Serrats eta Aztik Tuna Awards irabazi dute Ekonomia Zirkularraren kategorian, “Resaltun” proiektuagatik

0

Serrats eta Aztik Tuna Awards irabazi dute Ekonomia Zirkularraren kategorian, “Resaltun” proiektuagatik

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak zorionak eman dizkie Bermeoko Hijos de Serrats kontserba-enpresari eta AZTI zentro teknologikoari, Tuna Awards 2025 sarietako hirugarren edizioko Ekonomia Zirkularra kategorian irabazleak izateagatik. Sari horiek ANFACO-CYTMAk antolatu ditu, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarekin lankidetzan. Resaltun proiektu irabazlea atunaren balio-kate osoaren jasangarritasuna maximizatzeko ekimen berritzailea da.

Sariak negozio zirkularraren eredua ahalik eta gehien aprobetxatzen duten ekintzak eta garapenak aitortzen ditu, azpiproduktuen balorizazioa eta beste sektore batzuekiko konexioa sustatuta. RESALTUN proiektuak atunaren aprobetxamendu integrala eta elikagai-hondakinak murriztea du oinarri, eta eredu horrek frogatzen du enpresaren eta ikerketaren arteko lankidetzak bidea ematen duela ekoizpen-prozesu eraginkorragoetara, jasangarriagoetara eta ingurunearekiko arduratsuagoetara iristeko.

Hijos de Serrats eta AZTI Bermeo Tuna World Capital (BTWC) aliantzaren kideak dira, Bermeo atunaren jasangarritasunean munduko erreferente bihurtzeko helburu duen nazioarteko aliantza. Nazioarteko aintzatespen horrek agerian uzten du atunaren balio-kateko maila desberdinen arteko lankidetzaren balioa; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren bultzadari esker, eredu ekonomiko jasangarriagoranzko trantsizioan aurrera egiteko aukera ematen du.

Maitane Leizaola BTWCko zuzendari nagusiak adierazi duenez, «RESALTUN proiektuak frogatzen du enpresen, zentro teknologikoen eta sektore publikoaren arteko lankidetzak eragin globaleko berrikuntzak sor ditzakeela, sektorearen lehiakortasuna indartuta eta gure itsasoak babesten lagunduta».

Jaime Zufia AZTIko Prozesu Efiziente eta Jasangarrien koordinatzaileak nabarmendu duenez, «atunaren balio-kateak inoiz baino gehiago behar du efizientzia eta jasangarritasun handiagorantz aurrera egitea. Aitortza hori ez da proiektuaren amaiera, sektoreari benetako balioa emango dioten irtenbide berritzaileak garatzen jarraitzeko bultzada baizik».

Sari horri esker, Euskadiko atun-sektoreak berrikuntzan eta jasangarritasunean duen leku erreferentziala indartzen du, eta nazioartean zabaltzen du eragileek 2030 Agendarekiko eta Garapen Jasangarrirako Helburuekiko duten konpromisoa. Bermeoko Tuna World Capital elkarteko Marine Instruments enpresa ere saritu dute 4.0 Iraultza kategorian. Gainera, BTWCko bazkide diren beste enpresa batzuk ere, Zunibal eta Bolton Food, finalista izan ziren.

“RESALTUN proiektuak, nanofiltrazio-teknologian oinarritua, lehen hondakin zena birbalorizatzen du; horrek, kudeaketa-, garraio-, biltegiratze- eta tratamendu-kostuez gain, ingurumen-inpaktu handia eragiten zuen. Soluzio berritzailea eta ingurumenaren aldetik jasangarria da, aukera ematen baitu, alde batetik, gatzun garbia eta egoera onean dagoena berreskuratzeko, eta, bestetik, lortutako kontzentratu proteikoa balorizatzeko, animalientzako elikagai gisa erabiltzeko edo bio-ongarriak ekoizteko”, zehaztu du Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantzako zuzendariak.

Soroaren arabera, “ekonomia zirkularreko neurri hori konpromiso jasangarriko beste proiektu bati gehitzen zaio. Proiektu horretan, hainbat urte daramatzagu lanean jatorri berriztagarriko energian oinarrituta, fabrikazio-prozesuetarako, aztarna hidrikoa murrizteko edo jatorri jasangarriko lehengaientzat. 2030 Agendak zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuekin lotzeko estrategiaren oinarria da hori”.