Hezkuntza Sailak irakasleen bitartekotasuna murriztearen eta egonkortze-prozesuak hobetzearen alde egiten jarraitzen du.
3.000 pertsona bildu dira BECen, Hezkuntza Sailak deitutako Lan Eskaintza Publikoaren probak egiteko. Horrek aurrerapen handia ekarriko du irakasleen egonkortzean. 1.268 plaza dituen EPE berri hau Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako kidegoetako profesionalei zuzenduta dago. Prozesuan plaza bat eskuratzen duten profesionalak sartzeak bitartekotasuna murrizten jarraitzea ahalbidetuko du. Bide hori 2022an hasi zuen Hezkuntza sailak eta orain arte 4.542 irakasle egonkortu dira. Pozesu horren ondoren beste 1.268 funtzionario izatea ekarriko du.
Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburua eta Blanca Guerrero Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea BECeko 5. pabiloian egiten ari diren azterketen hasieran izan dira gaur. Pedrosak adierazi duenez, «prozesu honekin konpromiso argi bati eusti diogu: gure irakasle-taldeei egonkortasuna emateri eta hezkuntza-sistemaren kalitatea indartzeari alegia. Egonkortasuna ez da laneko kontua soilik, proiektu pedagogikoetan jarraitzeko eta ikasleei arreta hobea emateko bermea ere bada».
Deialdi honen berrikuntza nagusia egutegi aldaketa izan da. Antzeko beste prozesuetan azterketak ekainean egiten dira, eta, ondorioz, udan presaz, zuzenketak egin behar izaten dira eta hautagaiek probak ikasturte osoan prestatu behar ohi dituzte. Azterketa eguna irailera aldatzean, irakasle hautagaiek oporraldia baliatu ahal izan dute ikasteko, eta epaimahaiek denbora gehiago izango dute lasai ebaluatzeko, ikasturtean zehar. Horrek esan nahi du oposiziogileentzako prestakuntza egokiagoa izango dela, epaimahaien zuzenketa zorrotzagoa izango dela eta, azken batean, prozesu osoaren kudeaketa ordenatuagoa egiteko aukera izango dela.
Gaur goizean 27 espezialitate ezberdinetako azterketak egingo dira: Euskara eta Literatura, Gaztelania eta Literatura, Matematika, Fisika eta Kimika, Marrazketa, Teknologia, Ingelesa, Heziketa Fisikoa, Informatika, Enpresen Administrazioa, Antolaketa eta Kudeaketa Komertziala, Fabrikazio Mekanikoko Antolaketa eta Proiektuak, Sistema Elektroteknikoak eta Automatikoak, Kudeaketa Administratiboko Prozesuak, Prozesu Komertzialak, Instalazio Elektroteknikoak, Ekipo Elektronikoak, Sistema eta Aplikazio Informatikoak, Geografia eta Historia, Ekonomia, Musika, Filosofia, Hezkuntza Orientazioa, Laneko Prestakuntza eta Orientazioa, Biologia-Geologia, Energia Sistemen Antolaketa eta Proiektuak eta Analisi eta Kimika Industriala.
Pedrosak gaineratu duenez, «zentzu honetan egiten dugun urrats bakoitzak konfiantza handiagoa ematen die familiei, segurtasun handiagoa irakasleei eta kalitate handiagoa sistemari. Deialdi berriak bultzatzen jarraituko dugu, hezkuntza-sistema sendoa eta kohesionatua eskuratzeko, ikasleak beti baititugu jomugan».