- 10 dokumentu horiek hainbat gai barnebiltzen dituzte; horrekin Eusko Jaurlaritzak bere etxeko lanak eginak izango ditu eta «pilota Moncloako teilatuan geratuko litzateke”, Ubarretxena sailburuaren esanetan
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan.
Elkarrizketan sailburuak transferentziei buruzko negoziazioak eta Estatutu Berria izan ditu hizpide.
Langabezia-prestazioaren eta langabeziagatiko sorospenaren kudeaketarekin lotutako eskumenak lortu izanaren inguruan galdetuta, Ubarretxenak adierazi du: «onuradun nagusiak herritarrak izango dira, lan-eremuarekin lotutako izapide eta kudeaketa guztiak leihatila bakar batean egin ahal izango dituztelako eta horrek aukera emango du jarraipen askoz ere indibidualizatuagoa ere egiteko».
Eskualdatzeke dauden eskumenak, 10 dokumentutan
Ubarretxenak aurreratu du Madrilera itzuliko dela datozen asteetan, eskualdatzeke dauden eskumenen inguruan lanean jarraitzeko. «Datorren astean aireportuen arloko lehen Batzordea egingo dugu, eta urriaren hasieran bilera bat itxiko dugu ministroarekin, Estatutua osatzeko 10 proposamen zehatzak helarazteko; 10 dokumentu horiek hainbat gai barnebiltzen dituzte, eta, horrekin, Eusko Jaurlaritzak bere etxeko lanak eginak izango ditu eta pilota Moncloako teilatuan geratuko litzateke», adierazi du Ubarretxenak. «Akordioa dugu Gobernuarekin, bi aldeoi eragiten digun akordioa eta guk emandako hitza bete egiten dugu eta gure esku dagoen guztia egiten ari gara adostutakoa betetzeko», berretsi du.
Estatutu Berriari dagokionez, Ubarretxenak goi-mailako politika eskatu du, «uste dut enpatia politikoa, erantzukizuna eta herri sentimendua izan behar ditugula Euskadirentzat hain garrantzitsua den gai honi heltzeko, ahalik eta akordiorik zabalena lortu dezagun; alderdi politikoek alderdikeriak alde batera utzi beharko lituzketela uste dut, daukagun tresnarik preziatuenaz hitz egiten ari garelako», gaineratu du. Ildo horretatik, gogorarazi du negoziazio-prozesua Legebiltzarrari dagokiola, organo legegile eskudunari, alegia, «ez genioke eskumenik kendu behar organo horri, non, gainera, indar politiko guztiak dauden ordezkatuta; gu beti saiatu gara elkarrizketa sustatzen, eta, horregatik, Lehendakaria ekainean batzartuko da berriro ere talde politikoekin, eta nire saileko ateak ere zabalik dituzte laguntzarik behar izanez gero, baina negoziazioa alderdi politikoei dagokie», berretsi du. Ubarretxenak espero du ahalik eta akordiorik zabalena lortzea, Euskadik tresna berri bat izan dezan, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Desburokratizazioa eta gardentasuna
Administrazioa desburokratizatzea eta arintzea da Ubarretxena buru duen sailaren helburu eta lehentasun nagusietako bat. Sailburuak azaldu duenez, prest dute Administrazioa Arintzeko Legearen testu-zirriborroa, pertsona eta enpresei Administrazioarekin egin beharreko izapideak erraztea helburu duena. «Prozesuak automatizatu nahi ditugu eta Administrazioa proaktiboagoa bilakatu, datuak eta dokumentuak behin bakarrik eskatzeko edo, are gehiago, dokumentuak automatikoki betetzeko, Administrazioak dagoeneko bere eskuetan dituen datuekin», azaldu du.
Gardentasunaren Legeari dagokionez, Ubarretxenak aipatu du Legebiltzarrean dagoela, zuzenketak aurkezteko prozesua zabalik dagoela eta urrian amaituko dela prozesu hori. «Indar politikoen artean akordio bat egotea espero dugu; aukera paregabea dugu gardentasunaren arloan abangoardian jarriko gaituen lege-proiektu bat aurrera ateratzeko, Gardena, Gardentasunaren Euskal Agintaritza sortuz, lehen aldiz zigortzeko ahalmena izango duena; legea hainbeste behar dugun kalitate demokratikoa sendotzeko eta sakontzeko tresna bat gehiago izango da» amaitu du.