- Imanol Pradalesek eta Fernando Clavijok sinatutako protokoloan bi lurraldeek balio erantsi handia eta kalitatezko enplegua duten I+G+b arloetan sinergiak sustatzeko eta jardunbide egokiak partekatzeko konpromisoa hartu dute
- Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du, eta Eusko Jaurlaritzaren SPRIren eta Kanarietako ACIISIren arteko lankidetza-ildoak bultzatzen ditu, baterako proiektuetarako finantzazioa bilatzeko.
Imanol Pradales Lehendakariak eta Fernando Clavijo Kanarietako presidenteak protokolo bat sinatu dute gaur, ostegunean, ikerketa, garapen eta berrikuntzako politiken aurrerapena bizkortzeko asmoz. Akordioak Eusko Jaurlaritzaren eta Kanariar Uharteen arteko «lankidetza estuaren» aldeko apustua egiten du, hain justu ere, I+G+b arloetan proiektu bateratuak abiarazteko, alegia, balio erantsi handia eta kalitatezko enplegua eskaintzen duten sektore estrategikoetan.
Dokumentua Tenerifeko Santa Cruzeko Presidentziaren egoitzan sinatuta, Lehendakariaren aburuz, Euskadik aukera izango du Kanarietako erkidegoak garatutako ikaskuntzez baliatzeko, hala nola «Tierra Firme» izeneko proiektuaz, zeina Mendebaldeko Afrikako herrialdeekin lankidetzan migratzaileak jatorrian hezteari buruzkoa baita eta lanbide heziketan, enpleguan eta araututako migrazioan oinarritzen baita.
«Euskadin dagoeneko langileen defizita dugu, biztanleria zahartzen ari baita. Era berean, askotan gure enpresa-sareak eskatzen dituen kualifikazio eta profiletara egokitzen ez diren migratzaileak iristen zaizkigu. Errealitate hori kudeatu egin behar dugu. Eta, gure iritzian, «Tierra Firme» delakoa, zeinak ezagutza pilatu baitu migratzaileak jatorrian lanbide-heziketan hezten, oso erreferentzia egokia izan daiteke, geu ere antzeko egitasmoak garatzen has gaitezen», nabarmendu du Imanol Pradalesek.
Hain justu ere, partekatutako egitasmoetan elkarrekin lan egitea, Lehendakariaren ahotan, partekatutako gobernantzaren eredu ezin hobea da, elkarrizketan, lankidetzan eta etengabe guztion hobe beharra bilatzean oinarritutako politikaren adibiderik onena, albo batera utzita zarata, liskarra eta polarizazioa. «Gure artean milaka kilometro ditugu, edo milaka itsas milia, nahiago baduzue, baina politika ulertzeko modu batek batu egiten gaitu», amaitu du Lehendakariak; horren harira, Imanol Pradalesek gogora ekarri du Euskadik eta Kanariek elkarrekin adostutako estrategia, Estatuko erkidegoetan bakarrik dauden adingabeen harrera kudeatzeko.
«Ezin dugu beste alde batera begiratu, ezta begietan benda bat jarri ere. Pertsonez ari gara. Erronka oso konplexua eta dimentsio handikoa da, eta desafio honi aurre egiteko ezinbestekoa da erdigunean jartzea pertsonen duintasuna eta giza eskubideak. Euskadin eta Kanarietan ildo honetan lan egiten jarraituko dugu, erantzukizunez eta proaktiboak izanik, harik eta Estatuak egiteke dituen betebeharrak egin arte«, berretsi du Lehendakariak.
Clavijok, berriz, protokolo hau Kanarien eta Euskadiren arteko harreman historikoaren «emaitza onen» adibide bat gehiago dela adierazi du. «Urteak daramatzagu erakusten politika egiteko beste modu bat dagoela, konfrontaziotik urrun«, adierazi du Kanarietako Gobernuko buruak, gobernuek eta lurraldeek indarrak eta proiektuak batzearen garrantzia azpimarratu ostean, «elkarrengandik ikasiz eta elkarrekin aurrera eginez».
Hari beretik tiraka, Kanarietako presidentea ziur agertu da Euskadirekin lankidetzan jardutea funtsezkoa izango dela Kanariar Uharteetako Gobernu autonomikoak bere ekonomia dibertsifikatzeko egin duen «apustu irmoa» bizkortzeko, oinarritzat hartuta estrategikotzat jo dituzten sektoreak, alegia, uharteek hazteko abantaila objektiboak dituzten 14 eremu ekonomikoak, beste batzuen artean, ikerketa, garapen teknologikoa, digitalizazioa eta berrikuntza. Eta, hain zuzen ere, Kanariak eta Euskadik eskutik helduta egingo dute aurrera «oraingo eta etorkizuneko» sektore horiek garatzen.
