Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza-lerro bat jarri du abian basafaunak eragindako kalteak jasaten dituzten nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiei laguntzeko. Ekimenaren aurrekontu osoa 170.000 eurokoa da eta laguntza hauek Bizkaiko erregistro ofizialean inskribatuta dauden eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten nekazaritza- edo abeltzaintza-ustiategien titularrek eskatu ahal izango dituzte.
Laguntzek itxitura eramangarrien erosketa finantzatzeko balioko dute, betiere aldi berean itxitura horien eraginkortasuna indartuko duten tresna elektrikoak erosten badira edo dagoeneko badituztela egiaztatzen bada. Halaber laboreak, larreak eta ganadua babesteko tresna elektriko horiek erosteko dirulaguntzak eman ahal izango dira. Gainera artaldeak babesteko erabiltzen diren mastin txakurren elikadura-gastuak ordainduko dira.
Laguntzak eskatzeko epea 15 egun baliodunekoa izango da, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Diruz lagundutako inbertsioak eskaera egiten den egunetik 2025eko urriaren 15era arte egin ahal izango dira.
Deialdi honen bidez Aldundiak neurriak erraztu nahi dizkie ustiategiei, erasoei aurrea hartzeko eta euren jarduera lurraldean basafauna egotearekin bateragarri egiteko. Interesdunek informazio gehiago jaso eta zalantzak argitu ditzakete servicio.ganaderia@bizkaia.eus helbide elektronikora idatziz.