Laguntzen deialdi berriek erakundeen arteko gaikuntza eta lankidetza sustatuko dute, berrikuntza, gizarte kohesioa eta kalitatezko enplegua sortzeko
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak beste bi laguntza deialdi onartu ditu, 1.177.000 eurokoak guztira, Euskadiko gizarte ekonomian prestakuntza, dibulgazioa eta ikerketa bultzatzeko, baita enpresen arteko lankidetza sustatzeko ere.
910.000 eurokoa da gizarte ekonomiaren prestakuntzara, dibulgaziora eta ikerketara bideratutako deialdia. Laguntza horiei esker, kooperatibetako kideentzako berariazko prestakuntza ekintzak finantzatuko dira, hezkuntza maila guztietan unitate didaktikoak diseinatu, egin eta ezarriko dira, eta praktika dualak egiteko enpresak identifikatuko dira.
Dibulgazioaren esparruan, argitalpenen edizioa finantzatuko da, bai eta gizarte ekonomiaren zeregina agerian utziko duten jardunaldiak eta ekitaldiak antolatzea ere. Gainera, iraunkortasunean, garapen ekonomikoan eta gizarte berrikuntzan oinarritutako unibertsitate ikerketak bultzatuko dira, kooperatiben balio demokratiko eta solidarioen zabalkundean arreta berezia jarriz, hain justu ere, 2025ean, NBEk aitortutako Kooperatiben Nazioarteko Urtea ospatzen denean.
Bestalde, 267.000 euro erabiliko dira enpresen arteko lankidetza bultzatzeko, lankidetza proiektuak, enpresen bat egiteak, empresa egitura berrien sorrera, estrategien diseinua eta erakundeen arteko akordioak finantzatzeko, bai eta gizarte ekonomiak euskal ekonomian duen eragin positiboa ezagutarazteko hedapen jarduerak finantzatzeko ere.
Ekimen horiekin, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak berretsi egiten du eredu ekonomiko demokratiko, inklusibo eta iraunkorrago baten aldeko apustua, kalitatezko enplegua sortzen, empresa sarea indartzen eta gizarte ekonomiako erakundeen lehiakortasuna hobetzen laguntzen duena. Deialdiak bultzada erabakigarria dira pertsonen prestakuntzarako, enpresetako berrikuntzarako eta erakundeen arteko lankidetzarako, Euskadi gizarte ekonomiaren esparruan erreferente gisa sendotuz.
Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus/egoitza-elektronikoa)aurkeztu beharko dira eskabideak, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Eskabide eredua web orri horretan bertan egongo da eskuragarri. Sei hilabeteko epean ebatziko dira eskaerak.






