Doluari eta laguntza sozial eta instituzionalari buruzko udako ikastaroa inauguratu du gaur San Josék Donostian
María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak doluari aurre egiteko unean “laguntzeko inguruneak, erakunde sentikorrak, prestatutako profesionalak eta inor atzean utziko ez duten politika publikoen” alde egin du gaur. “Dolua bizitzan eta heriotzan: harrera eta akonpainamendu pertsonala, soziala eta instituzionala” udako ikastaroaren inaugurazioan parte hartu du gaur San Josék Donostian, eta haren hitzetan, “minari ezin zaio, edo behintzat ez litzaioke nahi gabeko bakardadean aurre egin behar”.
Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu du ikastaroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiarekin eta Ines Soria Saileko aholkulari eta magistratuarekin lankidetzan. Ikastaroak hainbat alorretako adituak bilduko ditu Donostian, galera-prozesuetako akonpainamenduari buruzko diziplina arteko ikuspegitik hausnartzeko.
Hitzaldian zehar San Josék azpimarratu duenez, “dolua bizitzako esperientziarik unibertsalenetakoa da eta, aldi berean, berezienetakoa. Bakoitzak modu ezberdinean bizi du, baina denok partekatzen dugu norbaitek entzun, onartu eta laguntzeko beharra”. Hori dela eta, eskerrak eman dizkie justizia, osasuna eta hezkuntzako alorretan, gizarte-zerbitzuetan eta espetxe-sisteman egunero dolu-prozesuetan laguntzen diharduten profesionalei.
Gainera, San Josék azpimarratu du justizia humanizatzea bere Sailaren ezinbesteko helburua dela: “Ez gara datuen ez izapideen administratzaileak; eskubideen bermatzaileak gara. Eskubide bakoitzaren atzean norbanakoak daude; beren istorio, zauri eta emozioak dituzte”.
Era berean, komunikazioak esparru instituzionalean duen garrantzia nabarmendu du: “Hitz batek min egin dezake edo sendatu; tonu batek konfiantza sor dezake, edo mina areagotu. Prozesuaren irtenbidea bera bezain garrantzitsua da komunikazio-prozesuaren kalitatea”.