Bereziki, langile kualifikatuen eskaera handia dagoela eta, Fernando Clavijok garrantzitsutzat jo du langile kualifikatuen prestakuntzan Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzea, horrela, gizarte adimendun eta digitalizatu berriak eskatzen dituen lanpostuei erantzuteko. Bere aburuz, automatizazioak, robotikak, adimen artifizialak eta sistema adimendunek sektore guztietan lan egiteko modua irauliko dute, beraz, ezinbestekoa izango da prestatutako herritarrak izatea.
Lankidetzarako bide ugari
Ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-politikekin (I+G+b) lotutako jarduerak garatzeko lankidetza-esparru baten oinarria ezartzea da ostegun honetan Eusko Jaurlaritzak eta Kanarietako Gobernuak elkarrekin izenpetutako lankidetza-protokolo orokorraren helburua. Hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du.
Pradales Lehendakariak eta Clavijo presidenteak sinatutako dokumentuak lankidetzarako bide berriak irekiko ditu Eusko Jaurlaritzaren Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren (SPRI) eta Kanarietako Gobernuaren Ikerketa, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen Kanarietako Agentziaren (ACIISI) artean. Modu bateratuan, bi erakundeek bideak aztertu ahal izango dituzte bi lurraldeetan «laguntza-mekanismoen bidez finantzaketa-iturrietarako sarbidea errazteko edo teknologia digital eta jasangarriak probatzeko programa espezifikoak garatzeko».
Ildo beretik, Kanarietako eta Euskadiko teknologia- eta ikerketa-zentro guztiek hainbat sektore estrategikotan elkarrekin lan egingo dute, hala nola aeroespazioan, astrofisikan, teknologia kuantikoetan, fabrikazio adimentsuan eta zerbitzu aurreratuetan, osasunean, eremu soziosanitarioan, kalitatezko turismoan, jasangarritasunean eta ingurumenean.
Protokoloak aipamen berezia egiten dio ekonomia urdinean lankidetzan jarduteari; izan ere, horixe da Kanarietako gobernuak iaz ekainean estrategikotzat jotako 14 arloetako bat da, eta Kanariek eta Euskadik gaitasun handia daukate arlo horretan. Zentzu horretan, «ekonomia urdinaren arloan lankidetza-bideak ezartzea erabaki da, batik bat, sektore horren bidez ekonomiaren iraunkortasuna eta dibertsifikazioa bultzatzeko».
Ikerketan, garapen teknologikoan eta berrikuntzan Kanarietako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak adostutako akordioak, halaber, beste herrialde batzuetako lurraldeekin ere baterako ekintzak sustatzearen eta sinergiak partekatzearen alde egiten du, batez ere, berrikuntzan, talentuaren eta inbertsioen erakarpenean eta kanpo-sustapenean.
Prestakuntzaren aldeko apustua
Protokoloaren bidez, era berean, bi lurraldeek konpromisoa hartu dute I+G+b arloko enpresetara egokitutako profesionalak prestatzen elkarri laguntzeko. Zehazki, berrikuntza aplikatua sustatzeko esperientzia arrakastatsuak partekatuko dituzte, LHko zentroetatik abiatuta, ETEak eta mikroETEak ondo kontuan hartuta, betiere ekintzailetza lehenetsiz ikasleen garapen pertsonal eta profesionalean. Ildo beretik, protokoloak jasotzen duenez, sektore estrategikoetan erreferenteak diren zentro zientifiko eta teknologikoek eta lanbide-heziketako zentroek elkarri eragiteko eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko baterako proiektuak garatu ahal izango dira bi lurraldeen artean.
Kanariek eta Euskadik ere indarrak batzeko konpromisoa hartu dute, «etorkinei begira, pertsona hauen jatorrian prestakuntzan, gaikuntzan eta enpleguan esku hartzeko estrategia bat garatzeko«. Lankidetza-ildo espezifikoa da, eta uhartediak «Tierra Firme» izeneko proiektu arrakastatsuaren esperientzia eskainiko du. Ekimen aitzindari honek dagoeneko 400 gazte baino gehiago trebatu ditu Senegalen eta Mauritanian, alegia, irletara irteten diren ontzi gehienen abiapuntuko herrialdeetan.