- Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 23 milioi euro inbertitu ditu guztira proiektuan: 11 milioi kirurgia-blokea eraikitzeko lanetarako, eta 12 milioi goi-teknologiako ekipamendurako eta obra-proiekturako eta -zuzendaritzarako
- Lanak aurten hasiko dira, azken hiruhilekoan, eta 24 hilabete irautea aurreikusita dago
- Bidasoa Ospitaleko ekipamendu berriak sei ebakuntza-gela berri eta anestesia ondoko errekuperazio-eremu bat izango ditu. Horri esker, jarduera kirurgikoa % 50 handitu ahal izango da, Irungo eta Hondarribiko biztanleei ematen zaien asistentzia hobetuz eta modernizatuz
Osakidetzak Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgiko berriko obretarako proiektuaren idazketa lizitaziora atera du. Obrak aurtengo azken hiruhilekoan hasiko dira, eta 24 hilabeteko epea izango dute burutzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak 23 milioi euro inbertituko dituzte proiektu horretan, Irun eta Hondarribiko biztanleentzako asistentzia sanitarioa hobetzeko: 11 milioi euro bloke kirurgiko berri hori eraikitzeko, eta gainerakoa, goi-teknologiako ekipamendua eskuratzeko.
Bloke kirurgiko berria eraikitzea, honek % 50 handituko du ospitalearen jarduera kirurgikoa, Osasun Sailak eta Osakidetzak Bidasorako Osasun Plan Integralarekiko duten konpromisoetako bat da, herritarrei ematen zaien arreta sanitarioa modernizatu eta hobetzeko, bai ospitale-eremuan, bai Lehen Mailako Arretan. Horretarako, osasun-zentro berriak eraikiko dira Irun Erdialdean eta Oinaurre auzoan, eta datozen urteetan, guztira, 50 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo da eskualdean.
Plan Integral hori Eusko Jaurlaritzaren eta Alberto Martínez Osasuneko sailburuaren estrategiaren parte da, Bidasoan asistentziaa sanitarioa sustatzeko, eta horrela herritarrek gehien behar dituzten zerbitzuak berrezartzeko eta finkatzeko. Hala, Osakidetzak Alarde kaleko lokalak gaitzeko eta birmoldatzeko proiektuaren idazketa esleituko du datozen hilabeteetan, aurreikuspenen arabera 2026ko udan, eta bertan Pediatria kokatuko da.
Jarduera kirurgikoa ez da etengo obrek dirauten bitartean
Bloke kirurgiko berria Bidasoko Ospitaleko bigarren solairuan eraikiko da, eta 2.090 metro koadroko azalera erabilgarria izango du. Sei ebakuntza-gelatan banatuko da: lau kirurgia handirako, eta bi kirurgia txiki anbulatorioak egiteko, dagozkien prestaketa kirurgikoko eta bizkorketako eremuekin. Gainera, bertan Anestesia ondoko Bizkorketa Unitatea (ABU) egongo da. Horrez gain, ingresurik gabeko kirurgia-unitatea eta blokerako sarbideak eraikiko dira, eta horrekin kirurgia-eremuaren egungo azalera handitu egingo da, 600 metro koadro baino gehiago.
Bloke kirurgiko berria eraikitzeko lanak egiten diren bitartean, Bidasoko Ospitaleko jarduera kirurgikoa bermatuta egongo da une oro. Obrak martxan daudela, beraz, programatutako jarduera zentroan bertan mantenduko da, eta pazienteek ez dute beste ospitale batzuetara joan beharko arreta jasotzeko.
Horretarako, Osakidetzak eraikin modular bat jarri du kanpoaldean, 600 metro karratu baino gehiagokoa, eta administrazio eta kudeaketa zerbitzuak bertara eramango dira, ospitaleko bigarren solairuan espazioa liberatuz. Bloke kirurgikoaren obrak irauten duen bitartean, eraikin modular horrek harrera, administrazioa eta pertsonen-arreta, zerbitzu-gunea, mediku-bulegoak eta Zuzendaritza hartuko ditu.
Lanak egin ondoren, goi-teknologiako ekipamendua instalatuko da ebakuntza-gela berrietan, eta kirurgia-blokeko gainerako gelak eta unitateak hornituko dira.
Osakidetzaren zuzendaritza-talde berriak, Lore Bilbao buru duela, konpromiso irmoa du Bidasoko osasun-zerbitzu publikoa indartzeko; izan ere, abuztuan bisitatu duen lehen ESIa izan da, eta mediku intentsibista Pedro Morrondo izendatu du bertako zuzendari-gerente berri.