- Visesa sozietate publikoak lizitaziora atera du dagoeneko San Juan auzoko proiektuaren idazketa, eta aurten esleitzea espero du
- Denis Itxaso sailburuak iragarri duenez, babes ofizialeko 190 etxebizitzen obrak, 25 milioi euroko kostua dutenak, “2027an hasiko dira beranduenez, egiteke dauden administrazio-izapideak ebatzi ondoren”
- Adur Ezenarro alkateak…
Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Adur Ezenarro Ordiziako alkateak San Juan auzoan alokairuko babes publikoko 80 etxebizitza berri sustatzeko hitzarmena sinatu dute gaur Ordiziako Udalbatza Aretoan. Udalak doan lagatako bi lursailetan eraikiko dira etxebizitzak (3.372 metro karratu izango ditu eraikin bakoitzak), eta 40 etxebizitzako bi sustapen bikoitz jarri ahal izango dira herritarren eskura.
Ekitaldian, Itxasok iragarri duenez, Visesa sozietate publikoak “lizitaziora atera du dagoeneko San Juan auzoko proiektuaren idazketa, eta aurten esleitzea espero du”. Bertan, beste 110 etxebizitza gehiago txertatu dira eremu berean. Horrela, babes ofizialeko 190 etxebizitzen obrak, 25 milioi euroko kostua dutenak, “2027an hasiko dira beranduenez, egiteke dauden administrazio-izapideak ebatzi ondoren”.
Bi erakundeen artean lortutako akordioak aldeko neurriak jaso ditu, hala nola, Udalak % 95eko hobaria ematea Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ), abalak ez eskatzea eta udalerrian gutxienez urtebete etenik gabe erroldatuta daudenei edo azken 5 urteetan etenekin 3 urte daramatzatenei lehentasunezko irispidea bermatzea.
Operazio berri hori aurretik udalerrian aktibatu direnei gehituko zaie: 2024ko ekainean, Eusko Jaurlaritzak, Visesa sozietate publikoaren bidez, beste hitzarmen bat sinatu zuen Ordizia Lantzen udal elkartearekin a.40.6/1 lursailean 60 etxebizitza eraikitzeko, eta gaur bertan formalizatu da a.40.6/2 lursail pribatuaren erosketa, 50 etxebizitza gehiago eraikitzeko.
Horrekin guztiarekin, Eusko Jaurlaritzak abian jarri du “Ordizian babes publikoko 190 etxebizitza berri eraikitzea, bizitegi-larrialdiari erantzuteko helburuarekin”, nabarmendu du Denis Itxaso sailburuak. Ildo horretan, gaineratu du gaur egun Ordizian 455 bizikidetza-unitate daudela Etxebiden izena emanda; horietatik 417k (% 91,6) etxebizitza alokatzeko nahi dute, eta 38k (% 8,4), erosteko.
Sailburuaren hitzetan, honelako proiektuen bidez “frogatzen dugu erakundeen arteko lankidetza funtsezkoa dela, eta hori dela jarraitu beharreko bidea, gaur egun bizi dugun bizitoki-larrialdia onbideratu nahi badugu”. Era berean, Itxasok nabarmendu du Udalak doan laga duela lurzorua, eta Euskadiko gainerako udalak animatu ditu urrats hori egitera; izan ere, etxebizitza gehiago eraikitzea “gure lurraldean dagoen eskari handiari aurre egiteko irtenbide eraginkorrenetako bat da”, azpimarratu du.
Bestalde, Adur Ezenarro herriko alkateak zehaztu du egindako esfortzua: “Urte luzez esfortzu ekonomiko handia egin dugu orain lagako ditugun lursailei zegozkien urbanizazio kargak ordaintzeko eta lursail horiek ez saltzeko. Hau da, etxebizitza publikora bideratzeko. Guk defendatzen dugun etxebizitza eredua da hau, eta errealitate izango da”.
Proiektua aurrera ateratzeko San Juan eremuko Plan Partzialaren aldaketa puntuala egin beharra dago, eta tramitatzen ari da hasierako onarpena emanda eta urte amaiera baino lehen behin betiko onarpena izatea aurreikusten dugu. Lanean jarraitzen dugu Ordiziarrei etxebizitza eredu duin bat eskaintzeko”. Azken finean, alkateak nabarmendu du etxebizitza hauek eraikitzeko lursaila “doan” utzi dela, “dagoen etxebizitza beharrari erantzuna emateko, argi erakutsiz guretzako lehentasuna den gai bat dela”.
Beste 36 etxebizitza Floreagan
Lehen aipatutako 190 etxebizitza horiez gain, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak beste bi jarduketa ditu abian Floreagan 36 etxebizitza babestu eraikitzeko, 12 eta 24ko bi sustapenetan banatuta, hurrenez hurren. Itxasoren hitzetan, “urteetan zokoratuta geratu diren lurzoruak garatzeko etengabeko ahalegina” da. Lehenengo promozioak, alokairuko 12 BOE dituenak, 1,89 milioi euroko (+ BEZ) kostua du, eta esleipen-fasea oso aurreratua dago; beraz, lanak urtea amaitu baino lehen hastea espero da. Bigarrena, berriz, alokairuko 24 BOE, aurten lizitaziora ateratzeko programatuta dago.
Alokairuko 12 BOE promozioak bi gelako 11 etxebizitza (horietako bat egokitua) eta gela bateko 1 izango ditu, guztiak kanpoko espazioa (terraza/balkoia), garajea eta trastelekuarekin. Horien azalerak 54 eta 65 m2 erabilgarri bitartekoak izango dira. Bestalde, alokairuko 24 BOE promozioak bi gelako 23 etxebizitza (horietako bat egokitua) eta gela bateko 1 izango ditu, guztiak ere kanpoko espazioa (terraza/balkoia), garajea eta trastelekuarekin. Kasu honetan, horien azalerak 55 eta 65 m2 erabilgarri bitartekoak izango dira. Obraren aurrekontua 4,5 milioi ingurukoa izango da (+ BEZ). Bi eraikinek kalifikazio energetiko gorena (A) izango dute.