Mugikortasun Jasangarriaren Sailak ingurumen-inpaktuaren adierazpena lortu du, Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeko

0
  • Susana García Chueca sailburuak aurreratu du urrats horrek obrak urtea amaitu baino lehen lizitatzea ahalbidetuko duela
  • Garraiobide horrek zazpi milioi bidaia izan ditu urtarriletik uztailera

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak ostegun honetan aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak badu ingurumen-inpaktuaren adierazpena, Gasteizko tranbia Zabalgana auzora luzatzeko obrak hasteko aurreko administrazio-izapidea. Obra honek 6,3 kilometro luzatuko du tranbia sistema, hamaika geralekurekin. Sailburuak mugikortasun jasangarriaren inguruko Ser Euskadi topaketak ireki ditu ostegun honetan, irailaren 16tik 22ra bitartean egingo den Mugikortasunaren Europako Astearen atarian.

Sailburuak gogorarazi duenez Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak izapidetutako ingurumen-inpaktuaren adierazpena bereziki garrantzitsua da Salburuako hezegunetik gertu eraiki behar diren kotxetegiengatik, eta atea irekitzen diolako Sailari Zabalganarako tranbiaren informazio-azterlana onartzeko eta trazaduraren eraikuntza-proiektua onartzeko. “Eraikuntza-proiektua administrazio-izapidetze osoarekin batera landu dugu, urtea amaitu baino lehen obrak lizitatzeko”, azaldu du garraioetako arduradunak.

Gasteizko tranbiak zazpi milioi bidaia izan ditu urtarriletik uztailera bitartean, eta Araban, berriz, García Chuecak aldiriko trenen zerbitzu berria izan du hizpide: 18.400 bidaia izan ditu lehen hilabetean (ekainean), eta 15.100 uztailean (aurreko urteko hilabete berean baino % 13 gehiago, ordutegi eta tarifa berriak martxan jarri aurretik). “Nik uste dut erantzuna positiboa dela esan dezakegula, baina denbora gehiago emango diogu geure buruari analisi zehatzagoak egiteko”, adierazi du. “Garrantzitsuena herritarren eskaerak asetzea da eta jendeari zerbitzua beharrezkoa dela erakusteko aukera ematea”, azpimarratu du, “zerbitzuak maiztasun eta bidaia merkeagoak eskaintzen ditu, aurreko txartelak baino % 30 txikiagoak”. Euskadiko aldirietako trenen arloan, sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritza “etengabeko hobekuntzaren” izpirituarekin ari dela lanean, Renfe Estatuko operadorearekin.

Euskadi, mugikortasun jasangarriarekin arduratuta

García Chuecak nabarmendu du Euskadiko mugikortasunaren datuek erakusten dutela “ondo gaudela, baina beti dagoela hobekuntzarako tartea”, eta txalotu du “euskal herritarrak erabat arduratuta daudela, ez bakarrik garraio publikoa erosoagoa delako, baizik eta barneratuta dugulako gure erosotasunaz harago doala: klima-aldaketaren aurka borrokatzea dela, eta gure ondorengoei mundu hobea uzteko betebehar morala dugula”.

Euskotrenen kasuan, uztailera arte 33 milioi bidai erregistratu dira trenean eta tranbian, 2024ko tarte berean baino bi gehiago (urte horrek jada marka historikoak ezarri baitzituen), eta, aldi berean, Renferen Aldirietako trenek 14,5 milioi joan-etorri egin dituzte. “Jendeari kalitatezko garraio publikoa eskaintzen badiozu, jendeak garraio publikoa erabiltzen du, eta hori albiste ona da”, adierazi du.

Topaketan sektoreko enpresa ekintzaileek ere parte hartu dute, baita beste ordezkari instituzional batzuek ere; horien artean, Jon Nogales, Arabako Foru Aldundiko Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriko diputatua, eta Beatriz Artolazabal, hiriburuko Espazio Publiko eta Auzoko zinegotzi ordezkaria izan dira.