Foru Aldundiak Bizkaia Repararen bigarren edizioa abiarazi du, lehenengo kanpainaren arrakastaren eta Europako sariaren ondoren

0

Bizkaia Reparak —Bizkaiko Foru Aldundiak produktuen konponketa sustatzeko eta hondakinen sorrera prebenitzeko bultzatutako ekimena— bigarren edizioa abiarazi du, herritarrek eta saltokiek lehenengo deialdian egin zioten harrera zabalaren ondoren, orduan bonuen % 93 agortu baitziren. Kanpainak, duela gutxi, hondakinen prebentziorako ekimen onenaren Europako lehenengo saria jaso du, eta, bigarren edizioarekin, erreferente bihurtuko da Bizkaian jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren arloan.

Edizio berria irailaren 15ean hasiko da, egun horretan irekiko baita lurraldeko konponketa-saltokiak kanpainari atxikitzeko epea. Prozesu hori urriaren 6ra arte egongo da zabalik. Azaroaren 5etik aurrera, herritarrek aukera izango dute atxikitako establezimenduetan bonuak trukatzen hasteko. Parte hartzeko prozedura aurreko urteko berbera izango da: 10 euroko bonuak, produktu sorta zabal baten konponketen kostutik deskontatzeko.

Lehenengo edizioan, Bizkaia Reparak 94 saltoki inplikatzea eta 1.862 kontsumitzaile erakartzea lortu zuen, eskuragarri zeuden 5.000 bonuetatik 4.650 erabili baitzituzten; hau da, bonu guztien % 93. Parte-hartze horri esker, 14 tona etxe-ondasun inguru berreskuratu ahal izan ziren, zeinak konpondu ez balira hondakin bihurtuko baitziren. Eskaera gehien jaso zuten sektoreak ehungintza; erlojugintza eta bitxigintza; informatika, eta oinetakoen eta larruzko produktuen konponketa izan ziren.

Kanpainak agerian jarri zuen aukera bikoitza dela: batetik, herritarrentzat, konponketak kostu txikiagoan eskaintzen baititu, eta, bestetik, tokiko establezimenduentzat, euren jarduera bultzatu eta negozio-aukera berriak sortzen baititu.

Europako aintzatespena

Bizkaia Repararen ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-inpaktuak nazioarteko aintzatespena jaso zuen joan den ekainean. Bizkaiko Foru Aldundiak administrazio publikoaren kategoriako Europako lehenengo saria jaso zuen, Hondakinen Prebentzioaren Europako Asteko (EWWR) sarietan; edizio horretan, 12.700 hautagai baino gehiago ebaluatu ziren. Epaimahaiak kanpainaren sormena eta berrikuntza nabarmendu zituen, bai eta kontsumo arduratsuagoa sustatzeko gaitasuna ere.

Bizkaia Repara Bizkaiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Planaren parte da. Plan horrek produktuak konpontzearen eta berrerabiltzearen eta hondakinak murriztearen alde egiten du, garapen jasangarriko eredu baten zutabe gisa. Bigarren edizio honekin, Bizkaiko Foru Aldundiak berretsi egiten du xahutzearen aurkako borrokarekin eta kontsumo-ohitura jasangarriagoak sustatzearekin duen konpromisoa.