- Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak jakinarazi du proiektuaren lizitazioa “datorren urriaren 2an” argitaratuko dela, eta obrak, 6,5 milioi euroko aurrekontuarekin, ziurrenik “2027aren erdialdean” hasiko direla
- Denis Itxasok adierazi duenez, Eitza Berriko 72 BOEen adjudikaziodunek urriaren 20an eskuratuko dituzte etxebizitzak, eta 36 etxebizitza sozialenak, berriz, azaroaren 15ean
- Mikel Serrano udalerriko alkateak azpimarratu duenez, horrelako jarduerek «jarraipena ematen diote 2018an lehen hitzarmena sinatuta hasitako bideari. Geroztik aurrera egin dugu etxebizitzaren arazoari erantzuteko eta, batez ere, Zumarragako gazteei emantzipatzeko aukera gehiago eskaintzeko»
Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak hitzarmena sinatu dute gaur Tokiko Gobernu Batzordean, eta, horren bidez, Udalak doan lagako dio Eusko Jaurlaritzari “Forjas Zumarraga” Z.2.3 hirigintza-eremuko lursaila, alokairuko babes publikoko 44 etxebizitza sustatzeko. Lurzati horretako sestra gaineko bizitegi-eraikigarritasuna 3.520 metro karratukoa da; 6,5 milioi euroko aurrekontua dute obrek, eta ziurrenik 2027aren erdialdian hastea aurreikusten da.
Ekitaldian zehar, Itxasok iragarri du Visesak “datorren urriaren 2an” argitaratuko duela proiektuaren lizitazioa, eta alkateari eta udal korporazioari eskerrak eman dizkie “lurzoru estrategiko hau doan lagatzeagatik, egiaztatu dugulako irtenbide nagusia etxebizitza babestu gehiago eraikitzea dela”. Gaur egun, Zumarragak 443 bizikidetza-unitate ditu Etxebiden etxebizitza eske; horietatik 363k alokatzeko etxebizitza nahi dute (% 81,4), eta 80k (% 18,6), erosteko.
Bestalde, Serranok nabarmendu du etxebizitza soziala sustatzea udal-plangintzaren parte dela, arreta berezia jarriz Zumarragako eta inguruko gazteen emantzipazioa errazteko. Ildo horretan, «oso positibotzat” jo du Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza, etxebizitza eskuratzeko egungo erronkari aurre egiteko. Alkateak gogorarazi du udal estrategiaren barruan, Forjaseko 44 etxebizitzen eremuak, Faustino Orbegozoko 24ekin eta Eitzako 108ekin batera, jarraipena ematen diotela 2018an lehen hitzarmena sinatuta hasitako bideari. «Orduz geroztik aurrera egin dugu etxebizitzaren arazoari erantzuteko eta, batez ere, Zumarragako gazteei emantzipatzeko aukera gehiago eskaintzeko», azpimarratu du.
Beste lankidetza-hitzarmenetan bezala, etxebizitza horiek eskuratu ahal izateko neurriak jaso dira, hala nola Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ) % 95eko hobaria, abalak ez eskatzea eta udalerrian gutxienez urtebetez etenik gabe erroldatuta egon izana egiaztatzea edo azken 5 urteetan etenekin 3 urte egiaztatzea.
Hitzarmenaren baitan, Eusko Jaurlaritzak doan lagako dio Udalari egokitu gabeko 300 m² erabilgarri inguruko lokal komertziala, Visesa sozietate publikoak sustatuko duen eraikinean. Lagapena 5 urtekoa izango da, eta beste 5 urtez luzatu ahal izango da Alokabidek eta Udalak hala nahi izanez gero. Lagapena gehienez ere 3 hilabeteko epean egingo da, eraikuntzaren obra amaierako eskrituraziotik hasita.
Eitza Berriko 108 etxebizitzak, entregatzear
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du laster entregatuko dituela Eitza Berri eremuko 108 etxebizitzak; horietatik 72 alokairuko babes publiko ofizialekoak (aBOE) dira, eta 36 alokairuko babes publiko sozialekoak. Sailburuak iragarri duenez, “72 BOEen adjudikaziodunek urriaren 20an eskuratuko dituzte etxebizitzak, eta 36 etxebizitza sozialenak, berriz, azaroaren 15ean”.
Bestetik, Faustino Orbegozo Fundazioaren eremuan (Z-5.6), titulartasun publikoko 24 zuzkidura-bizitoki berri eraikiko dira. Sustapen hau antzinako geriatrikoaren lurretan (861. finka) eta finka atxiki batean (870. finka) egingo da, eta guztira 3.456 m²-ko azalera eraikia izango du.
Kasu horretan, obra egiteko aurrekontua 4,9 milioi eurokoa da, eta 2026an hastea aurreikusten da; obrak egiteko epea, berriz, 22 hilabetekoa izango da.