Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko Monumentu Naturalaren Lankidetza Kontseilua sortzen duen Foru Dekretua onartu du. Organo honen helburua enklabe honen eta bere inguruaren kudeaketan inplikatuta dauden administrazioen arteko koordinazioa indartzea da, esparruaren kontserbazioa eta espazioaren erabilera ordenatua bermatzeko.
Gaztelugatxe Biotopo Babestu izendatu zuten 1998an, eta 2013tik Natura 2000 Sarearen parte da, Kontserbazio Bereziko Eremu eta Hegaztien Babes Bereziko Eremu gisa. 2021ean, era berean, Babes Bereziko Kultura Ondasun moduan aintzatetsi zen, Kultur Paisaia kategoriarekin, eta 2022an Natura Monumentu gisa birkalifikatu zen (lehen biotopo babestua zena), eta horrek bere babes-maila handitu zuen. Bisitari asko hartzen dituela eta eskumenak dituzten administrazioak askotarikoak direla kontuan hartuta lankidetzarako tresna egonkorra behar da.
Kontseilua aholku-emailea izango da eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailari atxikita egongo da. Organoaren zeregina ordezkatutako administrazioen interesak eta jarduerak koordinatzea, haien arteko lankidetza sustatzea eta Gaztelugatxerekin lotutako ekimen komunak adostea izango da. Era berean, inguruaren kudeaketa eta kontserbazioa hobetzen lagunduko duten proposamenak planteatzeko espazioa izango da eta bertan egiten diren ospakizun tradizionalei buruzko informazioa izango du.
Kontseiluko lehendakaria Bizkaiko Foru Aldundia izango da, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko diputatuaren bitartez. Lehendakariordetza Bermeoko eta Bakioko udalen eskuetan egongo da, txandaka. Osoko bilkurak, era berean, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak izango ditu natura, kultura eta itsasertzaren kudeaketa bezalako arloetan
Organo berri honekin Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza-esparru egonkorra eman nahi dio Gaztelugatxeren kudeaketari, espazioaren kontserbazioa bermatzeko eta lekuari lotutako erabilerak behar bezala arautzeko.