Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saila Eslovenia eta Austria arteko mugaz gaindiko trenera igo da

0
  • Sailburuordeak Ljubljana eta Villach hirien arteko bidaia egin du
  • Zailtasun teknikoak izan arren herrialde desberdinen arteko interkonexioaren aukera egiaztatu du

Esloveniara joan den Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Saileko ordezkaritzak Austriako Villach hiritik Esloveniako Ljubljana hiriburura bidaiatu zuen atzo arratsaldean trenez. Ibilbide horren balioa, zailtasun teknikoak gorabehera herrialde desberdinen arteko trenbide interkonexioaren aukera in situ egiaztatzea zen.

Miguel Ángel Páez Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordea, Loly de Juan Garraio Azpiegituretako zuzendariarekin eta Sara Barreal Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiako zuzendariarekin batera, Ljubljanan dago egunotan, mugaz gaindiko mugikortasun jasangarria sustatzeko Crosusmob proiektu europarraren esparruan. Euskadik, Euskal Trenbide Sarearen bidez, bazkide nagusi gisa hartzen du parte proiektu horretan, Europako beste bost herrialdetako erakundeekin batera.

Mugaz gaindiko lurralde garraioko beste administrazio batzuetako arduradun eta teknikariekin sektore anitzeko bileretan parte hartu ondoren, arratsaldean Esloveniako hiriburutik Villachera joan ziren autobusez, herrialde desberdinetako bi hiri lotzen dituen trenean itzultzeko. Ibilbide hori mugan tren-makina aldatuta egiten zen duela urte batzuk, baina orain makinak ordezkatzea saihesten duen eta arazo teknikoak gainditzen dituen sistema anitzeko tren batekin egiten da. Arazo horien artean bi herrialdeetako katenarietan erabiltzen den korronte desberdina edo seinale desberdinak daude, besteak beste, Esloveniako tren arloko agintariek azaldu zutenez.

Ljublijanako geltokira iristean, bisitariek terminala handitzeko obren nondik norakoa egiaztatu ahal izan zuten. Lanak amaitzen direnean, terminala intermodal bihurtuko da, beste garraio publiko batzuk jasoko baititu bere instalazioetan, autobusak, taxiak eta bizikletak, besteak beste.

Topaketak gaur goizean amaituko dira, Frantziako, Esloveniako, Hungariako, Alemaniako eta Herbehereetako mugetan dauden Europako beste bost lurraldetako ordezkarien arteko bilera gehiagorekin. Estrategiak bateratuz eta esperientziak elkartrukatuz, guztiek lurralde eta nazio mailako politikak hobetzea bilatzen dute, Europako Trenbide Espazio Bakarra ezartzeko, oztopoak baztertzeko eta merkatua eragile eta zerbitzu berriei zabaltzeko.