Lehendakariordearen ustez, ekonomia, lan egiteko moduak eta gizartea behar beste garatu dira duela 42 urte lanaldia aldatu zenetik, eta 37,5 ordutan finkatzeko aukera dago, hau da, Euskadiko hitzarmen kolektiboen batez bestekoa
Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak gogor kritikatu ditu atzo Diputatuen Kongresuan lanaldia 40 ordutik 37,5 ordura murriztearen aurka bozkatu zuten alderdiak. “Langileen aurka” doan neurri honek “lan merkatuaren eskubideen duintzean eta, batez ere, langileen eskubideetan atzerapauso bat” suposatzen duela nabarmendu du. “Voxen eta Alderdi Popularraren, Alderdi Popularraren eta Voxen botoek, Juntsekoekin batera, lanaldia murrizteko eztabaidan aurrera egin ezin izatea ekarri dute”.
Mikel Torresek gogorarazi du gaur egungo 40 orduko lanaldia 1983an finkatu zela, eta zalantzan jartzen du norbaitek pentsatzea “42 urteren ondoren ekonomiak ez duela aurrera egin, lan egiteko moduek ez dutela aurrera egin, eta gizarteak ez duela aurrera egin lanaldi hori murrizteko moduan”. Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren esanetan, “Espainiako hitzarmen gehienak 38,3 ordu ingurukoak dira”, eta “Euskadi kopuru horren azpitik dago, astean 37,5 ordu, batez beste”.
Torresen ustez, lanaldia murriztea “ez doa enpresen aurka, langileen eskubidea eta lan merkatua duintzearen alde baizik”. Eta uste du neurriak, aurrera atera izan balitz, “gehien behar duten kolektiboen alde egingo zukeela, sektore prekarioagoetan lan egiten duten eta hitzarmenik ez duten pertsonen alde, hala nola ostalaritzaren edo zerbitzuen alde”.
Lehendakariorde sozialistak azpimarratzen duenez lanaldia murrizteak “produktibitatea handituko lukeela, absentismoa murriztuko lukeela, lana eta familia hobeto uztartzea ekarriko lukeela, kontsumo pribatua handituko lukeela eta, batez ere, garrantzitsuena lan merkatua duinduko lukeela”.