztu ditu. Estudio Tipiko Itsaso Larramendik hainbat euskal udalerrik garatutako esperientzia batzuk ilustratu ditu, eta tokiko mailan garatzen ari diren ekimenen aniztasuna erakutsi du. Azkenik, Matxalen Acasusok, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko aurreko dekanoak, euskal arkitektoek prozesu honetan guztian izan duten zeregina azaldu du.
Ikastaroa, Lore Suárez Lurralde Antolaketako zuzendariak itxi du.